Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
HELENE ALBERDI

«Fisiologikoki, emakumeok ez daukagu mugarik; beste gauza bat dira sozialki dauden estigmak»

Argazkiak: Andoni Canellada | Foku
Argazkiak: Andoni Canellada | Foku

Ondo nago, momentua disfrutatzen. Pozik eta ilusioarekin». Helene Alberdi triatleta da afizioz, eta medikua ofizioz. «Horrela esanda ematen du medikuntza diru iturri soila besterik ez dela, eta bada afizioa ere», ñabartu nahi du, sare sozialetako bere deskribapena argitu asmoz. Kirolak mugitzen du, eta medikuntzak errealitatetik ez aldentzen laguntzen dio. Beharrezkoak ditu biak. Distantzia erdiko triatloian Europako txapelketa irabazi zuen, Bilbon, bere jaioterrian. Goia jo zuen, baina argitzen du hori «icebergaren punta» besterik ez dela.

Zumaian egin dugu hitzordua, bere bizilekuan. Lotsa puntu apur batekin, «ea guzti hau merezi» duen galdetzen duen bitartean. «Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez mundua alda dezake» leloa jartzen duen poltsa darama aldean, Zorrotz hedabidekoa. Kontraesanak kudeatu behar izan zituen bere lehendabiziko Europako txapelketa jokatu aurretik. «Nik nire sentimenduak argi dauzkat eta uste dut ez diodala inori azalpenik eman behar», dio.

Atzean talde bat dauka, babesten duen taldea, Peio semea gidari nagusia dela. Ama izan zenetik pilatu ditu emaitzarik onenak –edo nabarmenenak– eta Alberdi berak onartzen du, denborei erreparatuta, bere maila ere igo egin dela. «Lehen agian gehiegi presionatzen nuen nire burua eta oso urduri jartzen nintzen; eta orain badakit oso garrantzitsua dela triatloia, baina horrez aparte gauza inportanteagoak badaude. Jartzen naiz irteera lerroan eta esaten dut: “Ahal duzun guztia egin, eta, bestela, hor daukazu Peio zain, hor daukazu zure saria”. Horrek niri lasaitasuna eman dit».

Laugarren egin zenuen Portugalen, denboraldiko azken lasterketan.

Bai, ez zen atera nahi nuen bezala. Denboraldia oso ondo zihoan, eta beste asmo batzuekin joan nintzen. Txapelketa garrantzitsua zen, hurrengo urteko distantzia erdiko Ironman frankiziako Munduko txapelketarako bi txartel banatzen ziren, eta minutu batera geratu nintzen. Ez da emaitza ona izan, baina denboraldian lortu dudanari balio handiagoa ematen diot emaitza txar honen ondoren. Aukeratzekotan, nahiago dut irabazi ditudanak irabazi, Portugalgo lasterketa baino. Balorazioa positiboa izan da.

Duela urtebete ezinezko ikusten zenuen Europako txapelketa irabaztea. Nola iritsi da errealitatea izatera?

Pixkana-pixkana, eguneroko lanarekin. Lehendabiziko txapelketetan ikusi nuen maila hobetu nuela. Zarauzko triatloia irabaztea ez nuen espero, baina bai lehiatzea. Hor jauzi bat zegoen. Zarauzkoa irabazi ondoren, sinesten hasi nintzen. Eta Bilbon, berdin. Irabaztea ez nuen espero, baina aurreko asteetan podiumerako borrokan egon nintekeela ikusten nuen. Eguna iritsitakoan maila eman nuen, zortea izan nuen eta faktore asko suertatu ziren. Bi aste lehenago esango balidate, zaila ikusten nuen, baina aukerak izan nitzakeela uste nuen. Duela urtebete, ez.

Triatloian ere existitzen al da zortea?

Nik uste dut zortea bizitzan arlo guztietan behar dela. Zortea behar da irabazteko, dena atera behar zaizulako ondo. Aurretik etxeko lan guztiak ondo egin behar dira, eta dena biribiltzeko behar da zortea. Ez baduzu ezer entrenatzen, zorteak ez du laguntzen.

Ama izan ostean pilatu dituzu emaitzarik onenak. Nola izan da prozesua?

