Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

13.000 laguneko isiltasuna

Zortzi lagun tranpaldoan, kantuan. A cappella. Zortzi lagun kantuan eta denak ez ondo; batzuk gozoago, beste batzuk afinazioari atzetik segika, irristatzen. Eskuak poltsikoetan, eskuak ipurtaldean. Ez argi, ez brillantina. Ez errealitate birtual, ezta errealitate areagotu ere. Dena soil, dena xume. Eta haiei begira 13.000 lagun; pentsamenduen, burutazioen, hitz jiren, ezusteko ateraldien, ideia brillanteen miran. 13.000 laguneko isiltasuna. Pentsatzeko uneak identifikatzen eta errespetatzen dakien komunitate baten barrurako arnasa.

Presaren presaz bizi gara. Haurrak estimulazioaren errusiar mendian hazten ditugu. Bideojokoek errealitatea dirudite, eta aldrebes. Telesailen atalak bata bestearen segidan irensten ditugu. Hori, gustatzen zaigun kasuetan. Ez bazaigu gustatzen, kapitulua hasi berritan utzi eta salto beste batera. Ez daukagu denborarik galtzeko erabat konbentzitzen ez gaituzten gauzetan. “Erritmoa” eskatzen diegu liburuei, filmei, harakinari, auto ilarei, bilerei.

Eta mundu horretan, zirimola ero horretan, hara non elkartzen diren 13.000 lagun areto batean zortzi bertsolari entzuteko. Eta hor josten den herriak isiluneak kolektiboki identifikatzen eta egiten ditu, erritualaren arauak partekatzen ditu, gozatu eta sufritu egiten du sortzailearen kulunkan. Hitzek bakarrik hitz egiten dute.

Frikiak gara. Bertsolariari eskua emateko pronto gaude, berak eraman gaitzala nahi duen tokira, nahi duen gorputzera. Ligatzeko aplikazio batean ibili gara, berriz sentituz kilikiliak, era guztietakoak baitira filiak. Harreman ireki bat probatu dugu. Negar egin eta lasaitua hartu dugu, nahi dugulako harreman lasaia, nahiz eta ez izan horren guaia. Zaintzen dugun zahartutako aitari malkoak ikusi dizkiogu bizitzan lehenengoz. Gaizki tratatu gaituen senarrari azken gosaria prestatu diogu, zianuroz eta “Marca” egunkariz hornitua. Bai, azken gosaria. Bizkarrean daramaten hilkutxa batetik kantatu diegu gure agurrera gerturatu direnei, egin ezazue lo lasai esanez. Eta beste hamaika sentsazio, ikara, poz, atrebentzia, ateraldi, aldrebeskeria itsatsi zaizkigu azalean, azkura eraginez eta aulkian mugiaraziz. Eta etxera eraman ditugu hausnarketa pare bat buruan piztuta saio bakoitzetik bueltan.

Gaur Nafarroa Arenakoa sekulakoa izango da. Zortzikote ederra azkenean. Horregatik ospatu genuen puntuazioren bat etxeko sofatik salto eginez, futbolzale porrokatuek golak ospatzen dituzten maneran. Desiratzen bertsolariei eskua emateko, irekiko dituzten zirrikituetatik sudurra sartu eta barrura begiratzeko. Desiratzen 13.000 laguneko isiltasuna hain elegante josten duen herriaren parte sentitzeko.