Urtzi Urrutikoetxea Angela Weiss | AFP
SCORSESE, AEB-ETAKO INDIGENEKIN ELKARLANEAN

Zinema, osage hizkuntza biziberritzeko akuilu

Zinema zazpigarren artetzat hartzen baldin bada, haren bitartez helarazten diren pentsamendu eta desioengatik ere izaten da. Intentzionalitate bat dago pantailaren aurrean ikusten den film ororen atzean, eta Martin Scorsese zuzendari entzutetsuak ez du bere nahia atzean utzi. “The Killers of the Flower Moon” filmean Osage Naziora gerturatzen da, sarraskietara, baina bide batez baita haien hizkuntzaren arimara ere.

Tulsa hiria utzi eta minutu batzuetara, errei ugariko autobideen anabasa amaitu eta paisaiak beste itxura bat hartzen du. Ordura arteko ikuspegi urbanoaren lekuan, larrediaren erditik doa bidea; edozein unetan bisonte multzoa belardi goratuaren artetik agertzea baino ez da falta. Ipar Amerikako eskualde zabal hauetako txoko gutxitan geratzen da behinolako larrediaren ekosistema. Oklahoma eta Kansas estatuetako mugalde hau da naturagune horietako salbuespenetako bat. Kolonizatzaile zurien eskutik ia galdu ziren bufaloak itzuli dira talde txikietan zenbait alderditara azken urteotan. Baina hemen lurraldea beste piztia batek markatzen du: petrolioa punpatzeko makinak gora eta behera ageri dira ibilian-ibilian bide bazterrean eta belardian barna.

Osage nazioaren lurretan gaude, eta kolono zurien presioaren ondorioz geratu zitzaien txoko bateraino iritsi gara. AEBetako historian zehar, Oklahomara etorri eta, batez ere, etorrarazi edo ekarritako dozenaka herri indigenetako bat dira osageak. Herrialdea eraikitzera zetozen zuriek lur gehiago behar zituzten, eta betidanik lur horietan izandakoak Mississippi ibaitik mendebaldera bidali zituzten hasiera batean, eta are mendebalderagoko Indian Territory edo Lurralde Indiora. 1907ra arte, ez zen sortu Oklahomako estatua. Hemezortzi urte baino ez ziren europar jatorriko biztanleei lurraldean ezartzen utzi zietela.

XX. mendeko urte nahasi haietan agertu zen petrolioa. Tulsa hiria aberastasun sinbolo bihurtu zen, herritar beltzek eratutako Greenwood auzoari Wall Street Beltza deitu zitzaion. Hori guztia 1921eko Tulsako sarraski arrazistan amaitu zen: dozenaka hildako -edo ehunka, iturrien arabera- eta auzune osoa eraitsita. Duela bi urte ekitaldi berezia egin zen gertaera hura gogoratzeko, eta estatubatuar askoren memorian leku garrantzitsua hartzen ari da.

Petrolioa ez zen Tulsan bakarrik agertu, ordea. Hiriaren inguruko lurralde guztiak -baita hiria ere, auzitegien azken ebazpenen arabera- lurralde indigena dira, XIX. mendean jatorrizko eskualdeetatik kanporatu eta gerora Oklahoma izango zen eremura lekualdarazita. Herri horietako baten erreserban petrolioa agertzeak goitik behera aldatu zuen ordura arte ulertzen zen boterearen ekuazioa. Orain, Martin Scorsesek zuzendutako film batek duela ehun urte gertatu zen hori gogorarazi du.

