Aingira: itzaltzen ari den misterioa
Urteroko kontua da. Gabonak gerturatu ahala, ahoz aho dabilen arraina da angula, nahiz eta gutxik ahoratuko duten. Dela bere salneurriagatik, dela bere populazioak bizi duen kinka larriagatik, aingira-kumeek euren telebistako kuota eskuratuko dute egunotan. 12 zentimetro eskas dituen arraintxo hau jateko gutiziaren atzean, baina, urtetik urtera geroz eta eskasagoa den animalia misteriotsu bat ezkutatzen da: aingira europarra.
Angula arrantzale profesional batekin hitzordua jarri eta udazken gau batez arrantzara joatea historian atzera egitea bezalakoxea da, plastikozko mundu honetan hezur-haragizko esperientzia bat. Goizeko hirurak aldera elkartu gara Jean-Joseph Gatelier arrantzalearekin Sainte-Marin-de-Gosse herrixkan. Autoz bost bat minutura du bere “Espoir” itsasontzi txikia, Aturri bazterrean lotua. Ibaiaren alde batean Gaskoinia, eta bestean, berriz, Gixune, Bidaxune, Samatze, agaramontarren gaztelu zaharra... “Xarnego” esaten dioten lurraldean arrantzatuko dugu gaur, gaskoia eta euskara nahasten diren ur zatian.
Salabardoak uretan sartu aurretik, ordea, gure lehen arrantzak kutsu etimologikoa izan du; Jean-Josephek “pibale” deitzen die angulei. Jatorriz hitz gaskoia edo okzitanierazkoa izanagatik, Lapurdin eta Nafarroa Beherean ere euskaldun askok bere egin duten deitura da. Hego Euskal Herrian, berriz, “angula” hitza nagusitu da azken boladan, nahiz eta izaki garden eta labainkor honek badituen deitura gehiago. Orioko amona zahar batek horrela zioen duela ez horrenbeste: «Gure ezagueran angula deitzen zaio, baina aurreko zaharrek txitxardin esaten zioten». Hiru izen, beraz, izaki bakar batentzat: pibala, angula eta txitxardina.
Hiru eta erdietan motorra piztu eta Aturrin gora abiatu gara angula bila. Harrigarria da, baina Baionako barratik 40 bat kilometrora arrantzatuko dugu gaur. Senak dio itsaso zabaletik datorren arrain bat arrantzatzeko ozeanotik urrutiegi gaudela, baina oker gabiltza: itsas mareen eragina Akizeraino (Dax) heltzen da, eta mareekin batera, angulak.
Hain zuzen ere, Aturri ibaian angulak arrantzatzeko baimena duten 40 arrantzale profesionaletariko bat da Jean-Joseph. Azaroan hasi zen sasoia eta martxoaren 31 arte du arrain preziatua arrantzatzeko baimena. Orotara, Aturrin 3.250 angula kilo harrapa ditzakete aurten; %40 giza kontsumorako dira eta beste %60, birpopulatzeko. Kalkulagailua eskuan hartuta, aurten gizakiok Aturriko 1.300 kilo angula jango ditugula ondoriozta daiteke, eta kasik guztiak Hego Euskal Herrian kontsumituko direla ere badakigu. Bai Jean-Josephek bai Aturriko angula arrantzale profesional kasik guztiek Hego Euskal Herrian saltzen dute euren lanaren fruitua. Zehazki, aurten kiloa 400 euro inguruan salduko dute. Hortik aurrerakoak merkatuaren legeari dagozkion jira-bueltak dira.
Artisau arrantza da Jean-Josephena. Motorra izan ezik, karelean ez dago bestelako tramankulurik, edo ez behintzat, motordun tresneriarik. Teknologia berririk ere ez, bost metro luze dituen “Espoir” itsasontzian. Salbuespena Aturriko arrantzale guztiek derrigorrez soinean daramaten sakelakoa da. Aplikazio digital baten bidez aitortzen dituzte arrantzatutako angula guztiak; izan ere, tokian tokiko agintarien kontrola zorrotza da oso eta ez da harritzekoa, angulen populazioa behea jota baitabil azken urteotan. Pentsa, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak galzorian dagoen espezie gisa sailkatu du aingira europarra.
