AMAIA URIBE
IRITZIA

Zoriontasuna

Zoriontsu al naiz?». Sarritan egiten diot galdera hori neure buruari. Eta esango nuke une honetan zoriontsu naizela. Abestiak dioen moduan, “zoriontsu izan, edo halako zeozer”.

Umetan ia denok bizi gara zoriontasun burbuila batean. Nerabezaroan gorabeherak izaten ditugu. Heldutasunera iristen garenean, egoeraren arabera. Eta zahartzaroan igo egiten da berriro zoriontasunaren termometroa.

Batzuek gehiago behar dute irribarre egiteko. Beste batzuk huskeria batekin ere pozarren daude. Baina beti pentsatu izan dut jarrerak asko laguntzen duela zoriontasunera iristeko. Une oro marmarka eta protestaka dabilena nekez izango da zoriontsu. Aldiz, edalontzia beti erdi beteta ikusten duenak aukera handiagoak izango ditu zoriontasunean bizitzeko.

Seigarren urtez, Finlandia izendatu dute munduko herrialderik zoriontsuena. Bitxia da. Negu luze eta gogorrekin, suizidioekin eta gazteen droga menpekotasun tasa altuekin lotzen nuen nik Finlandia. Baina horri ez diote begiratu estatistika egiteko orduan eta lehen postuan dago herrialde nordikoa. Harro daude finlandiarrak eta gainontzekoei euren sekretuak irakasteko prest ere agertu dira. Uda honetan masterclass bat antolatu dute zoriontsu nola izan irakasteko. Bizi kalitatea, naturarekiko harremana eta elikadura izango omen dira klase horren zutabeak. Eta hori irakurrita, ezin ekidin Euskal Herriarekin alderaketa egitea.

 Orokorrean, ondo bizi gara hemen. Gure bizi kalitatearen adibide dira “kafe toreroan” amaitzen diren poteoak. Naturarekiko harremanean ere nota ona ateratzen dugu. Kostaldea zein mendia ditugu gurean eta “Game of thrones” ezagunean ere agertu dira gure inguruak. Eta zer esan elikadurari buruz? Berdin du pintxoak, indabak edo txipiroiak aukeratzen ditugun. Inon baino hobeto jaten da hemen. Euskal Herria ez dute kontuan hartu herrialderik zoriontsuenak neurtzeko ikerketa horretan. Kontuan hartu izan balute, agian Finlandiaren aurretik kokatuko ginateke.

 Izar iheskor bat ikusten dudanean edo iturriren batera txanpona bota behar dudanean ez dut osasuntsu egotea edo loteria irabaztea eskatzen. Zoriontsu izatea eskatzen dut, gaixorik ez egotea, fakturak ordaindu ahal izatea eta bizitza bizitzea zoriontasunaren barruan daudelako.