Galder Perez
IRITZIA

Biba Bira

Garai batean harresiak zeuden tokian askatasuna, sormena eta alaitasuna bizi dira gaur. Erronda kalea, Bilboko Zazpikaleetan egon arren, ez da zazpi kaleetako bat. Harresiaren ondoan, zazpi kale horiek, hiri zaharra; zaintzeko erronda bertan egiten zutelako dauka Erronda izena kaleak. Gaur egun bestelako errondak egiten dira bertan, kutsu militarrik gabekoak, parranda girokoak. San Anton eliza, bere zubi eta garai bateko porturako bidea ere bazen karrika hau. Erronda kalea orain bestelako marinelak ditu, kulturgileak eta kulturzaleak. Gaur egun existitzen ez diren garitoen kalea ere bazen, Gaueko mitikoa tarteko. Gazte ginela desagertu zen, baina gogoan ditugu oraindik bertan bizitako punk zein rockabilly kontzertuak eta gau lisergikoak. La Villa eta Lasai tabernetan ere ordu asko egindakoak gara eta baita zutik dirauen Errondabiden ere. Orduan ez genion horrenbeste garrantzi ematen anbulatorioari eta egun Erronda kaleko ezinbesteko ikurra da. Baina Erronda kalean, ezinbesteko lekurik bada, hori Bira Kulturgunea da hori. Kalean bertan eta Zazpikaleetan, eta baita Bilbo osoan ere erreferentea.

Beste hirietako alde zaharretan bezala, Bilbon ere alde zaharraren eraldaketa negargarriaren lekuko gara. Koloreetako aterkien atzetik dabiltzan turista uholdeentzat alfonbra gorria jartzen den bitartean, betiko bizilagunek eta merkatari txikiek beste tokietara eraman behar dituzte etxeko alfonbra eta aterki zaharrak. Bira Kulturgunek ez dauka alfonbra gorririk, persiar itxurakoa baizik, non eta eszenatokian. Alfonbra horren gainean zenbat kontzertu, hitzaldi, antzerki, prentsaurreko, eztabaida, poesia errezital, liburu aurkezpen, bertso saio, bingo, performance eta desfase. Aurrean duen espazioan hainbat dantza klase eta dantza suelto. Mahai inguruetan hamaika algara eta barre. Hormetan erakusketa pila eta ateak irekiak edozein euskal sorkuntzari paradisu txikia eskaintzeko.

Bira Kulturgunearen moduko egitasmoen inoiz baino behar handiagoa du gaur egungo Bilbok. Transformazioa etengabea bizi du Birak lo hartu barik. Harresirik gabekoa trantsituan biraka doa Bira, Transilbania bihurtu arteko lekua da. Alaitasunez, umorez eta jatortasunez beti kulturgune honek bibaka jarraitzen du, bere burua etengabe berrasmatzen jakin izan du eta badaki. Bost urte bete berri ditu Biba bezala jaio eta egun Bira Kulturgunea izena eta izana duen espazioak eta egitasmoak. Urte askotarako izatea desio dugu. Zutik eta bizirik mantentzeko lan handia egiten jarraitu beharko da eta erronda egiten den bitartean kulturari birak ematen jarraitu beharko da. Baina beti lanean egotea itzel kaltegarria denez gero, orain jarrai dezagun ospatzen eta alai ozen esaten biba Bira!