Aurtengo angula sasoia ere hala moduz hasi da, baina itxaropena ez da inoiz galtzen eta Aturriko bere txoko kuttunean kokatu du itsasontzia Jean-Josephek. Legeak hala agintzen duenez gero, aingura popatik bota eta ibai erdian arrantzatuko dugu gaur, geldirik, egonean. Ababorrean eta istriborrean salabardo bana jartzeko eskubidea dute Aturriko angulariek eta halaxe egin du gure protagonistak ere. Barku azpian, berriz, hiru bat metroko sakonera. Hondotik ibiltzeko bahe borobil zabalak erabiltzen ditu Jean-Josephek, kirten luzedunak. Arrantza sistema sinplea da oso: kirtenak karelean ongi tenkatu eta gero, salabardoek edo baheek modu pasiboan egiten dute lan ur azpian, hondoari pega-pega eginda, korronteak zer ekarri zain. Eta halaxe gaude gu ere: gaueko ordu txikitan “Espoir” itsasontzian eserita, zain, ur azpian gertatzen ari dena imajinatu nahian eta aingiren bizi-ibilbide zirraragarriarekin zeharo txundituta.
Ezkerrean, Jean-Joseph Gatelier; eskuinean, berriz, bere aita Louis Gatelier, Sainte-Marie-de-Gosse herrixkako haien etxean. Neurri handi batean behintzat, belaunaldiz belaunaldi transmititu den ofizioa da angula arrantzarena.
Jatorria, metamorfosia eta misterioa. Izan ere, espazio eta denbora kontzeptuak hankaz gora jartzen dituen animalia da aingira. Karibeko Sargazoen itsasoan jaiotzen da, Euskal Herritik 6.400 kilometrora, eta munduan parekorik ez duen migrazioari ekiten dio sortu eta berehala. Hiru bat urteko bidaia egin ostean, aingira jaioberria –milimetro eskas bateko larba edo leptozefaloa–- Golkoko Korronteak lagundurik iristen da europar nahiz afrikar kostaldera. Une horretan gertatzen da aingiraren lehen metamorfosia: Europako plataforma kontinentalera gerturatu ahala, larba zena angula bilakatzen da. Bigarren metamorfosia, berriz, ibaian gora hasten denean gauzatzen da; ur gezarekin kontaktuan sartzen delarik “aingira horia” bihurtzen da. Bere bizitzako pasarterik luzeena da hau.
Hain zuzen, aingirak hamarkadak igaro ditzake Europako errekasto, putzu zein aintziretan. Kondairek diote 80 bat urteko aingirak ere topatu dituztela Europan. Badirudi ez dutela presarik, patxada ederrean bizi direla sorburutik hain urruti, baina bulkada sentitzen dutenean hirugarren eta azken metamorfosiari ekiten diote, aingira zilarkara bihurtzeko. Orduan iristen dira aingirak heldutasunera, orduan bihurtzen dira ar edo eme, eta orduan ekiten diote itzulerako bidaiari. Sei hilabetean Sargazoetako jaiolekura itzuliko dira. Han, sakoneko ilunak babestuta, emeek arrautzak errungo dituzte arrek ernal ditzaten. Ugalketa lanak amaituta, hil egingo dira.
Boteprontoan kontatuta aingiraren historiak misterio gutxi duela irudi lezake, baina errealitatea guztiz kontrakoa da. Gaur egun, oraindik ere, asko dira izaki labainkor bezain likatsu honen gainean argitu gabe segitzen dutenak, eta zoologiaren ikuspegitik, gutxi dira aingirak bezainbeste buruhauste sortu dituzten animaliak. Hain zuzen, ur azpiko iluntasunean bizi den arrain honen bizitza imajinatzen eta deszifratzen saiatu zen lehenetarikoa Aristoteles bera izan zen. Greziako filosofoak lehorreko nahiz itsasoko makina bat animalia ikertu zituen, baina aingirarekin tematu zen bereziki. Egiari zor, gauza askotan bete-betean asmatu zuen filosofoak, baina ezin izan zuen aingiraren misterioa bere osotasunean argitu.
