SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Humanizatzeaz

S. apurgarria,

Errutinara itzuliko zinen, honezkero. Haurrak eskolan utzi, erosketak egin, bazkaria prestatu, lan-kontuak bideratu... Errutina: eroso sentiarazten zaituena, ito arte ( Ez al zaizu gauza bera gertatzen harremanekin?). Kirol apur bat egin, Sara Mesaren azkena irakurri, parkean egon... Errutina: segurtasuna eman ahala, alineatu eta alienatzen zaituena (Ez al zaizu gauza bera gertatzen nirekin?). Afaria inprobisatu, aldian aldiko telesaila ikusi…

Telesailez ari garela, eusten al diozu ikusi berri duzun telesailari buruzko kritikak irakurtzeko errutinari? Gogoetarako leihoak irekitzeko egiten zenuela azaldu zenidan; dena kontrolpean izan eta lagunartean luzitzeko iritzi burutsuak bilatzen zenituela pentsatu nuen. Horregatik ez dizut Brigada Gorriek Aldo Moro bahitu zutenekoa kontatzen duen “Esterno Notte”-ri buruzko deus galdetuko. Errealitatearen eta fikzioaren arteko arrakalan ibiltzearen arriskuaz, ikuspuntu aldaketek dilemei gehitzen dieten konplexutasunaz ala pertsonaia guztiak humanizatzeko ahaleginaz aski irakurriko zenuen. Baina utzidazu galdetzen, fikzioaren izenean, armairua hilotzez beterik duen narkotrafikatzailea ala serieko bortxatzailea humanizatzea zilegi den. Enpatizatu al duzu inoiz arbuiatzen duzuna irudikatzen duenarekin? Zer moduz sentitu zara? Ez, nik ere ez daukat ahanzteko elkarrizketatu zenuen gidoilari ospetsuak erantzun zizuna: “Zure protagonista nazia bada, jarriozu 6 urteko alaba hilzorian”. Adjektibo bakarrak ez du sekula inor definitzen.

Nola definituko zenuke oraintsu arte Zeelanda Berriko lehen ministroa izan den Jacinda Ardernek karguari uko egiteko erabakia? Ez omen zaio energiarik geratzen (hori baino arrazoi garaikideagorik!). Ziur naiz zure adin-jirako emakume batek autoestimuaren alde eta egoaren aurka egin izanak ispiluaren aurrean jarriko zintuela. Ahituta zaudenean, ingurua sutu eta zure burua erretzen duzun pospoloa zara zu ere. Guardiako farmaziatzat duzun etxepeko supermerkatuko langileak ere ez dauka energiarik baina ezin du dimititu. “Zure protagonista nazia bada...”

Ez da gai txarra zutabe baterako. Ez dakizu oraindik, zutabegintzara itzuliz, egoaren alde eta autoestimuaren aurka egiten ari zarela. Nork daki, zure burua humanizatzea beste helbururik ez duzu, agian. Ala ni naiz humanizatu nahi duzuna?

Energiarik gabe geratzean, lanak utzi ahal izatea opa dizut.