Gaurkotasun handiegia
Nafarroan XVI. eta XVII. mendeetan alargunek bizi zuten egoeraz ikerketa mamitsua egin du Amaia Nausia Pimoulier historialariak. Irakurketa interesgarria beldurgarria bihurtzen da tarteka, denboran hain urrun egonagatik, gaurkotasun handiegia sumatzen delako. Egun emakumeen gorputzak eta gogoak lotzen dituzten sokak duela lauzpabost mendetik datozela ikustea tristea da; amorragarria eta argigarria aldi berean. Sokak motzagoak balira, errazago erantziko genituzke. Baina luze-luze-luzeak dira, goraka tira eta tira eta tira egin arren, aspalditik datoz eta sekula ez da agertzen sokaren ertza, beti dago harago.
XVI. eta XVII. mendeetan emakumea beti zen gizonezko baten alaba, emaztea edo alarguna. Emakumea berez ez zen inor, ondoan zuen gizonaren arabera izendatzen zen. Ulertzen zen emakumeak beti behar zuela gizonezko baten zaintza, bere kabuz ez zelako gai. Eta ideia hori euskarritzen zuten teoria biologistak latzak ziren. Ulertzen zen haurra sortzeko unean amaren sabela ez bazegoen behar adina bero, emea sortzen zela akatsez. Aldiz, amaren sabela ondo berotuta bazegoen, arra. Alegia, emakume sortzea berez akats biologiko bat zela, gizaki hori ondo egina ez balego bezala, irakinaldi baten faltan. Hortik abiatuta pentsatzen zen emakumea ez zela oso arrazionala, ez zituela erabaki egokiak hartzen eta gizon baten mende egon behar zuela.
Alargun geratzen zen emakumea, beraz, gertutik kontrolatu beharra zegoen. Batetik, dagoeneko ez zeukan senarraren zaintza eta auskalo zer egingo zuen berak bakarrik. Gainera, esperientzia sexuala zeukan eta hori oso arriskutsu jotzen zen emakume batengan. Jendarteak oso gertutik kontrolatu beharrekoak ziren alargunak, askatasun handiegia zeukatelako beren bizitza eta ondasunak kudeatzeko, erabakiak hartzeko.
Senarra hiltzean, alargunak zenbat negar egiten zuen eta nola kontrolatzen zuen jendarteak. Gehiegi eta ozenegi egiten bazuen, gaizki. Esajeratuegia begitantzen zen eta senarra Jainkoaren magalean ondo egongo ez zen beldurra igartzen zitzaion. Negar gutxiegi eta apalegi egiten bazuen, gaizki; senarra behar bezainbeste maite ez zuen seinale. Dolua xume, apal eta denbora nahikoan egin behar zuen; arretarik deitu gabe, etxe inguruan gordeta, seme-alabak ondo zainduz, alargun onaren irudia emanez. Soineko beltzak eta zabalak, gorputzaren biribilguneak nabaritu gabe, azal zurian oihal beltzaren tentazioa piztu gabe.
XVI. eta XVII. mendetik urrun, eta alargun izan gabe, emakume izateagatik bakarrik ito egiten da bat kontakizunean, emakumeak epaitzeko ariketa aspaldikoa dela eta kantoi askotatik egiten dela konturatzea itogarria delako. Gaurkotasun handiegia.