Greziako uretan harrapatu eta ikertu zituen aingirek ez zuten ugalketa-aparaturik. Hortaz, aingirak lokatzetik, ezerezetik jaiotzen zirela ondorioztatu zuen Aristotelesek. Ondorio okerra, baina ulergarria honakoa kontuan hartuta: XIX. mende hondarrean argitu zen aingirek beren ugalketa-aparatua hirugarren metamorfosiarekin batera garatzen dutela. Hori bai, misterioa argitu arte, historiak teoria eta hipotesi gogoangarriak utzi ditu. Erromatar idazle, naturalista eta idazle izan zen Plinio Zaharrak zioen aingirek harriaren kontra igurtziz sortzen zituztela aingira-kumeak. Sigmund Freud-ek ere urteak pasatu zituen Italiako Trieste hirian aingiren misterioa argitu nahian, baina psikoanalisiaren sortzailearentzat ere ur uherregiak izan ziren aingirarenak.
Edonola ere, aingiraren misterioa argitzeko ekarpenik nabarmenena Johannes Schmidt biologoak egin zuen. Zehazki, 1920. urtean, Ozeano Atlantikoan 20 bat urte harat-honat ibili eta gero, aingirek Sargazoetan erruten dutela argitu zuen danimarkarrak. Bi hamarkada eman zituen Ozeanoan laginak biltzen eta aingira-larba txikiak non pilatzen ziren aztertzen. Larba kopuru handiena, nabarmen, Kuba ipar-ekialdean dagoen Sargazoetan topatu zuen. Orduz geroztik, mundu guztiak onartzen du bertan ugaltzen direla aingirak, handik datozela angulak, eta hara itzultzen direla helduaroan haien bizi-zikloari amaiera emateko. Halere... inork ez du sekula aingirarik ikusi Sargazoetan. XXI. mendean bete-betean sartu gara eta aingiraren misterioak bere horretan jarraitzen du.
Gaueko ordu txikietan arrantzatzen dira angulak, orduan hasten baitira ibaian gora. Egunez zuloetan, harri artean nahiz ondar azpian hartzen dute atseden, harrapakarietatik ihesi. Angula arrantzalea gau-txoria da halabeharrez.
Arrantzalea bere bakardadean. Bien bitartean, aingirarenak ez diren kezka gizatiar horietatik urruti, “Espoir” itsasontzian zain segitzen dugu, noizean behin elkarrekin hizketan eta besteetan nor bere buruarekin. Hori bai, antzekoak dira guztiok buruan bueltaka darabiltzagun galderak : gainezka egongo al dira salabardoak? Ilargi betea izan arren, Kantauri itsasoko urak emankor al datoz gaur Aturri ibaian gora? Ala kontrara, azken egunetako boladari eutsiz mareak ez al du berarekin batera angularik ekarriko? Jean-Josephek hamabost minutuero begiratzen ditu salabardoak. Alegia, lehen altxaldia egiteko unea iritsi da. Argia piztu eta baheak dakarrenari erreparatu diogu: eskukada bat angula, gauza gutxi. Mareak beste bizpahiru orduz igotzen segituko du. Horixe da, beraz, gure esperantzaren neurria: bizpahiru ordu.
Argi dago ez direla betiko garai onenak. 70eko eta 80ko hamarkadetako arrantzaldi handien oihartzunek aspaldiko kondaira baten tankera dute jada. Jean-Joseph bera 1988. urtean hasi zen profesional gisa lanean, nahiz eta txikitatik ezagutu duen ogibidea. Aita eta aitona ere arrantzaleak zituen eta “pasioz” bizi du bere ogibidea, bihotzez maite du egiten duena. Tamalez, angularekin gertatzen ari den gisa berean, geroz eta gutxiago dira Aturrin arrantzatzen duten profesionalak. 80ko hamarkadan ibaian gora eta behera zebiltzanak askoz ere gehiago ziren; akaso hiru bider gehiago, Jean-Joseph-en hitzetan. Gainera, ez dago ofizioari helduko dion belaunaldi berririk. Hori da Landetakoen kezka iturri nagusia: «Erretreta hartu eta baheak uzten ditudanean ez al du beste inork nire segida hartuko?».