Nire bizitza nondik zihoan argi ez neukan une batean, denbora hartu nuen niretzat. Triatloian ez zegoen txapelketarik, lar arloan ez zegoen batere argi pandemia baten erdian geundelako... Haurdun geratzea izan zen denbora hartzea niretzat. Segitu nuen kirola egiten, kirola niretzat ezinbestekoa delako, eta zorionez haurdunaldi ona eta haurdunaldi-oste ona eduki nituen. Arin hasi ahal izan nuen berriro kirola egiten, profesionalen eskuetan jarrita. Nire entrenatzailearekin [Ainhoa Murua] eta Emeki Tolosako zentro batean. Beraien konfiantza eduki nuen, eta gauza bat bestearen atzetik etorri da. Lehendabiziko lasterketa izan zen ama izan eta hiru hilabetera, Tuterakoa [2021eko uztailean], esprint distantzian. Irabaztea ez zen izan garrantzitsuena, baizik eta denbora. Denbora begiratuta, ama izan aurreko denboratik ez nengoen urruti. Urte horretan, umea izan eta zazpi hilabetera izan zen Espainiako txapelketa, Bilbon. Nik ondo ikusten nuen neure burua, baina goizegi zen zerbait garrantzitsua lortzeko. Joan eta irabazi egin nuen. Gainera, denborak ikusita, hobeto itzuli nintzen, eta hor motibatu egin nintzen. Aurtengo lehendabiziko txapelketa Saloun izan zen, igeriketako proba bertan behera geratu zen, eta ni berez igerilari ona naiz. Duatloia egin zen azkenean, eta zazpigarren egin nuen. Niretzat emaitza ona izan zen, denborak oso onak izan zirelako. Jauzia eman nuela banekien; agian kanpotik ez da asko igartzen, emaitza ez zelako izan hain deigarria. Geratzen zara Europako txapelketa irabazi dudala, argazkia hori da, baina prozesua oso pixkana egindako gauza bat izan da. Urte askotan egindako lanaren emaitza da hau. Ama izan naizenetik hilabete gutxi pasatu dira, eta hilabete gutxi horietan ezin da hau dena lortu, baina urte askotan egindako lan horien fruitua ari naiz jasotzen.

Sentsazioak bestelakoak izanez gero, zailagoa izango al zen jarraitzea?

Bai. Eta erditze-oste guztiak ez dira berdinak. Nire kasuan gakoa izan zen espektatibarik gabe hasi nintzela. Ez nuen nire burua behartu, momentu bakoitzean egiten nuen behar nuena. Etorritako guztia ezustekoa izan da. Nire burua presionatuko banu eta helbururik lortuko ez banu, ba, agian estutu egingo nintzateke. Ondo aholkatuta egon naiz. Ainhoa [Murua] ama izan zen eta Alazne [Apalantza] emakume kirolari hainbatekin ari da lanean; bidelagun onak izan ditut. Askotan aholkurik onenak izan dira, “ez egin hau” esan didatenean.

Felix Sanchez - Helene Alberdi

Ama eta kirolaria. Normalizatu egin behar da, ezta?

Noski. Orain arte ezin izan bada, ez da izan fisiologiko ez garelako gai, baizik eta sozialki emakumea ez delako egon kirolarekin lotuta. Orain, adibidez, ohitzen ari gara emakumea kirolean normaltasunez ikustera, baina orain dela 50 urte ez geunden egoera horretan. Fisiologikoki, ez daukagu mugarik; beste gauza bat dira sozialki dauden estigmak. Hori apurtzea ez da erraza. Ni haurdun nengoenean, ni ez nintzen Zumaian korrika aritzen. Hartzen nuen autoa eta joaten nintzen ezkutuan korrika egitera, ingurukoek zer esango zuten beldur.

Eta orain nola daramazu?

Antzera, baita ere. Nik emaitza batzuk dauzkadanez, sentitzen dut inguruak ulertzen didala eta baimena ematen didala hori egiteko. Baina, bestela, uste dut oraindik ere ez dagoela ondo ikusita, ume baten ama izanda, arratsaldeko bostetan korrika aritzea.

Aita bat ere edukiko du ume horrek.

