JONANDER AGIRRE MIKELEZ
ARKITEKTURA

Eraikitzea helburu

 Eraisketa lanetan hartutako irudia. Argazkia: Andreas Hasler
Eraisketa lanetan hartutako irudia. Argazkia: Andreas Hasler

Eraikuntza enpresak jaun eta jabe diren herrialde batean bizi gara. Haiek ekonomian duten pisua dela eta, politika publiko askok eraikitzea dute helburu. Nola eraiki edo zertarako eraiki, alboratu egiten diren galderak izaten dira, eta zentzugabe eraikitako mila gauzen herrialdea bihurtu gara. Aireportuak, trenbideak, etxebizitzak, errepideak, denetarik eraikitzen dugu Ferrovial, Sacyr, Amenabar, Moyua, ACS, Acciona eta bestelako enpresek herrialdea ‘martxan’ mantendu dezaten.

Arkitektura eta eraikuntza lotuta ditugun bi kontzeptu dira, baina eraikitzen dugunaren ehuneko oso nagusi bat zail kokatu genezake arkitekturaren praktikaren barruan. Helburua eraikitzea baldin bada, Arkitektura al da? Izango da bai, eta egongo da hemendik urte batzuetara bultzada ekonomiko baten ondorioz sorturiko arkitektura hori liburu eder batean jasoko duen arkitekto gazterik. Imajina dezaket hemendik 50 urtetara Amenabar estiloa ikasiko duten ikasleak, gaur egun baserria edo gure eliza ilunak ikasten diren bezala. Produktibitatera zuzendutako arkitektura bat dugu historikoki Euskal Herrian, zer egingo diogu ba.

Ez nintzake kexatu behar, baina inguruan eraikitzen direnak ikusita, ezin dut ekidin. Udal hauteskundeen aurretiko denbora inaugurazio denbora izaten da, eta jasotako uzta ez du ospakizun gehiegirako onura ekarri. Horrelakoetan, kanpoan egindako proiektuetara bideratzen dut begirada eta azkenaldian Suitza izaten da maiz leku hori.

Urteak tematuta mantendu nauen etxebizitza proiektu bat ekarri nahi izan dut gaur. Errentagarritasuna diseinuaren ardatz nagusia ez duen proiektu horietako bat, errentagarritasuna ekonomiara mugatzen badugu bederen. 1955eko ardo biltegi bat etxebizitza bloke bihurtzeko proiektua proposatu zuen Stiftung Habitat-ek, Basel hirian etxebizitza eskubidea ahalbidetzeko irabazirik gabeko fundazioak. Proiektua gauzatzeko lehiaketa Esch Sintzel Architekten estudioak irabazi zuen 2018an eta 2020an hasi ziren eraikuntza lanak, 2023ko lehen hilabeteetan bukatu ziren arte.

Prozesuaren argazki batekin hobe azaltzen den proiektu bat da hau, eta artikulu honetako irudi nagusitzat kokatu nahi izan dut. 1955eko eraikina hormigoizko bloke masibo bat zen, fatxada, sabaiak eta perretxiko formako zutabe ederrez hornitua. Fatxada masibo hori, zulatu ordez, eraistea erabaki zuten arkitektoek, etxebizitza programak eskatzen duen leiho eta argiztapen beharrak asetzeko; baina, egitura osoa eraitsi beharrean, sabaiak eta zutabe fungiformeak mantentzea erabaki zuten. Fatxada eraisten zen bitartean sabaiak mantendu ahal izateko, zuhaitz enborrak erabiltzeko hautua egin zuten obra puntalak erabili beharrean, eta enbor hauek egituraren barnean txertatzea ere. Egitura estabilizatzeko beharrezkoak ziren lanak bukatuta, enborrak bertan mantendu dira, etxeen prozesua nabarmenduz.

Barnealdeko maketa. Esch Sintzel Architekten

Fatxada berriak balkoiez osatzen dira. Konfinamendu garaian hainbeste eskatu eta hain gutxi gauzatu diren balkoi horien antzekoen bitartez, andamio bat izango balitz bezala estaltzen du eraikin zaharra, eraikinaren irudi berria sortuz kolore berde bizi batekin. Kolorea da ere eraikinari gehitu egin zaion ezaugarri zaindu bat.

Birmoldatutako eraikinak 64 apartamentu ditu, tipologia desberdinekin. Logela bakarrekoetatik, 7 logela dituzten elkarbizitzarako apartamentu handietarainoko bizilekuak eskaintzen ditu eraikinak. Eraikina elkarbizitzarako espazioekin ere osatzen da: behe mailan kokatutako espazio amankomun irekiak, kafetegia eta zerbitzuak, eta baita azkeneko pisuan kokatutako terraza komunitarioa ere. Zer ez dauka?: aparkalekua.

Hainbat dira proiektu honetatik gurera ekarri nahiko nituzkeen ezaugarriak: egituren ez eraistea, soto edo aparkalekuen beharra kolokan jartzea, balkoien nagusitasuna konposizioan, kolorea, zaindutako xehetasunak. Sintesian, desira. Eraikuntza helburu dugun arkitekturan, non dago desira?