Hori nahikoa ez, eta gaur egungo jendartean arrotz sentitzen dela dio Jean-Josephek; bere ogibidea gutxietsia, eta, neurri batean bederen, gaitzetsia dela uste du. Bi bahe borobil kirtendunak ur azpitik patxadaz eta leuntasunez altxatzen dituen bitartean ari da hizketan arrantzalea. Barrenak husteko beharra duela dirudi. Gaueko bakardadean eta ibaiaren isiltasunean bere baitan hausnartzen dituen horiek guztiak ozenki azaltzeari ekin dio. Gogorra da, gero, artisau arrantzale baten ahotik halako hitzak entzun behar izatea, eta, era berean, naturarekiko duen harreman estuaren eta samurraren lekuko izatea.
Gaua ez da oso emankorra izan. Bi ordu eta erdiko lanaren ostean, eskukada bat angula arrantzatu du Aturriko arrantzaleak; orotara, 150 gramo. Angulak kiloka arrantzatzen ziren neguko gaualdi zirraragarriak aspaldiko kontua dira jada gure ibaietan.
Etorkizuna eskukada batean. Bien bitartean, baheak ordu laurdenero altxatzen segitzen du Jean-Josephek, baina altxaldi bakoitzean ale gutxi batzuk baizik ez ditu biltzen. Dagoeneko ohartzen hasiak gara gaurkoan ez dela angula festarik izango. Halakoxea da arrantza, dagoenean bonbon eta ez dagoenean hor konpon. Horregatik, aingiraren gainbeherak azalpen zientifiko bat merezi duelako, Estibaliz Diaz biologoarengana jo dugu. Diaz AZTIko kidea da eta aingiretan aditua. Besteak beste, aingira europarra berreskuratzeko Europa mailako Sudoang proiektuko koordinatzailea da, eta Jean-Josephi gertatzen zaion gisa berean, aingirak zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago maite ditu. Bata arrantzalea da eta bestea zientzialaria, baina biek ala biek pasio bera dute.
Diazek mahaigaineratu dizkigun datuak kezkagarriak dira oso. Horren adibide argia da ICES Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak kaleratu berri duen azken txostenean aingiraren eta angularen arrantza gelditu behar dela aholkatzen dela, osterantzean egoerak ez baitu atzera-bueltarik izango. AZTIko zientzialariak esandakoaren arabera, gaur egungo aingiraren egoera duela 60-70 urteko egoerarekin alderatuz gero, gainbehera izugarria da. Baina zeintzuk dira aingira-populazioa horrenbeste gutxitzearen arrazoiak? Ba al dago aterabiderik? Zein da Euskal Herriko egoera?
Esti Diazen hitzetan, ez dago gainbehera hori eragiten duen arrazoi bakarra, elkar elikatzen duten faktore multzo bat baizik. Horien artean, Diazek «urtegiek eragindako habitat-galera, turbina hidroelektrikoek sortzen duten hilkortasun altua, gehiegizko arrantza, kutsadura kimikoa, parasitoak eta beroketa globala» aipatzen ditu. Gainera, AZTIko kidearen ustez, «ezin da horietako bakoitzak eragiten dituen kalteen araberako hierarkiarik ezarri, leku batzuetan zentral hidroelektrikoen eragina kaltegarriena den bitartean, beste batzuetan gehiegizko arrantzak sortzen duelako oinazerik larriena».