Bai, bai, eta ni zorteduna kontsideratzen naiz. Joaten zara triatloietara eta %90 emakumea da umearekin, ikusten aitak kirola nola egiten duen, babesten. Eta nire etxean kontrakoa da. Nire bikoteak utzi du kirola egitea, nik egin ahal izateko. Igandea iristen da, eta nik bizikletan entrenatzera joan beharra daukat, 4-5 ordu. Nire bikotekidea geratzen da etxean umearekin. Gure etxean hori alderantziz bizi da. Baina ez da ohikoena. Nire kasuan, gizarteak baimendu dit hau egin ahal izatea, emaitzak hor daudelako. Baina zer pasatzen da, Europako txapelduna izan behar dut berme bat edukitzeko? Ezin dut hori egin afizioz? Uste dut ez dagoela hain onartuta. Maila erdipurdiko gizon asko daude kirola egiten, eta hori onartuta dago eta inork ez du jartzen zalantzan.

Psikologikoki landu duzu zerbait?

Denborarekin ikasi dut beste alde batera begiratzen. Noski eragiten dizula, eta lehen orain baino askoz gehiago. Baina ikasi dut jartzen gabardina bat bezala. Kontzientzia lasai daukat, eta azalpenak eman behar ditudan lekuetan ulertzen didate eta babestua sentitzen naiz.

Garrantzitsua da babes hori edukitzea, ezta?

Bai, ezinbestekoa. Azkenean, nik eramaten ditut titularrak, ni agertzen naiz argazkietan, baina nire atzean talde bat dago, nik hau egitea posible egiten duena. Talde hori gabe ezingo nuke ezer lortu.

2015ean hasi zinen triatloiekin, kirola apur bat alboratuta eduki ostean. Nolakoa zen orduko Helene?

Esango nuke Helene ez dela asko aldatu. Ni beti izan naiz gauza batekin hasi eta horretan buru belarri jartzekoa. Batxilergoan igeriketan aritzen nintzen, nahiko gogor. Unibertsitatean hasi nintzen, medikuntza ikasten, eta nire helburua zen ikasketak eta kirola uztartzea. Ez nuen lortu. Lehendabiziko hiruhilekoan kolpe handia eraman nuen, bai ikasketetan eta bai kirolean ere (barrez). Orduan ba, momentuak dira eta erabaki behar da nondik jo. Ikusi nuen momentua zela igeriketa alde batera uzteko, behintzat goi mailako txapelketak, eta karreran zentratzeko, nahikoa lan baneukala hor. Karrerako azken urtean, lagun batzuen bitartez triatloian hasi nintzen. Eta banekien, hasten banintzen, hasiko nintzela ahal nuen guztiarekin. Hori norberaren izaerarekin batera doa, eta ni gauza batean hasten naizenean topera sartzen naiz. Eta horrela jarraitzen dut.

Askok aipatzen dute, ikasketetarako, kirola babeslekua dela.

Bai. Nik karreran ez nuen lortu. Kirola egiten nuen, baina ez maila honetan. Nire kasuan ez zen izan babesleku bat. Gerora konturatu naiz agian on egingo zidala, baina garai hartan pentsatzen nuen zenbat eta gehiago ikasi hobeto joango zela. Orain ohartzen naiz denbora asko galtzen nuela. Hobeto zen gutxiago ikasi eta ondo ikasi, eta agian denbora aterako nukeen kirolerako, baina tira... Gaztea nintzen, parrandan ateratzen nintzen, mila saltsetan nengoen... Ordea, azken urtean, Oviedora joan nintzen, MIR azterketa prestatzera. Dira zortzi hilabete klaustro batean bezala, egunero ikasten. Orduan triatloiarekin hasita nengoenez, egunero jarraitu nuen entrenatzen, eta nire salbazioa izan zen.

Felix Sanchez - Helene Alberdi

Garai ezberdinak dira eta buruak ere eragingo du.

Bai, buruz motibatuta egon behar duzu.

Eta zu zerk motibatzen zaitu?

