Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Ezer ez egitearen artea

Ezer ez egitea gaizki ikusia dago eta aspertzeak izen txarra dauka. Aspertzen ari direla esanez lata ematen duten haurrei aspertzea oso ona dela esaten diegu, baina helduok askotan kontzientzia zamatsua sumatzen dugu ez garenean ezertan ari. Ari, zerbaitean. Horixe gaur egungo gaitza. Beti presaka, beti zerbait egiten eta beti zerbait gero egiteko. Hamaika lan, kakalan. Ez ote den hobea gauza bakarra eta hura ondo egitea lehendabizi...

Total, ezer ez egiteak ere baduela bere funtzioa. Eta gauzei garrantzia emateko izen ponpoxoa jarri behar bazaie, ba, jarri eta bakea. Holandarrek jarri diote: niksen, «ezer ez egitea» nederlanderaz. Eta izena duenak izana duenez, filosofia oso bat brodatu diote hitzari. Emankorrak, produktiboak izan behar omen dugu. Horrek egiten gaitu tristeki baliagarri. Ba, tarteka ezer ez egiteak, emankorragoak, irudimentsuagoak eta batez ere, zoriontsuagoak egingo gaituela garbi daukate niksenzaleek. Adituen esanean, burmuin osasuntsu batek jaitsierak eta igoerak behar ditu, jarduera eta atsedena neurri egokian. Beti martxan dagoen burmuina ez dago ondo eta, alderantziz, beti geldirik dagoena ere ez dago osasuntsu. Beraz, ezer ez egitea ez da alferkeria, osasuna da.

Gizakiak espezie bitxia gara, oso bitxia. Eta “ezer ez egitea” baino gauza errazagorik ez dagoela iruditu arren, ez da hain erraza eta jende asko da ezer ez egiten ez dakiena. Erridikulua begitantzen da, baina horrela da. Horregatik dago dekalogo bat, ezer ez egiteko aholkuak biltzen dituena.

Bihurtu ezazu ezer ez egitea lehentasun bat. Horrek produktiboagoa, sortzaileagoa, zoriontsuagoa eta osasuntsuagoa egingo zaitu.

Zure buruari ezer ez egiteko baimena eman, horrek askoren kritika ekarriko dizun arren. Lagunak, lankideak edo barruan daukazun kritiko zorrotz horrek alferra, nagia, berekoia zarela esango dizu akaso. Ez egin kasurik. Ez egin ezer.

Egunero denbora pixka bat atera ezazu ezer ez egiteko. Toki patxadatsua aukeratu, estimulurik gabea eta hartu denbora zure buruarekin egoteko. Ez da oporretara itxaron behar ezer ez egiteko, onena egunero tartetxo bat hartzea da. Bihurtu ezazu ohitura bat egunero, tarte batez, ezer ez egitea.

Niksenean adituak direnek garbi daukate: praktika labur samarra eta egunerokoa izatea da gakoa, eguneroko errutinan txertatzea, tartetxo horiek baimentzea gorputzari. Une batez, itzaltzea. Ez, sofan eseri eta telesail bat hasi eta buka ikustea ez da niksena. Eta bai, kanpoko motorra itzaltzean barruko norbere ahotsa entzuten da, onerako zein txarrerako.

Ba, gaur bertan hasiko naiz, denbora hartzen badut. Kaka! Esan dizuet ez zela hain erraza...