Alessandro Ruta
ARRUNTASUNAREN ZIRRARA

Dostoievski, gutariko bat

1821eko azaroaren 11n jaio zen Fedor Mikhailovitx Dostoievski. Nahiz eta bere nobeletan gai sakonak jorratu, idazlea bera oso pertsona arrunta zen, arazo ugari zituena eta hamar urtez preso egona.

Errusiako literaturak askotan beldurra ematen du. Jatorrizko hizkuntza ez da hain argia, adibidez, eta nobelen gaiak gogorrak izan ohi dira. Har dezagun Lev Tolstoi, esaterako: “Gerra eta bakea” edota “Anna Karenina” ez dira soilik liburuak, tratatuak baizik. «Familia zoriontsu guztiak antzekoak dira; zorigaiztoko familia bakoitza, aldiz, bere erara da zorigaiztokoa». Hori da “Anna Karenina”-ren hasiera: Ahaztezina eta eraginkorra. Egia? Gezurra? Irakurtzen jarraitzeko gogoa daukagu, baina kosta egingo zaigu.

Dena den, Tolstoi maila jakin bateko pertsona zen: aberatsa, ederra eta noblea. Idazten zuenean, bere ikuspuntu orokorra erakusten zuen: horregatik bukatu zuen bere bizitza irakasle edota guru gisa. Turgenevek (“Aitak eta semeak”, nihilismoaren manifestua) eta Gontxarovek (“Oblomov”) ere –beste idazle nagusi pareak– bizitza erosoa izan zuten. Bulgakov ere pertsona jantzia zen (“Maisua eta Marguerita”, “Txakurraren bihotza”); izatez medikua zen.

Beldurra ematen digu, beharbada, Errusiako literaturak, baina ezin eztabaidatuzko xarma ere badauka. Gure barrenera begiratzen duen literatura onenetakoa da, nahiz eta oso “gaztea” izan, XIX. mendean Puxkin eta Gogol-ekin hasi zen bezala. Errusiera erabili zuten aurreneko idazleak ziren, lehenago frantsesa baitzen hizkuntza “ofiziala” literaturan.

Fedor Mikhailovitx Dostoievski, nazioarteko literaturako idazle handienetako bat, orain dela 200 urte (1821eko azaroaren 11n, hain zuzen) jaio zen. Baina Tolstoi ez bezala, Dostoievski gutariko baten parekoa zen, oso pertsona arrunta: maiz pentsatzen dugu artista zoragarri bat super-gizon (edo super-emakume) bat izango zela, baina kasu honetan ez zen halakorik bere irudiaren atzean.

Heriotza ikustea. Dostoievskiri buruz hitz egiten dugu gaur egun ere, baina ezin dugu ahaztu gizona hiltzeko zorian egon zela bere maisulanak argitaratu aurretik. Oraindik zaila da ulertzea zergatik ezarri zioten Fedor gazteari heriotza-zigorra, baina 1849an oso erraza zen nolabait legearen kontra aritzea, garai hartako tsar-en Errusian. Zerbait “iraultzailea” irakurtzea, jendaurrean, nahikoa zen horretarako: atxiloketa, epaiketa eta heriotza-zigorra.

Hori izan zen Dostoievskik hartu zuen azken bidea: aurrekoak ez ziren hobeto bukatu. Ingeniaritza ikasketak burutu zituen, baina ez zuen gustuko; beraz, itzultzaile lanetan jardun zuen; George Sanderen lana itzuli zuen, adibidez. Zoritxarrez, ordea, lan hori dagoeneko egina zegoen, Errusian Frantziako literatura oso ezaguna zelako.

Lehen porrota izan zen hura, baina ez azkena. Bere anaiarekin egunkari bat sortu nahi izan zuen: hor bigarren erorikoa. Zergatik ez eleberri bat idatzi, orduan? “Jende gizagaixoa” izango zen bere lehenengo emaitza. Eta munduaren aurrean jarri zuen lan horrek Dostoievski.

Kanpoko itxurak ez zuen idazlea deigarri egiten. Paolo Nori italiarrak, Errusiako literaturan aditu handienetakoa denak, bere azken liburuan (“Sanguina ancora”) azpimarratzen duenez, Fedorrek «itxura hutsala zuen, traketsa, burusoila zen, makurra, zaharra zirudien, baita gaztaroan ere; gaixoa zen, nahasia, kontraesankorra eta etsia». Gaixoa bazen bederen, tuberkulosiaz eta epilepsiaz eria baitzen.

1846an “Jende gizagaixoa” lana plazaratu eta arrakasta izan zuen. Hurrengo urteetan hiru lan idatzi zituen, baina ez zuten arrakasta berbera izan eta kritikak gogor astindu zituen idatzitako obrak.

