Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Elkarrizketa
Oinatz Bengoetxea

«Pilotari bizia bikaina da eta ez gozatzea pena ikaragarria»

Argazkiak: Idoia Zabaleta | Foku
Argazkiak: Idoia Zabaleta | Foku

Markinan izandako lesio batek hilabetez atzeratu du leitzarraren frontoi industrialetako agurra, baina bere burua «espiritu libretzat» duen pilotariak ez ditu urrira arte –orduan beteko dira hogei urte debutatu zuenetik– galtza zuriak betiko erantziko. Azken partida hori umetatik horrenbeste ordu sartu dituen Leitzako plazan, ateak irekita, sarrerarik gabe, jokatu nahi du, lagunez eta jendez inguratuta. Kaleko pilotaria izan da Bengoetxea VI.a, zuzena, gertukoa eta, batez ere, edozer gerta ere, bere izaerari leiala.

Izotz ondoko eguzkitan, goxo hartu gaitu Leitzako plaza dotoreak. Bazkalosteko lehen orduetan ez dabil jende askorik kalean, baina pasatzen diren guztientzat badu keinu edo hitzen bat Oinatz Bengoetxeak. Kantxan zaleekin asko konektatu duen pilotaria izan da Bengoetxea VI.a eta bistan da frontoietatik kanpo ere lagun asko egin dituela Oinatzek. Elkarrizketa honetan argi uzten digu kantxa eta kalea, kirola eta bizitza, beharra eta gozamena, uztartzen asmatu izana dagoela horren guztiaren atzean.

Nola espero duzu Labriteko agur partida?

Azkena da, politena, bereziena, nire lagun on guztiak joango dira. Nahiko intimoa izango dela uste dut, Leitzatik jende asko joango da. Labriten debutatu nuen eta frontoi handitan azkena han izatea nahi nuen. Niretzat Labrit izan da frontoirik bereziena, ume-umetatik Nafarroako txapelketetako finalak han izaten ziren eta Labritekin sentimendu berezi bat daukagu, esango nuke, nafar guztiok. Eta, gainera, azken urteetan bertan izan den festa, ez nafarrek bakarrik, pilotari guztiek barneratu dugu; nik uste pilotari denen partez hitz egin dezakedala Labrit sentimendu handiko kantxa dela esateko.

Enpresarekin ondo amaitu duzu?

Ez da inolako arazorik izan; enpresak esan zidan ez zuela nirekin gehiago kontatzen eta nik aurretik esana nuen erabakia errespetatuko nuela. Nik ia hogei urte egin ditut bertan, nire lehen kontratua Asegarcerekin 16 urterekin sinatu nuen eta beti pribilegiatua sentitu naiz hainbeste urte egin ahal izateagatik.

Urte hauetan guztietan enpresak babestuta sentitu izan zara?

Sekula ez naiz gutxietsia sentitu enpresaren aldetik, ni ere, urte hauetan guztietan, nahikoa errebeldea izan naiz; espiritu aske bat izan naiz eta horregatik sekula ez diot enpresari inolako fideltasunik eskatu.

Nahi zenuen, ordea, profesionaletan hogei urteko epe hori bete.

Bai, hogei urte egiteko asmo hori banuen; enpresarekin izan balitz oso ongi, baina, egia esanda, egin dudan planteamenduak askoz ere ilusio handiagoa egiten dit uneotan. Herri txikietan jokatu nahi dut eta azken partida Leitzako plazan jokatze horrek ikaragarrizko ilusioa egiten dit, eta, benetan, orain pentsatuta, ez nuke momentu honetan segitu nahiko, egin dudan planteamendua interesgarriagoa egiten zait.

Azaldu pixka bat planteamendu hori.

Herri txikietan jokatzea; gainera, partida pila bat ateratzen ari zaizkit dagoeneko, egunero deika ari zaizkit! Partida batzuk Upelekin jokatuko ditut, beste batzuk Garferekin ere bai, eta beste batzuk nire kontu. Agenda bete-betea izan behar dut eta partida denek izan behar dute exibiziozkoak, gozatzeko bakarrik, inolako presiorik gabe. Egia esan, ezin hobea iruditzen zait bukaera.