Ildo beretik, azken mendean aingira europarrak bere habitataren % 80 galdu duela dio Diazek eta galera hori azaltzeko urtegi handien eraikuntza aipatzen du bereziki. Gizakiaren esku-hartzea txikiagoa zenean eta azpiegitura erraldoirik apenas zegoenean aingirek kilometroak eta kilometroak egiten zituzten ibaietan eta erreketan gora. Euskal Herriaren kasuan, Ebro ibaian gora Tuteraraino edota Iruñeraino iristen ziren aingirak. Tamalez, 50eko eta 60ko hamarkadetan Frankismoak Ebro ibaian eraikitako urtegiak muga gaindiezina izan ziren aingirentzat. Orduz geroztik Ebro ibaiaren goiko arroan ez da aingirarik.
Gaur arrantzatutako angulak bere etxeko haztegietan gordeko ditu Landetakoak. Aldian behin ura aldatuz gero, eta tenperatura egokia mantenduta, angulek bizpahiru aste iraun ditzakete bizirik berariaz haientzat prestaturiko haztegietan.
Aingiraren isla. Paradoxikoa da, baina badu aingirak zera berezi bat gizakiari erakargarri zaiona. Antzinako Greziako filosofoetatik hasi eta XXI. mendeko artistetaraino, izaki misteriotsu hau inspirazio iturri etengabea izan da. Shohei Imamura zinema zuzendari japoniarraren “Aingira” filma datorkit burura. 1997an estreinatutako filmean, jelosiak jota emaztea erail duen gizon baten historia kontatzen du Imamurak. Protagonista aingira batekin bizi da eta harekin partekatzen ditu bere barne-tormentuak. Aurten, berriz, Paula Bonet idazle valentziarrak izenburu bera duen liburua argitaratu du. Jendarte patriarkal batean emakume batek sufritzen dituenak hartu ditu hizpide Bonetek bere azken eleberrian eta giza kondizioaren sakoneko errealitate hori azaltzeko aingiraren metafora baliatzen du.
Bada ere modu agerikoago batean aingiraren misterioaz eta gizakiongan sortzen dituen sentimenduez mintzo den beste liburu eder bat. Filosofia, zoologia eta literatura nahasten dituen Patrik Svensson idazle suediarraren “Aingiren ebanjelioa” liburuak, hain zuzen, modu ezin ederragoan kontatzen ditu arrain misteriotsu honen gaineko misterio, pasadizo zein historiak. Nabaria da Svensson bera ere aingiraren misterioak jota bizi dela, eta bere aitarekin arrantzatutako aingira guztiak eta jasotako ondare kultural hori animalia preziatu hau salbatzeko grina bilakatu dituela. Nolabait, aingiraren historiak gizakion historia konta dezakeela iradokitzen du suediarrak.
Euskaldunok ere lotura estua izan dugu aingirarekin eta oraindik ere badugu lotura hori arrain honekin. Gure kulturaren parte garrantzitsua izan da kostaldetik hasi eta Bardearaino, gastronomian, esaterako. Arrain honi eskainitako kantuak eta bertsoak ere ugariak dira. Horietako bat da Pablo Zubiarrain zenak bere “Gaziak eta gozoak” liburuan, “Oria ibaiari” deituriko bertso-sortan idatzitakoa: “Iñoiz begira jartzen bazera / zu Oria'ko ibaira, /esango dezu: Lengo angula / ta amorraiak nun dira? / Ur garbi artan aiek igari / gu legorretik begira, / orain ikusi utsak malkoak / ekartzen dizkit begira”. Onerako eta txarrerako, aingirari begiratzen diogunean gure parte baten isla ere ikusten dugu euskaldunok.
Eta guk ere halaxe igaro dugu gaua Jean-Joseph Gatelier angula arrantzalearekin; kareletik behera begira, angulen peskizan, ur-azalak itzultzen zigun gure buruaren isla aztertzen genuen bitartean. Orotara, 150 angula gramo. Iritsiko dira garai hobeak, Jean-Josephek ez du zalantzarik. Bien bitartean, Eguberrietan bereziki, Sargazoetatik iritsitako jaki preziatu hau etxerik mokofinenetan dastatuko dugu euskaldunok. Izan ere, angulak jaten dituen herri bakanetakoa da gurea eta zaletasun hau, ahogozagarri aparta izateaz gain, mundutar izateko manera bereizia ere bada. Bereizgarri hori aingirari zor diogu euskaldunok.