Depresio prozesu batean sartu zen orduan eta handik gutxira atxilo hartu zuten, talde liberal bateko kide izateagatik eta Nikolas I.a tsar-aren kontra konspiratzea leporatuta.

Dostoievski eta taldekideak heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Azken agurrak eta azken pentsamenduak idatzita, 1849ko azaroaren 16an, fusilatze lerroan jarri zuten beste kideekin batera. Azken momentuan, ordea, zigorra “altxatu” zioten, baina ez barkatu. Idazlea Siberiara bidali zuten lan behartuetara, preso politiko gisa.

Ezagutzen dugun Dostoievski bertan jaio zen, heriotzaren aurpegia ikusi eta gero: arimaren irakurlerik handienetakoa literaturan.

Lurpetik. «Gizarte baten zibilizazio maila bere kartzelaren arabera neurtzen da», irakur dezakegu “Krimena eta zigorra”-ren orrialde batean. Beste esaldi esanguratsu bat: “Ni intsektu bat naiz edo Napoleon Bonaparte bezalakoa naiz?”. Rodion Raskolnikov nobelako protagonistak aipatzen du hori.

Mutil horrek uste du heroi bat edota legearen gainetik dagoen pertsona bat dela. Pentsatzen du munduari mesede bat egin diola, baina Raskolnikovi funtsean geratzen zaiona da bere sentimenduak hutsik dituela. Urduri dago eta beldurtuta: Napoleon ez da izango, baina intsektua? Hori barneratzeko emakume baten laguntza beharko du.

Dostoievskiren bizitzan ere emakumeak oso garrantzitsuak izan ziren; zehazki, bere bigarren emaztea eta bere alaba.

Raskolnikov pertsonaia erraldoia da, neurrigabea, titanikoa, XIX. mendeko literaturan asko erabilitako irudia betetzen zuena; Lord Byron-etik Jules Verne-ra, Friedrich Nietzscheren “super-gizoneraino”: adibide orokorra eta eraginkorrena, dena den, Napoleon Bonaparte izan zen, parvenu (etorri berri, aberats berri) bat Europako dominatzaile (Errusian izan ezik, ironikoki).

Denok izan gara, momenturen batean, Raskolnikov bezalakoxeak: legea bera zalantzan jartzea eta mundua hobetzen –edo konpontzen– saiatzea noiz edo noiz gertatu izan zaio norbanakoari.

Dostoievskiren eragina nabarmena izan da literaturan, baina beste diziplina batzuetara ere iritsi da; zinemara, esaterako. Woody Allen zinema-zuzendariak “Krimena eta zigorra” lana hartu zuen oinarri “Match Point” filmaren hezurdurarako. Eta protagonista Raskolnikov moderno bat da.

Dostoievskiren obrak zuzen-zuzenean arakatzen du irakurlearen barrua; psikologiaren alorretik hainbat ertz aztertzen ditu idazleak bere obra osoan zehar, baita bere baitako kezka, beldur eta uste sakonenak ere. “Lurpetik oharrak” lanean, esaterako, idazleak barne hausnarketak partekatzen ditu, bere buruarekiko duen usteari buruz: «Gizon gaixo bat naiz. Gizon okerra naiz. Gizon desatsegin bat». Agian bere lanik onena da entsegu-eleberri hori, misterioz beteta San Petersburgon gauzatzen dena.

Oro har, idazle errusiarrak zoritxarrari erreparatu zion, baina horri alde ona ateratzeko indar eginez. Adituak eta kritikoak ados daude Fedorren lanik onenak momentu txarrenen ostean etorri zirela, alabaren heriotzak edota krisi pertsonalek eraginda.

“Krimena eta zigorra” izan zen esanguratsuenetako bat, baina ez bakarra. “Ergela” izan liteke azpimarratu beharreko beste bat; edo “Jokalaria”, oso autobiografikoa den nobela (Dostoievski jokalari amorratua zen; batez ere, erruleta zalea), hilabete batean idatzia; eta “Karamazov anaiak”, beharbada bere benetako arrakasta bakarra.

Guztietan, gai existentzialak: Jainkoaren existentzia, fedea edo aitaren heriotza, esaterako. Erabateko egunerokotasuna agertzen zuen, edonoren bizitza, baina era publikoan: oso ausarta izan zen errusiarra.

Zoritxarrez, “Karamazov anaiak” argitaratu eta gutxira hil zen Dostoievski, 1881ean. Azken burla; hainbeste denbora arrakasta edo egonkortasuna lortzeko... eta gerora ezin gozatu. Hau ere oso gurea da, ezta? Oso enpatikoa ere bai.

Horregatik, Dostoievskik ezin digu beldurrik eman irakurle gisa, nahiz eta bere istorioak gure istorioak ere izan daitezkeen.