Zuk ere egingo zenituen zureak, baina enpresak egindakoengatik sekula ez zaitugu kexaka ikusi.

Izan ere, ni beti sentitu naiz oso pribilegiatua. Pilotaz ikaragarri gozatu dut, bizitzaz ere asko gozatu dut urte hauetan guztietan, eta ez dut sentitu sekula inolako kexarik planteatzeko arrazoirik, beti zorte handiko pertsona sentitu naizelako, une onetan eta txarretan. Azkenean, bizitzak bere momentu onak eta txarrak ditu. Pilotan nik ere momentu txarrak eta gogorrak izan ditut, baina bizitzari aurre egin behar zaio; momentu txarrei aurre egin behar zaie eta nire izaera ez da kexatzekoa izan, normalean oso gutxi kexatzen naiz.

Orduan, ez da aldez aurretik pentsatuta egindako zerbait izan, ezta?

Nik ez nuen sentitzen sekula kexatzeko beharrik, «beti aurrera». Nire izaera hori izan da eta kantxetan ere bai; nahiko pertsona optimista naiz eta buruz nahiko gogorra ere bai. Munduko pertsonarik pribilegiatuenak ere une txarrak izango ditu, baina biziari aurre egin behar zaio eta nire izaera hori izan da, ez dut sekula kexatzeko beharrik izan.

Lehen aipatu duzun «espiritu libre» horrekin zer ulertu behar dugu?

Askotan nire modura egin ditut gauzak, parranderoa ere izan naiz, oso parranderoa izan naiz, eta enpresak hori beti jakin du. Bizitzaz gozatzen saiatu naiz, denok bezala, eta lortu ere egin dut. Profesionala izanda, pilota mundua eta nire bizi pertsonala uztartzeko modua izan dut eta nik uste gauzak nahiko ondo egin ditudala. Beste kirolari batzuekin konparatuta, adibidez txirrindulariekin, ezin dutela hilabete batean ezik lagunekin soziedadera afaltzera joan ere, oso pribilegiatua sentitu naiz; nik gauza asko egiteko aukera izan dut.

Leitzan bertan izan dituzu ereduak.

Mikel Nieve esaterako, eta Ibai Azurmendi ere laguna da. Beste ziklista batzuk ere ezagutu ditut eta ez ziklistak bakarrik, herri kiroletako jendea... Beste kirol batzuk pilota baino exijenteagoak dira eta nire izaera ere ez da izan sekula gehiegi inbolukratzekoa; nire biziari ere garrantzi handia eman diot eta nire bizian pilota ez da gauza bakarra izan, bizi ere egin izan naiz. Gainontzeko gazte gehienek egin dituzten gauzak egin ditut, berdin-berdin.

Eta sekulako palmaresa batu ere bai, agian hor dago sekretua.

Ba agian bai, bizimodu espartano bat egiteak ez dizkizu emaitza hobeak ziurtatzen; askotan ez dut uste hala denik. Niretzat urtean bi txapelketa garrantzitsu izan dira, Lau eta Erdikoa eta Buruz Burukoa, horiek prestatu ditut beti topera, bi hilabete ziklistak bezala, baina gero urtean zehar, ba lasai bizi izan naiz, nire entrenamenduak egoki eginez, profesionaltasunez, baina bizitzaz gozatuz ere bai, beste gazteek bezala.

Nik uste kirolari batentzat hori ez dela txarra ere, jakinda urtean zehar une batzuk badaudela zentratuago egon behar duzuna txapelketengatik. Baina urte osoan zehar ezin duzu egon, bueno, nik behintzat ez dut uste ona denik, kirol bizitza horretan erabat zentratua; beste presio gehigarri bat sartzen diozu zure buruari horretan bakarrik zentratzen bazara. Ni ez naiz pilotarako bakarrik bizi izan, une batzuetan bai, baina beste askotan ez.

Hogei urte hauetan asko aldatu da pilota?

