MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Lesioak eta berehalako esku-hartzea

Lesio, min edo molestiak edozeini gerta dakizkioke bizitzan zehar. Horrelako kasuetan bi bide posible har ditzakegu: aparteko ezer egin gabe “denbora” pasatu ahala errekuperatzea edota esku-hartze goiztiar baten bidez, diagnostiko egoki bat lortu eta berregokitzeko lanari ekitea. Lehenengo bidea aukeratuz gero, agian denbora batez lesioa ahaztea lortuko duzu. Aldiz, bigarrena aukeratuz gero, egoera horri aurre egiteko aukerak asko handitzea lortuko dugu, errekuperazio epeak murriztuz eta berrerortzeko aukerak nabarmen murriztuz.

Lesio baten aurrean lehenengo pausoa lesio unea antzeman eta onartzea da. Lesio mekanismoa zein izan den jakitea garrantzitsua da, ondorengo diagnostikoan lagungarri izango baita. Hasiera batean, larritasuna zenbatekoa izan den jakitea zaila izan arren, arreta handiz jokatu behar da, momentuko erabakiek gerora eragin handia izan baitezakete. Esaterako, giharreko zuntz haustura edota betiko “tiroi” baten aurrean giharra luzatzeko joera ohikoa izan ohi da; aldiz, hori egitea kaltegarria da, era horretan haustura handitu eta okertuko baitugu. Hortaz, lesioaren unean zer egin garbi izan ezean, askotan erabaki onena ezer ere ez egitea izan daiteke.

Behin lesioa onartzean, diagnostiko zehatz bat lortzea da hurrengo pausoa. Beharrezkoak diren probak burutu beharko dira aldez aurretiko anamnesi zehatz bat eginez. Etapa horretan zama nagusia mediku espezializatuarena izango da, nahiz eta fisioterapeuta eta berregokitzailearen esku-hartzeak ere lagungarri izan daitezkeen. Diagnostiko eta balorazio egoki bat lortzeko, denbora, dedikazio eta baliabide egokiak behar dira, etapa hori izango baita ondorengo berregokitzapena zehaztuko duena.

Horren ondoren berregokitzapena programatzeko unea da, talde multidisziplizarraren elkarlanari esker profesional bakoitzaren esku-hartze eta zereginak zehaztuz. Lesio ororen aurrean, berregokitze programari lehenbailehen heltzea komeni da, fase bakoitzean dagokion tratamendua jarraituz gero, errekuperazio prozesuak azkartzea eta lesioaren sendatze kalitatea hobetzea lortzen baita. Hortaz, denbora pasatzen uztea baino, prozesuari garrantzia eman eta lesioari aurre egitea gomendatzen dut.