AMAIA URIBE
IRITZIA

Slow

Erritmo frenetikoan bizi gara. Japonian, 604 kilometro ordura iristen den tren bat eraiki dute. Mexikoko jatetxe batean 13,5 segundo baino ez dituzte behar eskatutako janaria mahaira ekartzeko. Shanghaiko igogailu batek 119 solairu igotzen ditu 20 segundoan. Presaka bizi gara eta dena azkar eskuratu nahi dugu. Estresatuta bizitzera ohitu gara, baina ez dugu ikusten abiadura bizian ihesi doakigula bizitza.

80ko hamarkadan Slow mugimendua abiatu zuten Italian eta ordutik gizarteko esparru guztietara zabaldu da motelago bizitzearen aldeko aldarria. Slow food delakoak euro bateko hanburgesei eta oilaskotik gutxi duen “oilasko” frijituari aurre egin nahi die. Bertakoa kontsumitzea da slow food. Ekologikoa erostea. Zaporea dastatzea, prezioari horrenbeste begiratu barik.

Slow fashion delakoak, berriz, modaren kontsumismoari aurre egin nahi dio. Zenbat aldiz pasatu zaigun jertse bat estreinatu eta lankide bat jertse berarekin agertzea. Indiako haurrak esplotatzen dituzten kate handietan erosteak hori dakar. Aldiz, ehun jasangarriak erabiltzen dituzten marka txikietan erosiz gero, arropa originalagoa izango dugu eta denbora gehiagoz iraungo digu.

Slow city kontzeptua ere bolo-bolo dabil. Urbanismo espekulatzailearen gainetik, herritarren bizi kalitatea bultzatzea du helburu. Garai berrietara egokituz, baina tradizioa albo batera utzi barik. Herriko merkataritza sustatuz, espazio berdeak bultzatuz eta trafikoa murriztuz.

Eta ezin ahaztu slow life adarra. Presa barik, une bakoitza gozatuz, bizitzea da gakoa. Teknologia berriei barik, inguruan ditugunei denbora eskaintzea. Errutinatik ihes egin eta gauza berriak probatzea.

Inguruan geroz eta gehiago sumatzen ditut kontsumismo azkarraren ondorioak. Erosi ahala erosi dutenaz aspertzen dira gure umeak. Nerabeen artean moda bihurtu da telesailak abiadura normalean ikusi ordez, 1.5era ikustea, elkarrizketak azkarrago joan daitezen. Eta Amazoneko paketea espero genuena baino beranduago iristen bada, marmarka ibiltzen gara helduak.

Slow kontzeptua entzuten dudan aldiro gure aitona-amonak datozkit gogora. Beste erritmo batean bizi ziren eta gutxiago behar zuten zoriontsu izateko. Nire amamak ortuko uzta kontsumitzen zuen. Bere gonak eskuz josten zituen. Landa eremuan bizi zen. Eta sekula ez zuen mugikor bat erabili. Baina beti pozik egoten zen. Irribarrez. Familiaz gozatzen. Baserriko sukaldeko txapa gainean lapikoren bat izaten zuen beti bor-bor. Izan ere, denok dakigu bizpahiru orduz su baxuan egindako indabak presio-eltzean egindakoak baino gozoago egoten direla. Ez dezagun gure bizitza lapiko horietako batean sartu.