Bai, nik uste Juan [Martinez de Irujo] izan zela pixka bat iraultzailea; inork sekula ikusi gabeko gauza berriak sortu zituen jokoan eta berekin konpartitu genituen urte horietan guztietan gu ere garatzen joan ginen. Eta bai, jokatzeko modua aldatu egin da, lehen pausatuagoa zen, orain oldarkorragoa, airez gehiago jokatzen da, erasora; azkenean garapen bat izan da.

Zuretzat ez da txarra izan aldaketa hori.

Hasieratik, Juan hasi zenetik, ni ere sotamanoz eta asko sartzen hasi nintzen, beste pilotariak baino gehiago. Niretzat sotamanoa kolpe ona izan da, nahiko erraz sartu izan naiz; botera bezain erraz sartu izan naiz airez eta niretzat arma garrantzitsua izan da.

Orain profesionalagoa da pilotaren mundua?

Ez dut uste, nire garaian ere pilotari profesionalak baginen, erabat profesionalak ere baziren eta orain ere badaude erabat profesionalak direnak. Eta esaten ari garena, urte guztian hain zentratuta bizi ez direnak ere badira, denetik dago. Eliteko kirolari batek, bere izaeraren arabera, garrantzi handiagoa edo txikiagoa ematen die detaile horiei guztiei urtean zehar. Denak saiatzen gara kirolari bezala emaitzarik onenak lortzen, baina bakoitza bere erara.

Pribilegiatu izate horretan urrezko aro bat bizi izan duzu. Aimar eta Irujoren garai hura, ekonomikoki ere, oso ona izan zen. Gaur egungo gazteek ez dakit egoera bera bizi duten…

Urte onak izan ziren, bai, pilota oso osasuntsu egon zen. Aimar eta Juan figurarik handienak izan ziren, baina gero Abel, Titin, Xala, Gonzalez, Ruiz… pilotari garrantzitsu asko egon ziren eta ekonomikoki ere urte oso onak izan ziren. Baina gaur egun ere pilotari onenek ekonomikoki dirua irabazten dute eta kirol aldetik ere iruditzen zait oso osasuntsu dagoela pilota; pilotari on asko daude eta oso onak ere asko daude. Ez dut inolako zalantzarik hurrengo urteetan pilotak afizioz eta pasioz, eta pilotari onak dituelako, aurrera egingo duela.

Azken mohikanoa zara?

Beno, belaunaldi horretako azkena naiz, bai. Beti izan naiz gazteena eta orain zaharrena izatea tokatu zait beste gazte horien artean! Aimarrek utzi zuenetik zaharrena izan naiz. Gauza polit bat bezala ikusten dut.

Gazteekin asko konektatu duzu.

Bai, egia esan bai, pilotariekin beti erlazio ona izan dut, aldagelan eta aldagelatik kanpo ere bai. Askotan partida ondoren elkarrekin afaltzera joan gara; lanak egin eta gero gustura egote hori gauza ederra da eta pilotari gazteekin beti ondo eraman izan naiz. Eta ni baino zaharragoak izan direnekin ere bai, eta pozik nago horregatik ere bai; ez naiz inorekin gaizki eraman urte guztiotan, eta pentsa zenbait pilotari egon diren aldagelan gurekin, ehunetik gora bai azken hogei urte hauetan! Batzuekin erlazio hobea, normala denez, baina denekin ona.

Hori ere beste txapel bat da.

Bai noski, pertsonalki ondo erlazionatu izana eta lagun asko egin izana, handia da. Niretzat laguntasuna aberastasuna da.

Hori guztia argi eta garbi nabaritu da azken egunotako omenaldietan.

Bai, azken partidetan nabaritzen ari da, jendearekin eta zaleekin beti rollo ona izan dudala. Ni ere beti saiatu izan naiz zaleekin esker oneko agertzen, zaleak errespetatzen, erabat gainera, eurek berotasun handia erakutsi didate eta.

Aurrerantzean faltako al da aldagelan beteranoaren paper hori?

Ez dut uste, Urrutikoetxea izango da zaharrena, Zabaleta, Ladis, Albisu… ere hor daude eta ez dut uste inork faltan botako gaituenik. Urte oso onak izan dira, giro ona egon da aldagelan beti, baina geratzen direnak ere mutil alaiak eta lagunkoiak dira eta ez dute arazorik izango. Ni saiatu naiz nire izaera islatzen, beraiei nire ikuspuntua ematen. Beti saiatu naiz eurek ikus zezaten pilotari izatea pribilegio handia dela. Nik hala bizi izan dut.

