MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Minbizia eta jarduera fisikoa

Duela astebete minbiziaren kontrako eguna ospatu zen mundu mailan. Zorizko tonbola horretan erortzea urrun ikusten dugun arren, edonori gerta dakiokeen egoera saihetsezina da. Aldiz, norberaren esku ere badago tonbola horretan jokatzeko zenbat txartel eskuratzen dituen, egungo ikerketen arabera bizi-ohitura osasuntsuak izateak gaixotasun hori pairatzeko aukerak gutxitzen baititu (zoritxarrez, honek ez du esan nahi aukera guztiak desagerraraziko ditugunik).

Gaur egun informazio asko dugu eskura, denok dakigu zer den ona eta zer txarra: tabakoa eta alkohola alde batera utzi behar dira, elikadura osasuntsua izan behar dugu elikagai ultraprozesatuak ekidinez, gehiegizko pisua izatea eta gaixotasun kardiobaskularrak saihestu behar dira, sedentarismoa ekidin behar da… Bizi-ohitura osasuntsu horien zutabe sendoetako bat eta baliabide gutxirekin guztion eskura duguna jarduera fisikoa egitea da. 90eko hamarkadaz geroztik, jarduera fisikoak minbizia pairatzen duten pertsonengan duen eraginaren inguruko ikerketa asko burutu dira eta ordutik sekulako garrantzia bereganatu du osasungintzan, errezeta askotan lehenengo osagai gisa aipatuz. Horrek ez du esan nahi minbizia diagnostikatu orduko maratoiak egiten hasi behar dugunik, jarduera fisikoak ere bere dosia baloratzeko, kuantifikatzeko eta aholkatzeko aukera ematen baitu.

Ikerketa eta iritzi subjektibo askok diotenez, jarduera fisikoa eskura dugun tresna garrantzitsua da eguneroko bizitzan; izan ere, sedentarismoak dakarren gihar-masaren galerari aurre egiten, sistema immunitarioa sendotzen eta arazo psikologikoei (antsietate edo depresioei) aurre egiten laguntzen digu. Minbiziaren aurkako errezeta gisa, jarduera fisikoak gaixotasuna izan aurretik, bitartean eta ondoren eskutik lotuta gurekin eraman beharreko bizi-ohitura izan behar luke, eta hori asimilatzeko eta min bizi hori min arin bihurtzeko lehenengo pausoa kontzientzia aldatzea da.