Jaiak eta otsoak
Hasi dira uda usaineko jaiak. Jarraitu dute eraso matxistek eta bortxaketek. Ez dago emakumeentzat egun eta toki segururik, urtaro lasairik, ordutegi egokirik. Erasotzaileek ez dute oporrik hartzen eta festara joanda, are erasotzaileago bihurtzen dira. Haiek ondo pasatzeko beste norbaitek gaizki pasatu behar du derrigor eta emakumeei beti pastelaren parte iguala tokatu behar.
Tamalez arazoa ez da berria eta egoera aldatzeko ahalegina eta lana egiten da. Mugimendu feministak sekulako lana egin du jaietan eremu askeak eta seguruak sortzeko bidean eta esango nuke emakume bakoitzak ere lanketa indartsua egin duela bere buruarekin parrandan indartsuago, askeago, jaietakoago izateko borrokan. Lana kanporantz eta barrurantz egin behar da, denak behar ditugu.
Eta, hala ere, beldurra. Eta, oraindik ere, beldurra. Baina, zer demontre?
Gasteizen emakume talde batek whatsapp talde bat sortu du etxera bidean bakarrik eta beldurtuta sentitzen diren emakumeei laguntzeko. Ondo dago hori. Gure alabek ere elkarri laguntzen diote etxera. Sarea, magala, babesa.
Badira bestelako neurriak. Adibidez, taberna batean erasotua sentitzen bazara, barran lanean dagoenarengana hurbildu eta “kafe hotza” eskatzen badiozu, ulertuko du erasotua sentitzen ari zarela eta lagunduko dizu (“kafe hotza” edo beste hitz klabe batzuk izan daitezke, tokian-tokian). Ondo, jendez inguratuta zaudela laguntza modu diskretuan eskatzeko modua da.
Kataluniako diskoteka batzuetan edaria tapadun basoetan zerbitzatzen hasi dira, sumisio kimikoa dakarten substantziak basoetan erraz samar botatzea eragozteko. Badakizue, “kontuz basoan zer botatzen dizuten” abisua, amonetatik ametara eta ametatik alabetara pasatu dena, errealitate bihurtua. Beldurra tapadun baso batean harrapatuta.
Eta gero eta babes neurri gehiagoren berri izan, gero eta lasaiago beharrean, gero eta haserreago sentitzen naiz. Erasoak gertatzen badira, urtez urte, festaz festa, berdin han eta berdin hemen, erasotzaileak daudelako izango da, ezta? Eta erasotzaileen adinak begiratuta, garbi ikusten da ez dela herentzia zahar bat, gure jendarteak erasotzaile berriak sortzen jarraitzen baitu. Orduan, nire ezjakintasunetik eta xalo-xalo, zergatik jarraitzen dugu alde batera bakarrik begiratzen? Emakumeak ahalduntzea, babestea, laguntzea, indartzea oso ondo dago. Baino badirudi asumitzen ari garela erasotzaileak eta, beraz, erasoak beti izango direla, otsoak izango direla beti basoan; grinatsu, erasokor, kontrolaezin, oldarkor.
Tristea iruditzen zait. Gure alabek jai apartak merezi dituzte; alai, aske, ero, otsoekin kezkatu ere egin gabe.