Horrela kantatu zizun Iñaki Artolak: «gozatzea dok baldintza».

Bai, askotan esan diet hori. Pilotari bizia bikaina da eta ez gozatzea pena ikaragarria da.

Grebaren kapitulua ere irakaspen handia izango zen ba.

Bai, niretzat oso garrantzitsua izan zen. Garai oso gogorrak izan ziren greban izan ginen guztiontzat, baina beharrezko ikusi genuen mugimendu bat izan zen, injustizia handi batzuk egin zirelako eta oso harro gaude une horietan egindako lanarengatik.

Zure ibilbideko gogorrenak?

Gogorrenetakoak bai. Izan ditut beste une txar batzuk ere bai, jokoz gaizki egon naizenean, enpresak ere partida garrantzitsuetatik kanpo utzi izan nau… Hogei urteko ibilbidean une oso onak asko izan dira, txarrak ere bai batzuk, baina gogorrenetakoak izan ziren.

Sarri komentatu izan dugu, zuen buruei mesede egin zenietela grebarekin, batez ere gazteenei, baina Baikori berari ere bai. Izan ere, pentsa Binakako Txapelketa Laso eta Mariezkurrena gabe...

Bai, alde horretatik begiratuta egia da enpresak pilotari horiek alboratzean akats handia egin zuela; gu beraiek bueltatzeko borrokatu ginen eta lortu genuen. Enpresa ere irabazten irten da, baina nik ez dut inolako arazorik horrekin. Garrantzitsuena maila horretako pilotariek pilotan jarraitu ahal izatea zen eta hor daude.

Merezi izan zuen orduan grebak.

Bai, bai, dudarik gabe. Ez zen erraza izan, hamasei pilotari ginen, bakoitza bere adinarekin, bere izaerarekin, bere beharrekin… Lan handia egin behar izan genuen, denok egin genuen eta denen meritua da.

Grebak ondorioak izan ditu zure kasuan...

Ez dut uste, greba aurretik Iker Arretxeri kontratua ez berritzea erabaki zuten, gero Ibairi [Zabala] ere bai, Aimarri [Olaizola] ere bidea amaitu zitzaion... eta gero ni nintzen. Ez dut uste, benetan, enpresak mendekuagatik egin didanik hori. Pentsatzen dut eurek pilotari gazte oso onak dituztela eta normala iruditzen zait, euren enpresari ikuspuntutik, apustua gazteekin egin izana.

Baina udan zurekin ez kontatzea, enpresa ikuspegitik begiratuta ere, inteligentea iruditzen zaizu? Jendeak bikain erantzun du zurekin agurreko partiduetan eta udan ere partidu piloa izango zenituen zalantzarik gabe....

Bai, izango nituzke partida asko, baina hori euren erabakia da eta ez dut sartu nahi. Esan nuen erabakia onartuko nuela, urte asko izan dira eurentzat lanean eta ez dut inolako hitz txarrik inorenganako. Pribilegiatu bat izan naiz ia hogei urtez hor egotearekin, pilotari pila bat ikusi ditut urte gutxian etxera joaten, batzuk oso gazteak... Pribilegio handia izan da hor egotea eta ulertzen dut momentu batean amaiera ematea.

Eta hemendik aurrera?

Orain ilusio guztia partidatxo txikiak jokatzean dut jarrita, mordoa ditudalako herri txikietan, eta momentuz hori. Urrian azken partida Leitzan jokatuko dut, zuriz janzten naizen azken aldia izango da, eta gero proiektu pare bat baditut, baina oraindik ez dakit nola joango diren. Saiatuko naiz ahalik eta hobekien bizitzen eta ea lortzen dudan.

Zure ibilbideko une bat aukeratu beharko bazenu?

Ez dakit esaten.

Nik nirea esango dizut, Binakako Txapelketan jokatutako Irungo partidu hura, Irujo eta Abelen aurka.

