Urakanak
Hiztegiak dio «oso haize indartsuko ekaitza» dela urakana baina, nire ustez, minutu bakar batean daukazun dena galtzea da urakana. Eta Floridan izan naiz horren lekuko.
Ameriketako Estatu Batuen historiako urakanik gogorrenetakoa izan da “Ian” eta sekula ez dut halako hondamendirik ikusi. Auzo asko birrinduta geratu dira, errepideek erreken itxura hartu dute eta milaka lagun ezer barik geratu dira. Etxeak buelta emanda ikusi ditut, autoak elkarren gainean pilatuta eta amets asko hautsita.
Dagoeneko hildako gehiegi daude, baina zifra hori igo egingo da oraindik. Erreskate taldeek etxez etxe eta autoz auto ibili behar dute hildakorik dagoen egiaztatzeko. “X” bat marrazten badute, ez dute hildakorik aurkitu. Aldiz “O” bat marrazten badute, gorpuren bat aurkitu dute etxe edo ibilgailu horretan eta, tamalez, “O” asko marrazten ari dira egunotan.
Hildako gehienek 60 urtetik gora zituzten, jubilatuen paradisua baita Florida. Estatubatuar askok, jubilatzen direnean, Wisconsineko edo Iowako etxea saltzen dute Floridara bizitzera joateko. Askori, baina, bete-betean zapuztu zaie ametsa. Etxerik eta ilusiorik barik geratu dira eta Florida utzi eta seme-alabengana joan beharko dute. Eta kaltetuen artean pobreak eta aberatsak aurkitu ditugu, klase sozialari begiratu barik parean aurkitu duen guztia aurretik eraman baitu Ianek.
Beti iruditu zait bitxia Urakanen Zentro Nazionalak urakanei pertsonen izenak jartzea. 1953an hasi ziren. Ekaitzak bata bestearengandik ezberdintzeko zailtasunak zituztela-eta, pertsonen izenak jartzea erabaki zuten. Baina zerrenda hori ez da urtero berritzen. Berez, sei zerrenda dituzte osatuta letra bakoitzeko izen batekin eta, hortaz, aurten erabili duten zerrenda 2028an erabiliko dute berriro. Hori bai, Ian izena ez da zerrendan agertuko, hondamendia eragin duten urakanen izenak ezabatu egiten dituztelako. Katrina, Sandy, Harvey, Maria, Florence eta Ian ez dituzte gehiago erabiliko.
Izen hauen atzean dauden urakanek erakusten dute minutu bakar batean daukazun guztia gal dezakezula. Horregatik, Floridan ez dute “Ian” erraz ahaztuko. Eta ikusi dudan guztia ikusi ostean, neuk ere ez.