Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Biotopoaren arkitektura jasangarria

Esperientzia komunitarioaren bidez garatu diren zenbait kontzeptu aurki ditzakegu tradiziozko arkitekturan. Ezagutza horiek lekuaren izaerarekin eta esentziarekin duten loturan oinarritzen dira, klimarekin, orientazioarekin eta naturarekin erlazionatuz, xedea bizirautea eta tokiko garapena izanik.

Forma organikoen eta geometrikoen arteko elkarreragina.
Forma organikoen eta geometrikoen arteko elkarreragina. (Irudien iturria: Learning from Santorini: The ecology of the biotope)

Herri arkitektura bat dator jasangarritasunarekin, haren adierazpena ez baita estilo zehatz batek seinalaturiko forma artifizialen araberakoa. Horren eredu da Santorini uharteko arkitektura. Han, osorik iraun duten lekuak aurki ditzakegu zenbait alderditan, gai bagara behintzat turismoaren masifikazioak ekarritako hotelen artean horiek identifikatzeko.

Arkitektura ekologikoa unibertsala da, eta oinarri antropologikoak ditu, hala nola beroa hotzaren aurrean, argia iluntasunaren aurrean eta biguna gogorraren aurrean. Modu horretan, norbanakoaren eta naturaren arteko harremana ahalbidetzen da, dagokion ekosistema ezagutuz, eta, era berean, hartara egokituz.

Antzinako filosofiak definitzen duen lau elementuen kontzeptuaren bitartez azaldu izan dira Egeo itsasoan kokaturiko irla bereziaren ezaugarriak: sua, ura, lurra eta airea. Elementu bakoitza tokiko ingurumen ezaugarriekin lotzen da, besteak beste, eguzki-erradiazioarekin, sumendiekin, hezetasunarekin, materialekin eta haizearekin. Horiek guztiak bosgarren elementu batekin, naturako elementu ilun batekin uztartu izana sinesten da, horrela bizia sortuz. Emaitza gisa daukagu turismo masiboaren aroraino mantendu den kalitate handiko arkitekturaren hizkuntza minimalista nahiz konplexua.

Santorini, Thira moduan ere ezaguna, Caldera deituriko badiaren inguruan dagoen uhartea da, eta horren sorrera erupzio bolkaniko erraldoi baten hondarretatik dator, hain zuzen ere, Kretako zibilizazio minoikoa akabatu zuen kataklismo beretik.

Santoriniko antzinako kokalekuak kostaldetik urrun aurkitzen dira, Egeoko gainerako uharteetan bezala. Piraten erasoak tarteko, hango biztanleak behartuta sentitu ziren itsaslabar aldapatsuetan edo ibar ezkutuetan jartzera. Aldi berean, erabaki zuten nekazaritzarako nahiz laborantzarako egokiak ziren azalera zabaletan ez kokatzea.

Transformazio etapak, leize naturaletik arkitekturara.

Dentsitate handia, kale estuak eta eraikin txikiak, beraz, hainbat faktoreren ondorio izan ziren: haizearen eta eguzkiaren beroaren aurkako elkarrekiko babesa, segurtasuna, eraikuntzako materialen aurrezpena, populazioaren hazkundea eta antzinako gizarteen espiritu komunitarioa, besteak beste.

LAU ETAPA

Uharteko eraikuntza soila da, ez du handikeriarik erakutsi nahi. Arkitektura leize naturaletik abiatzen da, unitate autonomoa eta independentea bilakatu arte.

Bilakaera horretan, batez ere, lau etapa bereizten dira: lehena, leize naturala, gizakiak ukitu gabekoa; bigarrena, leize naturala, baina eraikuntza elementuen presentziarekin (esaterako, zutabeak); hirugarrena, leizeak ezaugarri arkitektonikoak bereganatzen ditu karearen erabilerarekin; laugarrena, eta egun ikusi daitekeena, leizeetatik abiatuz kanpoaldean ere materializatzen dena.

Hala ere, barne espazioaren eta kanpo arkitekturaren tratamendua zeharo ezberdina da. Haitzuloaren barnealdean kare geruza batek estaltzen dituen berezko forma naturalak mantentzen dira, kanpoaldean osagai geometriko perfektuak eraikitzen diren bitartean (adibidez, kupula eta horren aldaerak), lurrikaren aurkako eraikuntza teknika perfektuak suertatu direnak. Halaber, nabarmentzeko helburuz kokatzen dira osagai horiek guztiak, oparotasun adierazpen gisa; baina benetakoa ez den errealitatea islatzen dute, jatorrizko pobrezia disimulatzeko. Nolanahi ere, arkitekturaren agerpena espazioan goraipatu nahi da, kobatik at, euforia eta irudimena lagun.

Etxebizitzen bilakaera, kanpo espazioan, kobaren jarraipen gisa.

Santoriniko tradiziozko arkitekturak elkarrekin konektaturiko espazio pribatuen eta publikoen kate diakroniko etengabea sortzen du.

Topografia malkartsua dela eta, hiri antolamendu bertikala garatu da: etxebizitza baten goiko aldea kalea da, edo beste baten ataria. Horrenbestez, jabetza tridimentsionaleko ezohiko sistema da nagusi, bizilagunen arteko lankidetza estua eskatzen duena. Eskala eta maila desberdineko labirinto zabala da espazio kolektiboa, norabide guztietan irradiatzen diren forma solidoez osatua.

Natura eta bere apetak dira arkitektura hizkuntza horren sortzaileak. Klima, lurrikarak, materialen eskasia eta topografia izan dira diseinuaren parametro nagusiak, bertako biztanleek adimen miresgarriz errespetatu izan dituztenak, tokira egokitzeko.

Prozesu horretatik ondoriozta daiteke ekosistema desberdinetan esku hartzeko ezagutza.