Bai, hemeretzi tanto egin nituen, uste dut, egun horretan. Tanto gehien egin ditudan partida hura izango da, inspirazio gehienekoa, eta gainera partida nahiko berezia izan zen, ze justu materiala erabat aldatu berri zen. Ordura arte pilota oso onak izan genituen eta telebistaren erabaki bategatik bat-batean nik hainbeste maite nituen pilota ilun horiek kendu egin zituzten, beste zuri batzuk jarri zituzten eta kristoren haserrea hartu nuen. Ez nuen ulertzen zergatik halako aldaketa halako partida garrantzitsu batean, zeren txapelketa hartan material oso ona izan zen ordura arte. Eta pentsatzen dut horregatik ere hil edo bizi irten nintzela jokatzera; gainera, hamahiru tantotik behera utzi behar genituen, hil edo biziko partida zen.

Urte horretan bertan Buruz Buruko finala jokatu ezinda geratu zinen. Jokoz nik uste hura izan zela zure boladarik onena.

Aimarren aurkako final hartara ere oso-oso ongi heldu nintzen. Jendeak esaten dit urte horretan Aimarri irabaziko niola; agian bai edo agian ez, Aimar oraindik oso fuerte zegoen, Bilbon zen finala… Ez zen erraza izango, baina bai, jokoz eta, unerik onenetakoak haiek izango ziren.

Iker Irribarriari irabazitako buruz buruko final hura ere…

Nik uste hura sekula egin dudan buruz buruko partidarik onena izan zela. Oso indartsu nengoen fisikoki eta, gainera, teknikoki ere asmatu egin nuen; partida planteatu nuen bezalaxe irten zitzaidan eta buruz buru egin dudan partidarik onena izango da. Eta Lau eta Erdiko onena Jokinen [Altuna] kontrakoa, Nafarroako Txapelketakoa.

Bai? 22-21 irabazita txapela jantzi zenuen Gasteizko finala baino gehiago?

Hura brutala izan zen! Jokatu dudan partidarik gogorrena, nik uste, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Azken tantoan, txokoan egindako dejadan, eskua erabat blokeatuta geratu zitzaidan; berak altxatu izan balu, azken pilota ezkerrez jotzerik ez nuen izango, ze besoa erabat blokeatuta nuen nekearengatik, erabat lotuta. Ikaragarri gogorra izan zen eta, psikologikoki, ziur, jokatu dudan gogorrena. Garai hartan lagun oso-oso on bat hil zen, herri guztiak maite zuen pertsona zoragarri bat, eta sentimendu berezi hori nuen, txapela berari eskaintzeko asmoa, eta hori barrutik presio ikaragarria izan zen, eta motibazioa ere bai. Motibazio horrek, dudarik gabe, irabazten lagundu zidan, baina barruan sentitu nuen presio hori… Partida hori buruan laino ilun bat bezala daukat.

Abelen [Barriola] aurkako finala ere oso berezia izango zen ba, bi leitzar aurrez aurre...

Bai, handia izan zen, baina nik ez nuen inolako presiorik eta horrek asko aldatzen du dena. Final bat presioarekin edo gabe jokatzeak dena aldatzen du, eta final hartan nik ez nuen batere presiorik; 23 urte nituen eta une horretara arte txapeldun izatea helburutzat ere ez nuen profesional mailan. Ez nuen gehiegi pentsatzen horretan, baina joko handiarekin heldu nintzen, Abelek presioa berak eraman zuen, aurretik ere final batzuk galduak zituen... beretzat gogorragoa izan zen. Niretzat oso ederra.

Aurkaririk zailena?

Beti esango dut Juan [Martinez de Irujo], Aimar [Olaizola] eta Jokin [Altuna]. Onenak eurak izan dira, Jokin ere bai. Jokin pilotari ikaragarria da eta bere aurka partida askotan oso zaila izaten da jokatzea. Gaur egun, beste pilotariei ezer kendu gabe, pilotari handiak daudelako, Jokin erakusten ari da, txapelekin, numero unoa dela. Oso pilotari berezia da, plazagizona, eta presioko unetan irabazle ikaragarria.