Ez dakit... Aurten asko disfrutatu dut lehiatzen, baina orain arte oso gaizki pasatzen nuen. Niri entrenatzea gustatzen zait. Entrenatzaileak jartzen badit 4 orduko saioa, 5 ordu egin dezaket... Horrekin disfrutatzen dut. Kontua da ilusio hori mantentzeko txapelketak behar dituzula. Aurten, ez beti baina, bai, lortu dut lasai egotea eta disfrutatzea, ez dena erraza. Askok galdetu izan didate ea amatasunak loturarik badaukan. Nik uste dut lotura izan dezakeela. Lehen agian gehiegi presionatzen nuen nire burua eta oso urduri jartzen nintzen, eta orain badakit oso garrantzitsua dela triatloia, baina horrez aparte gauza inportanteagoak badaude. Jartzen naiz irteera lerroan eta esaten dut: “Ahal duzun guztia egin, eta, bestela, hor daukazu Peio zain, eta hor daukazu zure saria”. Horrek niri lasaitasuna eman dit.

Sufrimendu hori nola igartzen zenuen?

Urduritasun handia, espektatibak ez beteatzearen beldurra ere bai. Lasterketetan zehar beldur horiek: zalantzak, ez noala ondo, erretiratu egingo naiz, honek merezi al du? Gero egia da helmugara iritsitakoan, bai merezi izan zuela... Denetarik pentsatzen duzu. Azkenengo aldia izango dela ere askotan pentsatu izan dut.

Andoni Canellada | FOKU

Europako txapelketa irabazi ostean segituan hartu zenuen lur, astelehenean kontsultara joatean errealitateaz jabetzen zarelako.

Bai. Lanera itzultzen zarenean, egunerokotasunean lur hartzen duzu derrigorrez. Nire kasuan, kontsultan, eta gainera azkenaldian ikusten ditudan arazoekin eta abar, lur hartzen dut eta banalizatu egiten dut, garrantzia kendu lortutakoari. Ondo egon zen larunbatekoa, baina bizitza ez da hori, bizitzako arazoak beste batzuk dira.

Noiz ikusi zenuen Bilbon irabazle izan zintezkeela?

Sentsazio nahiko onak eduki nituen. Korrika egiten hasi nintzenean, nahiko azkar zabaldu nuen tartea. Banekien, ez banuen erritmoa jaisten, ez nindutela harrapatuko. Ez nuen ikusi horrelako arriskua, beste batzuetan bezala, ez dakizula zer pasatuko den. Azken kilometroara arte ez nuen guztiz sinetsi, edozer gerta daitekeelako, eta beti daukazu beldurra... Pentsatzearekin soilik Europako txapeldun izan nintekeela… Ez nuen nahi pentsatu, ze bestela emozionatu egingo nintzen.

Egon zen polemikarako tarterik ere. Euskaldunek Espainiako maillotarekin lehiatu behar zenutela-eta. Euskaldun batzuk uko egin zuten. Zuk inoiz planteatu zenuen? Nola bizi izan zenuen?

Ez da gai erraza. Nik ez dut ondo pasatu. Nik nire sentimenduak argi dauzkat eta uste dut ez diodala inori azalpenik eman behar. Imajinatu, Bilbon Espainiako maillota jartzea... Niretzat, hori imajinatzea soilik... Barne lanketa bat eragin zidan. Nire lehendabiziko Europako txapelketa zen, eta aste bat lehenago ikustea jendea protestan zegoela, euskal selekzioaren alde, batzuk uko egin ziotela... Eta ni egon beharrean ilusionatuta, nengoen arduratuta ea zer egin behar nuen, nire kontraesanak kudeatzen... Niretzat oso garrantzitsua izan zen nire ingurukoekin hitz egitea, nire familiaren eta nire lagunen babesa. Askotan pentsatu izan dut agian inkoherentea izan naizela, baina uko egin izan banu, orain ez nintzateke Europako txapelduna izango. Irtenbide bakarra da uko egitea, eta nik gaur egun nahi badut nire kirolean nazioartean lehiatu, eta izan Europako txapelduna edo dena delakoa, Espainiako maillotarekin egin behar dut, ez dago beste aukerarik. Noski gaizki pasatu nuela; barne lanketa bat egin nuen, baina erabaki nuen bereiztea zer zen kirola eta zer ziren nire sentimenduak. Muga batzuk badaude. Selekzioarekin parte hartu nuen, baina egia da ez dela egoera erraza, eta oraindik ere buelta batzuk ematen dizkiot. Uko egitean ordaindu beharreko prezioa oso altua da. Eta erabakia hartzerako orduan garrantzitsua izan zen lagunen babesa. Familian ulertzen eta babesten naute beti, eta badauzkat lagunak oso kritikoak direnak, abertzaleak eta oso kritikoak, eta hasieratik babestu naute %100. Hauek babesten banaute, aurrera.