Joan den udaberrian Cannesko zinemaldian estreinatu zenean, bederatzi minutuko txaloaldia jaso zuen “The Killers of the Flower Moon” filmak (“Loreen ilargiko hiltzaileak” euskaraz, espainieraz “Los asesinos de la luna” izena dauka filmak, eta frantsesez “La note américaine”). David Grann estatubatuar kazetariaren “The Killers of the Flower Moon: the Osage Murders and the Birth of the FBI” liburuan oinarrituta dago filma. Lan horretan petrolioak Osage nazioa nola aberastu zuen kontatzen du, eta bat-bateko aberaste horrek zein ondorio izan zituen: hurrengo lauzpabost urteetan 60 heriotza eta hilketa izan ziren modu susmagarrian. “Terrorearen agintea” deitu izan zaie 1920ko hamarkadako urte haiei. Osage nazioaren historian gogoratzen diren sasoi ilunak dira. Izan ere, Osage nazioaren lurretan aurkitutako petrolioa ez zen inolako altxorra izan, «bedeinkapena baino, madarikazioa izan zen», diote gaur egungo osageek.

FILMA ETA HIZKUNTZA

Scorseseren egitasmoaren berri izan zutenean, osageek haien ahotsa ere entzun beharra zegoela aldarrikatu zuten. Izan ere, zinemagileak esana du lehen ere, hasierako asmoa FBIren sorrerari buruzko lan bat egitea zela. Haren inguruan kokatu ziren osage indigenen hilketak. Baina Osage nazioa ezagutzeak eta 1920ko hamarkada hasierako gertaeren berri bertakoen ahotsetik eta haien bertsiotik jasotzeak planteamendua aldarazi zion. Hala, filma nazio horrekin elkarlanean egitea erabaki zuten, bai Osage Herriarekiko errespetu gisa, bai eta duela ehun urteko testuingurua eta kokapena hobeto ulertu eta erakusteko ere. Eta zuzentasunari begira, duela ehun urteko protagonistek egiten zuten hizkuntza erabiltzea berebizikoa dirudi.

Braxton Redeaglek, Osage Nazioen Saileko gaur egungo zuzendariak, ez zuen pantaila aurreko lanik egin nahi izan, baina aktoreei hizkuntza ikasten lagundu zien. Errodajea eta gero ere, postprodukzioan zuzenketa lanak egin zituen. Pawhuska, Osage nazioaren herri nagusian dago Hizkuntza Biziberritzeko bulegoa, eta hantxe egin digu harrera, Tulsatik ordubeteko bidea egin ondotik.

«Hizkuntzaren zati bat eraiki behar izan dugu, erabateko elkarrizketak dauden lekuan, edo jendea aurrera eta atzera emozioz beteta berbetan dabiltzanerako, edo umorea erabiltzen dutenerako», dio Redeaglek. «Hizkuntza biziarazi behar duzu, murgilketako testuinguruan hizkuntza bizia izan dadin».

Nahiz eta jakin lizentzia narratibo batzuk dituela filmak, Redeagle pozik eta esker oneko dago, zuzendariak osage hizkuntzaren arduradunekin lan egin duelako. Itzulpen ahalik onena egiten saiatu dira, filmak nazioa mundu mailan ezagutaraziko duela jakitun. «Garai pribilegiatuan gaude Osage nazioarentzat, eta osage herri eta hizkuntzentzat. Aukerak datozkigu, horietako asko ez ditugu luzaroan izan, agian sekula ere ez orain arte».

ASIMILAZIOARI AURRE

Kanpotik begiratuta, zuzena dirudi beste herri batek rol berezia daukan film bat hartuz gero, herri horretako kideekin harremanetan jartzea, eta laguntza edo itzulpenik behar izatera, haien bidez egitea. Baina AEBetako hizkuntza indigena gehienen modura, osage hizkuntzaren transmisioa aspaldi apurtu zen, Washingtonetik iritsitako asimilazio politiken ondorioz. Hizkuntzaren gainbehera ikusita, filmaren zuzentasunean laguntzailea izan den Hizkuntza Batzordea sortu zuen Osage Gobernuak 2004an.

