Gotzon Uribe
Crítico musical
MUSIKA

Sam Reider eta Jorge Glem

Sam Reider eta Jorge Glem musikariek sekula ez zuten pentsatuko, orain dela urte batzuk New York hiriko apartamentu batean elkar ezagutu zuten festa baten ondorioz, urte batzuk geroago elkarrekin egindako disko luze bat aurkezten egongo zirenik. Bihotzera begiratzen duen diskoa, dantza egitera bultzatzen duena; bi ezaugarri hauek nabarmentzen dira “Brooklyn-Cumaná” bikotearen lan berrian. Leku ezberdinetako kulturak batzen dira hemen. Diskoaren arteaz Mario Dávila diseinatzailea eta argazkilaria arduratu da, eta bertan azaltzen zaigu disko osoa zeharkatzen duen bidaiaren metafora. Joan-etorriko itzulia, kultura zein korronte artistiko ezberdinak batzen dituena.

Sailkatzen erraza ez den diskoa da hau. Hemen world music terminoa erabil dezakegu, baina harago doaz barruan dituenak. Sustraietako musika, folk doinuak... eta era berean gaurkotasunez jantzitako lana da. Musika amerikarra ere bada, eta jazzaren jarrera nabarmentzen da. Diskoa osatzen duten 11 abestiek badute jatorrian bluegrass eta folk amerikarraren etorria, Kaliforniako akordeoilaria den Sam Reiderren ukitua. Beste alde batetik, Venezuelako merengue doinuez hornitzen da, joropo eta bestelako erritmo biziak, Jorge Glemen cuatristaren eskutik –jatorria Venezuelan duen ukelelearen antzeko gitarratxoa–. Horrela batek bestearen giro musikaletara salto egiten du, doinu eta melodiak elkarrekin banatuz.

“Homer The Roamer” da diskoa zabaltzen duen lehenbiziko kantu esanguratsua, bertan Hernán Jabes zinegileak abestiarekin egindako bideoan nabarmentzen du bi musikarien arteko hartu-emana, non abesti bakoitza bestearen gainetik doan. Irlandar doinuak dituen abestia da jatorrian, eta gero akordeoia sartzen zaio, aldaketa nabarmenduz.

Jorge Glem musikari ezaguna da Venezuelako cuatro instrumentua jotzen; mandolinista eta ekoizlea ere bada. C4 Trio taldeko partaidea, berriki bi Grammy sarietarako izendatua izan da. Taldean estudioko zazpi disko dituzte, eta bakarka hiru argitaratu ditu, horien artean “En el cerrito” (2013) edo “Stringwise” (2018), Cesar Orozko piano jotzailearekin grabatua. Bere instrumentua munduan zehar zabaltzea du helburu, betiere jazz, salsa, bluegrass, rock, pop eta beste estilo batzuk gehituta.

Sam Reider akordeoilaria, pianista eta konpositorea da. San Frantzisko hirian jaioa, Txina, Laos, Kanbodia, Myanmar, Vietnam, Estonia, Turkia eta Azerbaijan moduko lekuetan aritu izan da lanean. Hango musiketatik eta kulturetatik hartu izan ditu elementu ezberdinak bere diskoak osatzeko. Horren adibidea da “Too Hot to Sleep” (2018) lan luzea.

CD AIPAGARRIA

Jackie McLean, Dexter Gordon, “The Meeting” • SteepleChase, 2022 • Jazz

AEBetako gerraosteko jazz musikako bi izar handi hauek elkarrekin azaltzeak atentzioa eman zuen zaletuen artean; 1974. urtea zen Jackie McLean (1931-2006) eta Dexter Gordon (1923-1990) musikarien “The Meeting” diskoa argitaratu zenean. Artista biak zeuden beren sormen momenturik gozoenean. Horrela, Kopenhage hiriko Jazzhus Montmartren 1973ko udan elkarrekin eskaini zuten zuzeneko emanaldia berrargitaratu da orain. 49 urte geroagoko berrargitalpen honetan ikus daiteke 1970eko hamarkadan nolako zaletasun beroa zegoen Europan jazzaren inguruan. Hemen entzun ditzakegu laukote moduan Jackie McLean –saxo altu jotzailea–, Dexter Gordon –saxo tenor jotzailea–, Kenny Drew –pianista–, Niels-Henning Ørsted Pedersen –baxu jotzailea– eta Alex Riel –bateria jotzailea–.