Gure mendiek ezkutatzen dutena
«Maite ditut maite geure bazterrak», zioen Mikel Laboak bere kantuan euskal mendiei gorazarre eginez. Egun ere maite ditugu eta, batzuek besteek baino gehiago, errespetuz tratatzen ditugu, euren birjintasuna mantendu nahian. Hori bai, askok ez dakitena da gure mendi anitz ez direla inolaz ere birjinak, baizik eta gizakiaren esku hartzearen ondorioz direla egun diren bezalakoak.
Gure mendiak dira euskaldun askoren aisialdi gune kutunenetakoak. Gure bazterrak maite ditugu eta gustuko izan ohi dugu naturan planak egitea. Baina garai batean, ez hain aspaldi, mendiak familia ugariren sostengu ziren, eta horien ustiapena garrantzi handiko auzia zen, udal eta herrialdeei zuzen-zuzenean eragiten ziena. Hala, euskal herrialdeen arteko harremanek eta herrialde bat baino gehiago lurrak hartzen zituzten partzuergoek berebiziko garrantzia zuten. Hori dela eta, historialari eta arkeologoentzat mendira joatea ez da naturan murgiltzea soilik, Euskal Herriaren iragana ikertzeko aukera paregabea ere bada. Bada, ezagutza hori herritarrei helarazteko asmoz idatzi dute “Urbia eta Altzaniako mortuak. Arkeologia, historia, mugarriak eta toponimia” liburua, mardula bezain interesgarria. Burdinola elkarteak sustatua, Arkeolan Fundazioaren bildumaren barruan kokatzen da zenbait autorek elkarlanean idatzitako lana. Mercedes Urteaga Artigas arkeologiaz arduratu da, Jose Rodriguez Fernandez eta Angel Martinez Montecelo historiaz, Joseba Alonso Arratibel eta Aitor Azpiazu Ugalde mugarriez eta Jose Luis Ugarte toponimiaz. Sei lagunen artean liburua idaztea erraza izan dela dio Jose Rodriguez Fernandezek, bakoitzak bere zatia txukun egin duelako eta koordinatzaileak ere ederki aritu direlako. Hizkuntzaren aldetik, egile bakoitzak erabaki du nola idatzi; lau atal gazteleraz daude eta bosgarren bat euskaraz. Seigarren atalean laburpenak daude euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Informazioari 200 argazki baino gehiago eta aipatzen diren lekuen plano handi bat gehitu zaizkio.
Lanaren helburu nagusia Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrak entitate komunal bezala historikoki jokatutako papera azaltzea da. Laburpen batekin hasten da, eremuko ingurumena, klima, begetazioa, geografia eta bestelako kontu orokorrak ulertu eta kokatzeko. Gero giza aztarnak arkeologikoki aztertzen dira, historiaurretik Erdi Arora, hau da, partzuergoa existitu baino lehenagoko garaia. Hirugarren kapituluan partzuergoa aztertzen da, sorrera eta garapen historikoa azalduz. Laugarren atalean mugarriak agertzen dira, nola identifikatzen diren, nola mugatzen duten paisaia ekoizpenerako, administratiboki, politikoki... Azken kapituluan toponimia jasotzen da, bai ahozko memoria bai nola mantendu den lurraldean.
Jose Rodriguez EHUko irakaslea da, historialaria eta arkeologoa, paisaia historikoetan aditua. Berarentzat goxoki bat zen partzuergoari buruzko ikerketa egitea. «Miragarria da nola orain dela 600 urte sortutako entitate komunal bat gaur egun ere oraindik mantentzen den. Kudeaketa ez da Erdi Arokoa, noski, arazoak eta moldaketak izan dira. Partzuergoa desagertzeko zorian egon da hainbat aldiz historian zehar, batez ere XIX. mendean, baina mantendu egin da», argitu digu egileak, liluraz.
Rodriguezek kontatu bezala, dokumentazio lana duela lau urte hasi zuen. «Dokumentazio idatzia izan da iturri nagusia [ez bakarra, ahozko informazioa ere jaso baitute]. Artxibo nagusira jo dugu logikoa denez, Seguran dagoen partzuergoaren artxiboa. Baina beste artxibo batzuk ere ikertu ditugu: herri partaideen udal artxibategiak eta Estatuarenak, adibidez, Valladolideko Errege Entzutegi eta Kantzelaritzan lehiaketa juridikoak aztertu ditugu. Eta baita Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoetako artxibategiak. Nahiko sakona eta konplexua izan da dokumentazioa miatzea», onartu du.
Etorkizunerako memoria. Liburuak etorkizunera begirako gordailu izan nahi du. «Lurralde baten garapen historikoa aztertu dugu eta gure helburua publikoari orain dugun ikuspuntua aldatzea da. Aizkorri-Aratz Parke Naturalean gaudenean, parke natural soil bezala ikusten dugu, gune natural bezala, gizakiak ukitu gabea. Eta justu kontrakoa da! Ekoizpen eta ustiapen historikoa eman da bertan aspalditik eta erabilera horrek paisaia moldatu du. Kontu naturala baino, historiko-kulturala da. Egun miresten dugun paisaia artifiziala da, denboran eraikia», azaldu du .
Liburuan artxibategietan lortutako informazioa xehatua ematen zaigu –500 espediente idatzi baino gehiago aztertu dituzte egileek–, baina baita lekuko pertsonen testigantzetatik lortutako datu interesgarriak ere. Egun mendiak aisialdirako, kirolerako, naturaz gozatzeko baliatzen ditugu, baina garai batean hori baino askoz gehiago ziren. Horretaz gogoratzen diren pertsona gero eta gutxiago gelditzen dira, eta hurrengo belaunaldiek segur aski ahaztua izango dute garai bateko bizimodu hori. Lan honen bitartez ondare hori betiko gordetzea lortu dute.
Ez da azkar batean irakurtzeko lan erraza, baina bai pixkanaka irakurtzen joatekoa bakoitzaren interesen arabera: abeltzaintza, basogintza, bordak eta etxolak, aztarnategiak, mugarriak, harrobiak, elur-zuloak... «Luzea gelditu zaigu, baina ez da konplexua irakurtzeko», dio irakasleak. Izan ere, ez da publiko aditu bati zuzendutako lana, edonork etxean izan eta kontsultatu ahal izatekoa baizik. Azken batean, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorraz inoiz egindako ikerketa osatuena da. Ekimena talde xume batetik datorrenez, liburua eskuratzeko biderik errazena Arkeolan Fundazioarekin harremanetan jartzea da.