Hurrengo urtean, 2005ean, lehen hizkuntza osageera zeukan azken hiztuna hil zen. Osage Herriak ez zuen etsi, ordea. Ez zeukaten hiztunik, baina hizkuntza aspaldi galdua zen egunerokotasunetik, urteak ziren erabiltzen ez zela. Eta hala ere, oso ondo dokumentutako hizkuntza zen. Hura ikasi eta irakastea baino ez zen falta. Horretan eman dituzte ia 20 urte, bidean hainbat baliabide garatuz, ohiko liburuetatik interneteko aplikazio zehatzetara.

1906an eta ondoren jaio ziren osageak barnetegi erlijiosoetara bidali zituzten derrigortuta; han, berriz, Osage hizkuntza utzarazi eta ingelesez hitz egin behar izan zuten. 1906-1940 artan jaiotakoek etxean entzun eta erabili izan zuten osage hizkuntza, baina bizimodu ingeles-europarra sartu zen osage etxeetan, hizkuntza bera galtzen eta ingelesean urtuz joan zen. Azken 80 urteotan jaiotako osage herritarrei ingelesez irakatsi diete etxean. Urteotan ahalegin asko egin dira hizkuntza bizirik mantentzeko, material ugari sortu da, interesa badago, ikasleak badira, baina, tamalez, oraingoz ez da hizkuntza normaltasunez erabiltzen dakien hiztunik sortu. Orain bertan, 15-20ren bat lagunek badute hizkuntzaren ezaguera on samarra, edozelan ere, zeremonietan edo kultur jardueretan erabiltzeko beste.

«Zeinen inspiragarria den jende hau guztia hizkuntza hau gordetzeko eta biziberritzeko lanean ikustea», esana du Gladstone-k, pertsonalki sortzen dion kontraesana ere azalduz: «Lau hilabetez eskolak hartu nituen antzezten hasi aurretik, eta gero ere etengabe orraztuak ematen ari nintzen hizkuntzari. Ordutik galdu egin dut, baina platotik atera nintzenerako, osageeraz nire esaldiak eraikitzen hasia nintzen. Bitxia da hori, Blackfoot hizkuntzan dakidana baino askoz gehiago baita, nahiz eta hizkuntza horren zatiak eta atalak entzuten hazi nintzen», gogoratu zuen “Reservation Dogs” telesail entzutetsuan ere parte hartu duen aktoreak.

Ingurune bizi batean hizkuntza ikustea oso garrantzitsua izan da Osage nazioarentzat, biziberritzeko ahaleginetarako funtsezkoa baita hizkuntza hori erabiltzea. Horregatik, osage hizkuntzaren bulegoan ez dute zalantzarik filma hauspo garrantzitsua izango dela osageera biziberritzen jarraitzeko. Dagoeneko institutuko ikasleek interes handia adierazten dute, eta Scorseseren lanak ekarritako zurrunbiloak areagotu egin du interes hori.

Izan ere, Osage Herriak berebiziko garrantzia izan du filmaren garapenean. Urteak zeramatzan Scorsesek generorik estatubatuarrenean -western-ean- lanen bat egin nahian. Azkenean, anbizio oso handiko egitasmoari ekin zion. “Killers of the Flower Moon”-ek 200 milioi dolarreko aurrekontua dauka. 1920ko hamarkadako gertaerak izan ziren leku berean filmatzea erabaki zuten, eta horretarako, herri hartako kideekin, duela ehun urteko protagonisten ondorengoei elkarlana eskatzea. Scorsese eta bere taldeak Osage erreserbara joan ziren 2019ko udaberrian, balizko kokalekuak bilatzearren eta osage komunitatea ezagutzeko lehen urratsa egitearren.

Osage nazioko buruzagi Geoffrey Standing Bear-ekin elkartu zen zinemagilea. «Zalantza neukala azaldu nion. Ez nuen nahi lurrean botata zeutzan gorpu mordo bat bezala agertzea osage herritarrak. Historia eta kultura bere filmean zehatz irudikatzea espero genuen». Halaxe bermatu zien Scorsesek. Kokalekuak ikertu, zenbait set eraiki eta casting-a egiten ari zirela, pandemia iritsi zen. Jarduera etenda, egitasmoa bertan behera geratu zen aldi baterako. Tarte hori baliatu zuen zinemagileak gidoiari orraztu sakona emateko, eta Leonardo DiCapriok eta Lily Gladstonek antzeztutako Ernest eta Mollieren istorioa lantzeko.

