Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Zaldunita

Argazkia: Alexis Aubin | AFP
Argazkia: Alexis Aubin | AFP

Inauteri garai betean da Euskal Herria, hain zuzen, igande inauteria da gaurko eguna, Zaldunita. Zenbait herri eta hiritako kaleak kolorez betetzen diren sasoia da eta, zergatik ez, ahal den neurrian munduari bizkar eman eta umoreari eta algarari bidea zabaltzekoa ere bai. Badira pertsona ugari, ordea, inauteri sasoiak hozkia ematen dienak; lotsaren sentipena garatuegia dutela esaten dute zenbaitek, nagikeria erakusten dute beste batzuek eta mozorrorik gabe baina festan murgiltzea gustuko duenik ere bada. Izan ere, mozorrotzen ez direnen afaririk ere egiten da egunotan, kontraprogramazio modura edo, azkenean baten eta bestearen ileorde, betaurreko, lepoko edo dena delako apaingarriak bereganatuta gauak sortzen duen ‘ez dakit zer’ lotsabako horretan erortzeko. Eguraldiaren inguruko kinielak ere ugariak izan dira azken egunotan, iragarpenak zabaltzen dituzten mugikorretako aplikazioetara begira. Baina ez dago aitzakiarik, ez eta Quebeceko inauterietan ere, non, mozorroez harago, kanoaz eta izotz gainean egindako zeharkaldiekin ospatzen duten jai hau. Hotzari aitzakiarik lapurtu gabe, mozorroen artean galbide gozoa hartu duen herri honetan, izango da nonbait kanoarik, izotzak, usu, edalontzi barruan egongo badira ere.