Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Kultura eta materialak biziberritzen

Kanpoko instalazio batek, Anyang-en, Seulgo (Hego Korea) satelite-hiri batean, erakusten du nola ekonomia zirkularra kultura tradizionalaren parte den, batez ere emakumezkoen ondare immaterialaren parte den, natura eta biodibertsitatea ospatzen dituen bitartean. Ekodiseinuko ikasgai bat.

Bojagi oihalen berrinterprezioa.
Bojagi oihalen berrinterprezioa. (Argazkiak: DongWoong Lee)

Duela aste gutxi batzuk amaitu dute Bojagi Lounge deituriko instalazioaren muntaketa Anyang hiriburuan, Hego Korean. Berriz ere, Izaskun Chinchilla eta haren taldekideek ‘ekodiseinuari’ buruzko lezioa eman dute, eta, hori gutxi balitz, erakutsi dute ekonomia zirkularrak lotura izan dezakeela kultura tradizionalarekin. Ez da lehen aldia birziklaturiko materialekin espazio kolektiboa sortzen dutena; 2015ean, New Yorken, ’Organic Growth’ pabilioia altxatu zuten berrerabilitako aterki, tripode, aulki, pneumatiko eta bizikleta gurpilekin. Baliabide ‘berririk’ gabeko arkitektura berritzailea euren ikurra da harrezkero.

Pabilioia APAP (Anyang Public Art Project) ekitaldiaren parte da, helburua izanik parte hartzaileek hiria ulertzeko eta hautemateko moduak berrirudikatzea. Hiri modernoaren testuinguruaz eta izaera aldakorraz hausnartu nahi da, espazio publikoa arte erakusketa bilakatuz. Era berean, ekimenaren bitartez, jendeak arteaz egunerokotasunean gozatzea sustatu nahi da.

Madrilgo arkitektoaren proposamenak opari gisa aurkezten du naturan igarotzen dugun denbora. Instalazioak zuhaitz baten (gingkoaren, Seuleko ikurraren) bueltan esertzera gonbidatzen gaitu, une batez hiritik aldendu eta inguratzen gaituenari barnean sartzen uzteko. Klima epeleko zonaldeetan, garrantzia berezia dauka aire zabalean elkartzeak ilunabarrean. Behin eguzkia ezkutaturik eta tenperaturak jasangarriagoak direnean, komunitatea kalean harremantzen da. Irakurketa nahiz solasketa lekua izan daiteke, edo txoriak txioka entzuteko txokoa; bai eta norbere buruari tartea eskaintzeko zaintza espazioa ere. Paisaiaz gozatzea funtsezkoa da norbanakoaren bizitzan.

Itxura deigarriaren xehetasunetan herrialdeko tradizioa azaleratzen da, bereziki emakumeak Koreako gizartean duen papera aztertuz eta XIV. mendetik hona izan duen bilakaera adieraziz. Historian emakumeen kultura sistematikoki egon baita ekonomia zirkularrari loturik ekonomia domestikoa dela eta: brodatua, lore diseinua edomahaiak apaintzea. Horregatik, protagonista dira pabilioian Bojagia eta Norigaea, oihala eta korapilo-borla, biak elementu tradizional korearrak. Horien erabilerak lotura sozial berriak sortzen ditu herritarrekin, helburua gizarte arrakala gainditzea izanik.

Bojagia etxeko edozein artikulu -janaria edota opariak- biltzeko eta, ondoren, garraiatzeko erabiltzen da. Oihala bera, beste oihal zati batzuen batuketa da, patchwork gisakoa. Elaborazio horien bitartez Joseon dinastiako emakumeek aukera izan zuten euren talentu sortzailea erakusteko. Norigaea, berriz, emakumeek hanbokaren -jantzi korearraren- gainean zintzilikatu dezaketen osagarria da, eta oihalarekin bildutakoari apaingarri gisa ere eransten zaio. Aztertzen jarriz gero, Bojagi bilgarria berrerabilgarria da beste zenbait materialen artean; esaterako, paperarekin alderatuta, erabilera anitzekoa izateaz gain, bizitza luzekoa izan daiteke.

Azpiegitura bi elementuren errepikapenaz eta pilaketaz eratzen da: bata eserlekua, eta, bestea, lanpara. Bakoitza donut formako bi puzgarrirekin eta horiek estaltzen dituen ehun karratu batekin osatzen da, hain zuzen ere, Sunbrella etxeak dohaintzan emandakoekin. Elementu horiek guztiak gingkoaren inguruan zirkunferentzia bat marraztuz kokatzen dira, esertzekoak lurrean eta argiztatzekoak zintzilik. Horiek eusteko egitura zuhaitza inguratzen duten zurezko lau eskailera dira, liburuentzako apalategi gisa berrerabiliak, bookcrossing praktika sustatzeko asmoz. Diseinuak zimendatzea ekiditen du tokiko inurri babestu baten ekosistema kaltetua izatea sahiesteko.

Proiektuak produktu pertsonalizatuak hondakin industrialetatik nola sortu daitezkeen ikertzen du, besteak beste, berrikuntzaren, fabrikazio digitalaren edo material berrien bitartez, eta instalazio erakargarriak eraikitzea posible dela agerian uzten du. Tradizioa eta aurrerakuntza lotuz, ekonomia zirkularra sustatzen duen arkitektura da. Egunerokotasuneko objektuek ez-ohiko distira hartzen dute bigarren erabilera honetan.

Bogaji Lounge proiektuak programa kulturala txertatzen du espazio publikoaren xarma berpizteko nahiarekin. Zerbitzu pribatuak -kontsumoa eta autoa- ez dira bide bakarra kaleek eta parkeek arrakasta izateko, eta ez dute berdintasunezko gizartearen alde jokatzen. Denona den espazioaren izaerak bestelakoa behar luke, lana eta familia uztartzeko nahiz haurrak eta mendeko pertsonak zaintzeko aukera emanez, eta horretarako hirien diseinuak adibide honetan ikusi ditugun baloreen ildotik jarraitzea funtsezkoa da.