Apokalipsi birtuala
Sei ordu luze eman ditugu Whatsapp, Facebook eta Instagram gabe. 360 minutu, izen txotxoloak dituzten taldeetara mezurik bidali gabe. 21.600 segundo, modako kalean ateratako selfierik igo gabe. Egun laurden bat, kalean agurtzen ez duzun institutuko klasekide ohiak bere horman zer publikatu duen ikusi gabe. Kaosa sortu da New Yorketik hasi eta Bilboraino, eta komunikabide guztietan agertu da albistea. Munduko biztanleriaren erdiari eragin dio itzalaldiak eta agerian geratu da aplikazio hauekiko daukagun dependentzia. Atera kontuak. Erabiltzaile askok beldurra, antsietatea eta estresa sentitu dute eta mundu hiperkonektatu honen parte ez izatearen beldurrez, Telegram, TikTok eta beste aplikazio batzuk deskargatzen hasi dira.
Baina igaro dira sei orduak eta bizirik atera gara. Izan ere, dagoeneko ahaztua dugun arren, duela ez urte asko deskonektatuta bizi ginen. Mugikorrik ez genuenean, lagunen etxeetako telefonoak buruz ikasten genituen. Instagrameko filtroekin milioika argazki ateratzen ibili ordez, albumetan betirako gordetzen genituen argazkiak errebelatzen genituen. Eta lagunekin kafea hartzean bakoitza bere mugikorrari begira egon ordez, elkarrekin berbetan aritzen ginen. Irratia piztu arte ez genuen jakiten Haitin lurrikara bat gertatu zenik. GPS barik, kalean aurkitzen genituen pertsonei galdetzen genien nola irits gintezkeen toki jakin batera. Eta Googlen begiratu ordez, apustuak egiten genituen hiriko eraikin altuenak zenbat metro dituen asmatzeko. Haurtzaroko eta nerabezaroko milaka oroitzapen on dauzkat eta mugikorrak ez dira oroitzapen horietan agertzen.
Nire lanaren eraginez, une oro konektatuta bizi naiz. Goizean egiten dudan lehenengo gauza mugikorra begiratzea izaten da. Gauean egiten dudan azkenengo gauza ere bai. Diru-zorro barik atera naiteke etxetik, baina ez mugikor barik. Azken orduko albisteren bat dagoenean, dozenaka komunikabideren alertak iristen zaizkit. Eta lan asko daukadan egunetan, pantailara itsatsita igarotzen dut eguna.
Beraz, aitortu behar dizuet labur egin zaizkidala sei ordu horiek. Denboran atzera egin izan banu bezala, mugikorra albo batera utzi eta arnasa hartzeko aprobetxatu dut. Pantailara barik, ingurura begiratu dut. Candy Crushera jolastu ordez, umearekin jolasean aritu naiz. Eta postureo itxurako irribarrea jarri ordez, benetako barre algarak egin ditut. Batzuentzat apokalipsi birtuala izan den itzalaldi hori paradisu analogikoa izan baita niretzat.