2021ean itzuli ziren Oklahomara, urtebete lehenago utzitakoari berriz ekitera. Besteak beste, orduko hartan utzitako castingari heldu zioten, eta printzipio garrantzitsu bat ezarri zuten horretarako: filmeko osage pertsonaiak ahal zen guztietan osage aktoreek antzeztea. Hori beti ez zen posible izan, eta kasu horietan gutxienean Ameriketako indigena baten esku utzi zuten paper hori, Lily Gladstone-ren papererako adibidez. 44 osage aktorek parte hartu dute filmean, extra bezala lan egiten duten ehunka osage herritarrez gain.

Kameraren atzealdean ere protagonista izan dira bertako herritarrak. Osage artisauak eta adituak kontratatu zituzten filmeko zenbait ataletarako. Kultura aholkulariak izan zituzten diseinuan, jantzietan, baita hizkuntzan ere. Braxton Redeagle-rekin batera, Janis Carpenter eta Christopher Cote irakasleak aktoreak osage hizkuntzan trebatzen ibili ziren. Vann Bighorse, garai hartan Osage nazioaren Hizkuntza programaren arduraduna (egun Redeaglek dauka ardura hori), filmaren itzulpen eta erabilera gainbegiratzen egon zen.

«Filmak erakutsitako pertsona zarenean, eta bertan errepresentaziorik ez baduzu, galderak sortzen zaizkizu, zure buruari galdetzen diozu eta kezka pizten zaizu», dio Chad Renfro filmaren osage enbaxadoreak. «Harremanetan egon ginen (filmaren arduradunekin) ia prozesuaren hasieratik. Standing Bear buruzagiak argi utzi zuen gure hizkuntza, gure kultura, gure musika, osageekin zerikusia duen guztia errepresentatzea nahi genuela. Argi utzi zuen horren guztiaren partaide izan nahi genuela».

Orain filmak gertatutakoaren berri eta gertatutakoaren neurria ematen lagunduko duela espero dute. Lily Gladstone Oklahomatik urrun hazi zen: «10 urte nituen eta bosgarren mailan nengoen ikasi nuenean. Eta ez nuen horren berri izan eskola sistemaren barruan, etxean ikasita baizik. Montanako Blackfoot erreserban hazi nintzen, eta etxean lauzpabost gela genituen, 60 bat umerekin haurtzaindegitik zortzigarren mailara. Erreserbako eskola askotan legez, ez genuen baliabide askorik eta, beraz, bosgarren mailarako, amak, haur hezkuntzan graduatua izanik, curriculum bat egin zidan. Asko gustatzen zitzaidan antzerkia eta astean behin dantza klasera joaten nintzen, eta, balleta gustatzen zitzaidanez, Maria Tallbrengana bidaltzen ninduen; AEBetako lehen prima ballerina zen, eta Osage naziokoa. Orduan esan zidan nire aitak jendeak osage asko hil zituztela beren petrolio diruagatik, eta gogoan dut oso beldurtuta nengoela Mariagatik. Baina kontakizunaren inplikazio sakonagoak David Grannen liburua atera ondoren baino ez ziren nabarmendu, eta irakurri egin nuen, jakina».