Munduko txapelketa dago hurrengo urtean. Helburu finkorik badaukazu?

Hurrengo urteko helburuak oraindik zehazteko dauzkat. Bilboko txapelketaren ondoren, hautatzaileak esan zidan nirekin kontatzen duela; orduan plaza badaukat. Baina nire helburua da, eta orain arte ere hala izan da, daukadan maila hobetzea. Ni urtea bukatutakoan gustura egongo naiz maila hori hobetu baldin badut. Ni seguru nago nire maila hobetzen badut, emaitzak izango direla.

Zer da zure maila hobetzea?

(barrez) Bizikletan neurtzen da batioekin, eta nire maila hobetzea da 90 kilometrotan indarra lortzea bizikletan, batio gehiago ateratzea eta erritmo hori lasterketa luzeagoetan mantendu ahal izatea. Hurrengo urtean daukat asmoa Ironman distantziako probak egiteko. Ea gai naizen maila hau mantentzeko distantzia luzeagoetan. Ni seguru nago, hobetzen badut, emaitzak etorriko direla.

Inoiz obsesionatu zara? Denborarekin, batioekin...

Gehienbat entrenamenduetan. Saiatzen naiz beti ahalik eta gehien ematen. Oso exijentea naiz nire buruarekin. Baina beste alde batetik, beste lan bat edukitzeak eta semea edukitzeak laguntzen dit presio hori kentzen. Nik daukadan presioa nik neure buruari jartzen diodana da. Ezberdina izango zen, profesionalen kasuan, soilik triatloia izango balitz nire ogibidea.

Felix Sanchez - Helene Alberdi

Aipatzen dut badaudelako kasuak, ba, muga batetik pasatu eta arazoak ekar ditzakeenak; elikadura arazoak, kasu.

Ni zorionez ez naiz iritsi muga horretara.

Mediku izateak laguntzen du?

Ez mediku izateagatik. Badaudelako mediku gaixoak; eta asko karreran zehar gaixotzen dira, eta hori ikusi dut. Laguntzen dit deskonektatzen triatloiaz eta eman behar zaion garrantzia ematen, ez obsesionatzen.

Ainhoa Murua da zure entrenatzailea. Ez dakit lehenagotik erreferente modura zeneukan edo. Eduki duzu erreferenterik?

Maitane Urbietak idoloen inguruko saio baterako elkarrizketatu ninduen, eta bertan esaten nion nik uste dudala idoloen gaia gehiago dela txikitako gauza bat. Adinean gora zoazen heinean, idolo beharrean dauzkazula erreferenteak. Nik txikitan nituen idoloak gizonezkoak ziren. Tristea da. Julen Guerrero, Abraham Olano... Ez nuen idolo emakumerik. Erreferente gutxi zeuden; bai, bazegoen Joane Somarriba, baina gutxi ziren. Txiki-txikitatik izan naiz kirolaria eta kirol zalea, eta tristea zen, baina niri esaten zidatenean ea zer izan nahi nuen handitan, esaten nuen Athleticeko jokalari baten neskalaguna. Ez nuen ikusten ni izan nintekeela Athleticeko jokalaria. Kontzientzia hartzen zoazen heinean, Ainhoa bai izan da erreferentea. Eduki dut zortea, berarekin entrenatzeko aukera daukadala; eta orain erreferentea da, baina baita entrenatzailea eta laguna ere.

Motz motzean, zer eman dizu triatloiak edo kirolak?

Bizitzeko modu bat da, bizi estilo bat. Emaitzak hor daude, icebergaren punta dira, baina eguneroko lan bat dago. Jendea ezagutzeko modu bat. Gaur egun dauzkadan harreman garrantzitsuenak kirolari esker dira. Nire bikotekidea ere halaxe ezagutu nuen, eta gure harremanean kirola eta triatloia oso garrantzitsua da. Helduko da momentua ez dudala jarraituko goi mailan, baina uste dut kirola egiten bizitza osoan jarraituko dudala, gaur egun zoriontasuna hortik datorkidalako.