Memoriaz (I)
S.apurgarria,
Gozo hartu al zaitu ekainak? Eskolan goizez hasiko ziren semeak, jaietarako prestatzen auzoa, parkeko eguzkitan Greta Garciaren “Solo quería bailar” irakurtzeko zu. Autoari IATa pasa eta zeure buruak gaindituko ote lukeen zalantzan jarriko zenuen. Hauteskunde-kanpainako kartel erauziak bezain urratuta, opor-giroan irudikatuko zinen, egunkarian Roland Garroseko emaitzekin topo egin... Ez zaizu sekula tenisa bereziki gustatu baina, ikasle garaian, apunteen aurrean ez esertzeagatik lau orduko partidak desiratzen zenituen. Ez dakizu atzokoaren eta biharkoaren arteko tenis partida den memoria, berriz izan nahi zenituzkeen 20 urte ala zure iraganak durduzatzen zaituen oraindik. Zeren arabera oroitzen duzu? Zeren arabera ahantzi? Nahiko lan duzu memoria externoetan gordetzen duzuna eta disko gogorrean daramazuna bereizten. Azken asteetako uholdeek estoldak nola, Whatsappera heltzen zaizun minaren pornografiak gainezkatuko zaituen izu zara. Ez dago etengabeko alerta baino higatzaileagorik. Nahiago zenuke, sorterrira bidean, Belateko tunela pasa eta argi-aldaketak zergatik hunkitzen zaituen jakin. Baliteke argi bat izatea memoria, edo, besterik gabe, etengabe sorterrira itzultzea. Zure iraganarekin barkaberagoa izan behar zenuke, agian, zure erabakien ostean geratzen dena zarela onartu, zinez garrantzitsua ez dela sekula desagertzen sinetsi eta oraindik gertatu ez dena oroitzen hasita zauden sentipena eraitsi. Baina nola gogoratuko dituzu zure hurrengo oporrak, prestatu dituzun bezalakoak, izango diren gisakoak ala kontatuko dituzun modukoak? Zure bidaiak ere aspirazio bat baizik ez dira, funtsean. Inork ez du benetan ezer bisitatzeko bidaiatzen, aberatsagoek egiten dutelako baizik. Memoria bidaia bat balitz, ordea, zein litzateke zure memoriaren aspirazioa? Badakit ez didazula erantzungo. Edo bai. Zure aspirazioa, Filminen, Arantza Santestebanen “918 Gau” ikustea dela kontatuko didazu, horixe dela memoria, etxeko mantapean ikusi beharreko pelikula bat. Intimorik gabe ez dago kolektiborik. Kolektiboa ere intimoa da ia beti. Nik bezain ongi dakizu, alta, memoriaren –ez beste deusen– ertzak ezin direla definizioetan borobildu, baina nahiago duzu mundua sinpletu zure ziurtasunak dantzan jartzea baino. Iraganean etorkizuna idazten tematu ondoren, etorkizunean iragana berridazten enpeinatzen zara aspaldion. Paktu-garaia dela diote.