Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Begirada inozoa

Mazedoniako presidenteak eskutik helduta lagundu du eskolara Embla Adema, 11 urteko neskatoa. Haurrak Downen sindromea dauka eta eskolako lagunek ez dute ondo tratatzen. Eskola jazarpenaren eta diskriminazioaren kontrako mezua eman nahi izan du Mazedoniako presidenteak modu horretara. Eta mahaiaren gainean jarri ditu inklusioa, aurreiritziak, berdintasuna, bidezko gizartea, enpatia eta antzeko hitz potoloak. Txaloak jaso ditu Stevo Pendarovskik han eta hemen.

Embla Adema neskatoari egunerokoa aldapa gora jarri zaio. Irakurri dudanez, bere ikaskideen gurasoek ez dute begi onez ikusten Embla ikasgelan egotea. Ez dakit, akaso irudituko zaie beren seme-alaba super bizkorren garapena mantsotuko duela Emblak.

Behar bereziak dituzten haurrak direla esaten dugu askotan, haur guzti-guztiek behar propioak eta, beraz, bereziak dituztela ahaztuta bezala. Badugu joera begirada inozoz eta irribarre errukior batekin pentsatzekoa, «zein ondo egongo den haur ‘desberdin’ hori gure neska mutiko ‘berdinen’ artean. Zenbat erakutsiko dioten, zein pozik etorriko den eskolara egunero, zein zorte izan duen horrelako ikasgela abegikorra, solidarioa, enpatikoa egokitu zaiolako. Noski, haur horien gurasook etxean egin dugun lana igartzen da...». Eta gure buruarekin pozik oheratzen gara, elkartasunaren jainko-jainkosak, elkartasunez beteta dauden gizaki txiki zoragarri maitagarri horiek mundura sortu ditugunak, mundu zimel hau enpatiaz urezta dezaten.

Gerta daiteke gure alabak ikaskide izatea, txiki-txikitatik, Maria. Bi urte zituztela eskolan hasi zirenean ez zituen eskailerak bakarrik igotzen. Inork ez zekien noizbait ikasiko ote zuen eskailerak igotzen, bere izena idazten, margoa eskuarekin eusten, berokia zintzilikatzen, mukiak zintzatzen, gometxekin aurpegi bat irudikatzen, ilean txirikorda bat egiten, lokarriak lotzen, hizkiak modu lotuan idazten, sei zenbakia aldrebes ez egiten. Inork ez zekien. Egia esan, gainontzekoek hori guztia egiteko gaitasuna izango ote zuten ere ez genekien. Baina, denak Mariari begira, ea zer egiten zuen eta zer ez. Egun batean kalean topatu genuen, eskolatik kanpo. Lau hitz egin nizkion Mariari. Agurtu ginenean, alabak errieta egin zidan, «zergatik hitz egin diozu tuntuna balitz bezala? Hitz egiozu normal». Normal? Ez diot normal hitz egin?

Aitortu nion ez nekiela Mariari nola hitz egin. Berak erantzun zidan berak baietz, egunero hitz egiten zuelako Mariarekin, eta jolastu, eta barre egin, eta haserretu batzuetan. Ikasketa hori Mariari esker izan du eta sekulako pribilegioa dela uste dut, ikasgai estra bat. Baina aniztasuna tratatzeko eta horri begiratzeko moduez serio pentsatu beharko dugu. Begirada inozo errukiorra erantzi eta justizia soziala jantzi.