JONANDER AGIRRE MIKELEZ
ARKITEKTURA

Arkitektura minorra

2012 urtean argitaratu zuen Jill Stoner arkitektoak ‘Toward a Minor Architecture’ entsegua, baina nire eskuetara azkeneko hilabetean iritsi da, Bartlebooth argitalpen plataformaren gaztelerazko edizioaren bitartez. Kausalitatez edo kasualitatez Donostiako San Telmo museoan zabaldu duten ‘90 berriak’ erakusketarekin txirikordatu zait irakurketa eta, askotan gertatzen den bezala, batek bestea elikatu du.

Jill Stonerren entseguak Le Corbusierren ‘Toward an Architecture’-ren izenburuarekin jokoan proposatzen du ‘Toward a Minor Architecture’, non arkitektura minorrak (pluralean) esploratzen diren, handikerietan dabilen arkitektura batetik urrundu nahian. Stonerrek arkitekturaren krisi bat sumatzen du, non praktikaren kode eta tradizioak birrintzen eta zentzua galtzen doazen heinean gure buruari galdera bat egitea ezinbestekoa bihurtzen hasi den: Arkitekturak ezin du gehiago eraikinak egitearen ardura estetikoa soilik izan, hauek desegingo dituen politika arduratsu batekin konprometitu behar du.

Arkitektura minorraren kontzeptua iheskorra da. Denborarekin lan egiten duten arkitekturak dira, eta, horregatik, efimeroak ezinbestean. Txikitik eragiten duten arkitekturak dira, boteretik, Estatutik eratorritako espazialitatetik, arauetatik, denboretatik aldentzen direnak. Arkitektura minorrak ez du handia izan nahi, botereak eraikitzen duen arkitektura erabiltzen, okupatzen du, desegin arte. Egitura hauek desegiteko desiraz hazi egiten da. Gabezian eraikitako arkitekturak dira, superfluoa desmuntatzen eraikitzen direnak eta behetik gorako politika uztartzen dutenak.

’90 berriak’ erakusketak hamarkada hura arkitektura minorren bitartez erakusten digula esan daiteke. Erakusketak garai horretako kolektiboak eta haien espazioak hartzen ditu ardatz, hamarkadaren irakurketa artistikoa egiteko. Donostiako Igara auzoko El Gallinero pabiloi industriala, Miribillako Las Chamas, Zumaiako Zelai Azpi, Zorrotzaurreko Consonni fabrika, Benta berriko Zapatari, Trintxerpeko Sare-etxea edo arte munduan hain emankorra izan zen Loiolako Arteleku zentroak beste hainbat gunerekin batera dira erakusketaren oinarria. Denak dira espazio berreskuratuak, moldatuak eta epe baten ostean eraitsitakoak. Espazio hauen inguruko informazioarekin batera agertzen dira ekosistema horietan sortutako eskulturak, margoak, publikazioak, bai eta ere egunerokotasuneko argazkiak, kideen erretratuak, festetako giroa. Paraleloan agertzen dira hamarkada horretan hasitako zenbait inertzia, Donostiako Kursaala eta Bilboko Guggenheim museoaren zimenduak, arkitektura nagusiaren eredu, edota merkatuen eraistea, azken hau Lara Almarceguik Groseko merkatua eraitsi aurretik pintatu zueneko performancearen argazki batekin.

Erakusketa kronologikoki antolatua dago. 90ko hamarkadara mugatzen den arren, aise jarrai zezakeen, garai horietako inertzia ugarik berdin jarraitzen baitute. Espazio hauen sorrera eta desegitea ez da eten, eta adibide andana topa ditzazkegu lurraldean zehar. Bilbon nabarmentzekoa da Okela Sormen Lantegia, harategia izandako espazioa; baita Obrador edo Artiatx espazioak ere, izenean beraien iragana ere agerian dutenak. Lekeition Arragua edo Gernikako Astra dira eredu, hiriburuetatik at. Iruñean La Zurda ireki dute orain dela ez asko. Donostian ezagutzen ditut gehienak, eta asko dira azken urteetan sortutakoak: Gilda, Kontenedora, Formato Norte edo AZPI. Azken hau ondo ezagutzen dut nik, beste zenbait sortzailerekin partekatzen dudan espazioa baita. Donostiako Gros auzoko Santander banketxeko egoitza izandako espazioa orain urtebete hasi ginen desegiten, bankuetxeak behar zituen (eta guk sobera genituen) sabai aizunak eta trenkadak kentzen, espazioak zabaltzen eta moldatzen, inoiz bukatuko ez den obra etengabe eta autogestionatu batean.

Beste arkitektura batzuen erakusketa bat da ere ’90 berriak’. Eta irakurketa honekin geratu nahiko nuke, arkitekturaren irakurketa politikoago baten aitorpen eta orainaldi baterako tresna gisa.