Jokin Urain
IRITZIA

Aldarriak

Arazoei erremedioa jarri beharrak eta nahiak asmo handietara eramaten du gizakia, asmo miragarrietaraino, gero, praktikan, horietatik asko helburu ezin gauzatuak direla frogatu arren denboraren joanak. Baina horrek ere egiten gaitu garen modukoak, behin eta berriz huts egin eta huts egin ari den izaki temosoak, alegia. Etsipenari amore ematen ez dion izakia behar lukeena, bide erdian dagoen harriarekin behin eta berriz estropezu egiten duen zokor-mazoa baizik ez dirudigu hainbatetan.

Bizi guztia ematen dugu ikasten, gure aurrekoen eta haien aurrekoen irakaspenak eta historiaren lezioak aztertzen, baina ez dirudi mendeetan pilatutako jakintza horrekin egunerokoan mundua konpontzeko gaitasunik dugunik. Ez, behintzat, gizadi osoarentzat onura erabakigarri eta transzendentalak diren gauzetan. Haietara hurbildu ahala urruntzen doazen helburuak hartzen ditugu aldarritzat; askatasunaren, ongizatearen, zorionaren bidean dena da helburu, dena dagoelako egiteko, gehiegi direlako helburu horiek soilik norberarentzat eta besteen bizkar lortzen direla pentsatzen dutenak.

Baina horrek ez gaitu etsipenaren leizera amiltzen, eta eroriaren euforiarekin jarraitzen dugu helburu handiei begira aldarrikapenak egiten. Ez du urteak egunik aldarrikapenik gabe. Badira milatik gora Nazioarteko eta Munduko Urte, Aste eta Egun, bakoitza bere aldarrikapenarekin, eta urtez urte besteren batzuk gehitzen zaizkio zerrendari. Hasi zaitez begira eta gustu guztientzat oparo topatuko duzu. Jenialak dira batzuk, asmo goitarrak besteak; aurkituko dituzu hunkigarriak, negargarriak, pozgarriak... Beharrezkoak izango dira denak, bi-hirutan labur daitezkeenak hamarretik zortzi, gehiegiak lausotu ditzakeelako garrantzitsuenak. Aldarrikatutako helburu bakoitza betetzen joatea baino errazagoa da, ematen duenez, aldarriak gehitzen jarraitzea.

Aldarrikapenen zerrenda luzea bada, ez da askoz laburragoa huts egindako helburuena. Gaurkoa Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da; Aldarrikapen Unibertsala sinatu zenetik 75 urte igaro dira eta, adinean aurrera joandako agurearen antzera, supazterrean egoteko sasoi hobean dago, atarira irten eta erronkan aritzeko baino.

Atzokoa Ustelkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zen, besteak beste, eta bihar Mendien Nazioarteko Eguna. Argentinan, hala ere, Tangoaren Egun Nazionala dute. Ikusiak ikusita, baten bat egongo ahal da dantzarako gogoz!