Trukoa ala tratua
Ameriketako kalabazek inbaditu gaituzte. Halloween gaua da gaurkoa, eta New Yorken eta Los Angelesen ez ezik, Donostian eta Iruñean ere mozorrotuko dira umeak. Pelikuletan eta Youtuben ikusten dutena imitatuz, sorgin eta garezur jantziak soinean jarri eta “trukoa ala tratua” oihukatuz, gozoki bila aterako dira. Izan ere, zenbat gustatzen zaigun Estatu Batuetatik datorren guztia imitatzea!
Halloween iritsi aurretik, baina, gure arbasoek Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen zuten. Bermeoko eta Debako umeak bizilagunak izutzen ibiltzen ziren azaroan. Kalabazak, patatak eta arbiak hustu, begien eta ahoaren forma egin eta kandela bat sartzen zuten barruan. Eta helduei susto itzelak ematen zizkieten, barazkiak barik izpirituak zirelakoan. Are gehiago, herri batzuetan, umeak etxerik etxe eskean joaten ziren. Gozokirik ez zuten jasoko, baina gaztainak eta beste kutixi batzuk bai.
Euskal ohitura hori izanda, beraz, zergatik jarraitzen dugu Halloween ospatzen? Badirudi Estatu Batuetatik datorren guztia hobea dela. Zenbat eta azentu yankiagoa izan, orduan eta hobeto. Baina konturatu barik, gure bizitza amerikartzen ari gara. Tabernetako barrak pintxo gozoz beterik dauden arren, McDonald'seko hanburgesa koipetsua jaten dugu. Eta Euskal Herriko erakustazokarik handienari Bilbao Exhibition Centre deitzen diogu, nahiz eta euskaldun askok izen hori esaten ere ez dakiten.
Imitatzen dugun herrialdean bizita, pena ematen dit ikusten ari naizenak. Herrialde bakoitzak bere tradizioak dauzka eta horrela izaten jarraitu beharko luke. Esker-emate Eguneko indioilarra baino, askoz nahiago ditut Gabonetan mahaiaren bueltan izaten ditugun karakolak, zapoa eta turroiak. Olentzero beti iruditu zait Santa Claus baino atseginagoa. Eta Halloween kontsumistak baino xarma bereziagoa dauka Gau Beltzak. Europako hizkuntzarik zaharrena dugu, gure herri-kirolek ez dute parekorik munduan, bertsolaritzak aho zabalik uzten ditu nazioarteko adituak eta euskal zinemak eta literaturak mugak gainditu dituzte.
Gero eta herri gehiagotan ospatzen dituzte Gau Beltza eta Arimen Gaua. Baina oraindik ere asko falta da Halloween guztiz baztertzeko. Beraz, trukoak utzi eta egin dezagun tratua: has gaitezen, benetan, gure ohiturei, kulturari eta hizkuntzari duten balioa ematen. Ez dugu tradiziorik eta festarik inportatu behar. Txikiak izan arren bakarrak garelako munduan.