Fantasia eternala
Bilboko auzo batzuetan oraindik Gabonetako argiak han goian eskegita daude. Itzalita, noski; izan ere, agintarien ustez, kale horiek beti itzalita egon behar dira. Esan beharrik ez dago ez direla hiriko kale komertzialak. Beharbada, kale ilun horietan urte osoan mantenduko ditu udalak Gabonetako argiak eskegita eta itzalita. Usoek eta gero eta ugariagoak eta beldurgarriagoak diren txoritxoek eskertuko dutela imajinatzen dut. Izan ere, hegaztiak izango dira ziurrenik gure hiria hobekien aprobetxatzen dakiten izakiak. Guretzat, pertsonontzat, akrobatak izan ezean, ezer gutxirako balio dute Gabonetako argien kable horiek. Ikusi ere ezohiko egun edo egoeretan ikusten ditugu, burua desjabeturik gabiltzanean. Normalki, gora begira joan beharrean, lurrera begira joaten gara garaiotako aldartearen erritmora eta kaka mokordoak ez zapaltzeko arretaz.
Zorionekoak gu, orain badugu gora begiratzeko arrazoi berri bat eta, ustez, bilbotar harrotasunez egiteko modukoa, gainera. Zer eta dorre bat, eta ez berria. Zentzubako zentzua eman diote hiriko eraikin zahar eta ederrenetako bati. Banku baten dorrea zena erakunde publikoek erosi zuten. Sotoan moda azkar eta esplotatzailea saltzen duen marka bati aterpe eman zioten gero, eta orain harrokeriaz iragarri dute zertarako izango den zerura altxatzen den eraikina. Barregura eragiten du BAT B Accelerator Tower izenak, baina halaxe jarri diote. Baina barre barik, ohituegi gaude halako terminoetara. Onartua dugu ere “ekintza” moduko hitzak enpresa arlorako lapurtzea; ekintzailetza zentroa dela saldu dute. Aspaldiko kontua da hiriko ikur honen lizitazioan egindako urrezko negozio iluna. Ikusteko dago oraindik bertan ze enpresa izango diren eta ze pribilegio izango duten.
Hiriko hegaztiak behintzat pozik izango dira han goian. Badute gero eta fikziozkoagoa den hirian egoteko toki altuago bat. Bertatik ezin gusturago kaka egin eta botatzen jarraituko dute, ez hegaztiek, trajea janzten duten “egodun”-ek baizik. Hiritarrak, bitartean, abentura batean bezala sentituko gara, mokordoak nondik datozen jakin gabe gure pausoak ekiditen. Baina lurrean zapaltzen dugun hori, baldosen gainekoa, ez da benetako zikinkeria edo gorotza, goitik gero eta lotsagabekeria handiagoz botatzen digutena baizik. Kaka izugarri hotza da, lurrean, kalean lo egin behar dutenentzat, urrezko dorreetan aterpea bilatu behar dutenentzat. Izan ere, fantasia eternal batean egongo bagina lez bizitzera kondenatu gintuzten aspaldi, argi eta koloreetako Gabon garai amaiezin batean. Gero eta opari gutxiago jasotzen du txiroak, aberatsak zakua bete ahala izugarri kronifikatzen ari den pobrezia aroan. Eta bitartean gure kalerik ilunenetan, Gabonetako argiek eskegita eta itzalita jarraituko dute.