INGURUKO HERRIAK

Redeaglek aitortzen du kontraesanak pizten dituela filmak, egun erabiltzen ez den hizkuntza bat bizi-bizirik ageri delako, benetan mintzatzen ez duten aktoreen bidez. Ez ote da itxurakeria, galdutako mintzaira baten errealitatea ezkutatzeko? Osage Nazioaren Hizkuntza Sailean ez datoz bat: hizkuntza ez dago galduta. Ez soilik aski ongi dokumentatuta dagoelako, baizik eta erabili egiten delako, oraindik berriz ahoz solasaldietan mintzatzeraino iritsi ez badira ere. «Baina hori ere iritsiko dela sinetsita gaude. Ikusi beharko zenituzke zer nolako grina dakarten gazteek». Duela urte batzuk, hizkuntzaren berezitasun fonetikoak biltzen zituen idazkera propioa garatu zuten -historikoki idatzi gabeko hizkuntza izan zen osageera-; ikasteko erraza da, karaktere latinoen antza duelako, baina hizkuntzaren ahoskeratik hurbilago dagoela diote arduradunek. «Erraz ikasten da, hizkuntza baino errazago, eta hizkuntzarako ere bide egokia da. Oraindik mintzatu gabe ere, gazte batzuk badabiltza trebatzen, tarteka erabiltzen; sare sozialetan, adibidez, erabilera polita dauka», dio Redeaglek.

Osage Herriak bere buruari wazhazhe edo wažaže deitzen dio. «Itxura batean, wazhazhe entzun eta gure lurraldeetan ibili ziren lehen europarrek, frantses larru-merkatariek, ouasage idatzi zuten, frantses ahoskerak -uasax- baduelako antzekotasunik gure izenarekin. Baina gero ingeles hiztunek dena nahasi zuten. Frantsesezko transkripzioa ingeles ahoskerara moldatu zuten, eta orain oseitx ahoskatzen dute gure jatorrizko wazhazhe hura», azaltzen du Redeaglek Osage Herriaren egungo izendapenaren eta grafiaren oinarria.

Osage Herriaren erreserba Oklahomako estatuaren iparraldean dago gaur egun, Kansasko mugan, baina jatorria ekialderago daukate, gaur egungo Missouriko estatuan dagoen Osage ibaiaren haranean. Handik mendebalderantz Kansas estatura joan behar izan zuten, eta azkenik egungo Oklahomako erreserbara.

Osage hizkuntza, berriz siuar familia handikoa da, hau da, lakota eta dakota hizkuntzen ahaidea. Hizkuntza familia handi horretan, dhegiha taldeko bost kideetako bat da Osage Herria eta hizkuntza. Itxuraz, herri eta hizkuntza bakarra izan ziren duela bost mende arte, eta oraindik kultur praktika ugari partekatzen dituzte. Hizkuntzak ere gertu daude, eta denak arrisku larrian. Osageerak hurbilen dituen hizkuntzak kansa (kaw), omaha-ponca eta quapaw dira; horiekin batera osatzen du dhegiha hizkuntza taldea siuar familian. Kansa hizkuntzak ez du hiztunik, quapaw-aren kasuan jatorrizko hiztun bakarra geratzen da, eta omaha-poncak dozena bat hiztun.

Besteek jatorrizko azken hiztunak oraindik bizirik dituzten arren, osage hizkuntza osasuntsuago ikusten du Braxton Redeaglek: «Bai, gainbehera joan ginen, behea jo genuen, baina hortik gorantz hasi ginen. Gure gertuko hizkuntza horiek badute oraindik hiztunen bat, baina komunitatea motelago dabil biziberritzeko egitasmoetan, hizkuntza lantzen, trebatzen, ikertzen eta hedatzen, eskoletan, kasu».

Duela ehun urte, AEBetako erreserba indigena batean klase aberastu bat garatu zen, ustekabean bere lurraldean aurkitutako ondasunei esker. Hainbeste aberastu ziren, «ingurutik joandako jende batzuek ere osage hizkuntza ikasi behar izan zuten; ohiko hizkuntza izan zen garai hartan».

Baina hura ez zen ezeren berme izan, bazterketa historikoak garaiko krimenekin bat egin baitzuen. Asimilazioaren eta hizkuntzaren galera izan zen XX. mendea. Aurrerantzean, XXI.a berpizkunde eta biziberritzearen garaia izan liteke. Film baten eskutik eta, batez ere, osage indigenen borondatetik etorriko da.