AMAGOIA MUJIKA
IRITZIA

Barkatu iskanbilagatik

Bi ahizpa ziren. Gautxoriak. Musika, lagunak, kalea zuten maite. Ostiralean etxetik atera eta auskalo noiz bueltatu. Gogoak ematen zienean. Aita asko haserretzen zen. Hori ote zen bi emakume gazteren kuxidadea, ez nobio, ez pulamentu. Beti festan. Etxeko atea ixten zien barrutik, etxera sar ez zitezen parrandatik bueltan. Amak ez zion kontrarik egiten sututako senarrari. Entzun egiten zituen gizonkote haren purrustadak eta isilik geratu. Senarra lokartzen zenean, alaben logelako leihoa irekitzen zuen, bertatik lasai sar zitezen.

Zergatik? Ez zituen alabak kalean utzi nahi eta, era berean, ez zuen eskandalurik nahi senarrarekin. Zer esan behar zion? Bera ere joaten zela juergan, nahi adinatan eta nahi eran, eta berdin haien semeak? Gizonen ibilerak ez zaizkiola hain eskandalagarriak iruditu inoiz eta bera ez dela inoiz festara joan lagunekin gauez? Berak sekula ez duela bere alabek arnasten duten askatasunik sentitu azalean eta nazkatuta dagoela bere purrustadak entzuteaz mahaian eserita ardoa edanez berak platerak garbitzen dituen bitartean? Hori esan behar al zion?

Bada igual esan egin behar zizkion horiek denak. Baina, bakeagatik, alabei leihoa irekita utzi eta ohera joaten zen, begi bat erdi irekita.

Alabek aitari kontra egiten zioten egun bakoitietan eta isilik geratzen ziren egun bikoitietan. Bakeagatik ez zioten denari men egiten, baina beti gerran bizitzea ere ez zen samurra.

Gero bilobak etorri ziren, emakume gazte feministak, aitonak kemenik handienak apalduta zituen garaian. Erakutsi zioten puntako kirolariak izan daitezkeela eta bazkaldu ondoren mahaian trapua pasatzea erraza dela, berak egiteko modukoa. Erdi txantxa, erdi mimo, aitona errenditzen hasita zegoen Pedro Sanchez azaldu zen arte. Feministak urrutiegi iritsi direla, gizonezko asko deseroso sentiarazi dituztela, muturrekoegiak izan direla, ez direla atseginak eta gozoak izan. Neurritsuagoak beharko luketela. Eta zenbat gizonkoteri marraztu zaion barre murria. «Ikusten? Nik esaten nuena. Feminismoa ondo dagoela, baina neurrian, dena bezala».

Horrela segituz gero, berriro ere leihoak irekita utzi beharko dizkiegu ezkutuan gure alabei, ezer aldatuko ez duen feminismoak hori baitauka. Atsegina da, neurritsua, inor ez du deseroso sentiarazten baina ez du itxitako aterik irekitzen. Denak lehen bezala jarraitzen du. Baten batek dagoeneko esan duen moduan, «Pedro, barkatu iskanbilagatik, baina hil egiten gaituzte».