Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
«AZUKRE BELTZA» PROIEKTU ARTISTIKOA

Julian de Zulueta y Amondo: esklabo-saleroslea, gure Historiaren parte

Esklabotzaren euskal memoria ahula izanagatik ere, historia partekatua dugu esklabisten eta esklaboen ondorengoekin. Modu ezberdinean bizia: haiek tripetatik, guk ezjakintasunetik. Historia zitala da, baina kontatu beharrekoa. Hartara dator, astindu eta hausnarketarako gonbitarekin, Irati Antiaren “Azukre beltza” proiektua. Haria Julian de Zulueta y Amondo anuntzetarra da, Kubako esklabista sonatua; begirada bat proposatu eta irakurketa interesgarria ehundu du.

Erreportajea hasteko, Julian de Zuluetaren erretratua, Federico Madrazok 1875ean egina. www.azukrebeltza.eus
Erreportajea hasteko, Julian de Zuluetaren erretratua, Federico Madrazok 1875ean egina. www.azukrebeltza.eus

Irati Antiak (Gasteiz, 1994) hausnarketarako gonbita egin digu, gertutik bizi ez genuen baina nolabait gurea ere baden historia baten inguruan. Pentsaraztea du xede bere proposamenak; artistikoa da, eta informatiboa. Esperientzia inmersiboa lantzen duen instalazioa da, bideoekin, eskultura soinudunekin, eta gela ilun batean kokatuko diren objektu ezberdinekin. Eta panel informatiboak ere izango dira, ikerketan bildu dituen datuekin. Hori da, funtsean, Gasteizko Udalaren “Gazte Sortzaileak” bekaren bultzadaz eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Guneko egonaldiaz baliatuz, artista gasteiztarrak dakarkigun “Azukre beltza” arte proposamena.

Kutxaratxas folk taldearen “Zulueta” abestia entzutean hasi zuen abentura hau. Bazekien Zulueta kale-izena dela Gasteizen, izen bereko jauregiak badirela, abizen hori oso presente dagoela hirian. Eta arakatzen hasi, jakin-minaren harrak harrapatu, eta ia obsesioan erori zen, ikerketa lanean buru-belarri murgilduta. Julian de Zulueta y Amondo zuen grazia deskubritu zuen pertsonaiak. Izenburua ere izan zezakeen: «Ameriketako beltz-tratulari galanta», «Kubako pertsona-trafikatzaile nagusia», «Esklabo-salerosketaren negozio zitalarekin aberastutakoa».

Baina, horretaz gain, Kuban sekulako boterea izan zuela aurkitu zuen, politikan, ekonomian, sozialki, paper oso garrantzitsua jokatu zuela herrialdearen garapenean. Habanako alkatea izan zen, Espainiako Koroaren zerbitzari leial eta saritua, independentista kubatarren aurkako akuilua… Eta botere hori guztia, azkenean, ekosistema baten parte zen. Baina Antiak, hasieran, hori guzti hori eta beste kontu asko ez zekizkien. “Azukre beltza” proiektu artistikoak historia honekiko -gure historiarekiko- begirada bat proposatzen du.

Irati Antia artista gasteiztarra. Raul Bogajo | FOKU

ESKLABISMOAREN EUSKAL MEMORIA

Esklabismoa ikusgarritasun eskasa izan duen gaia da gurean, gai isildua. Euskal Herrian esklabizatutako afrikarren ondorengoak izan diren ekintzaileen mugimendu eta militantzien faltagatik agian, edo frankismoaren barrabaskerien memoria lehenetsi delako, auskalo. Baina esklabotzaren euskal memoria bat eraikitzea, edo memoria horren pizkunderako baldintzak lantzea, beharrezkoa da.

Azkenean, euskal esklabistekin eta beren esklaboekin historia partekatu bat daukagulako, modu guztiz ezberdinean bizitakoa. Esklaboen ondorengoek azaletik bizi dute, eta guk ia ezjakintasunetik. Beraiek ezin dute ahaztu, eta guk indarra egin behar dugu gogoratzeko.

Zulueta pertsonaiak berak pentsaraztera eramaten gaitu, gure posizioaz hausnartzera, interpelatuta sentitzen gara, ukitzen gaitu gertutik. Begirada dekolonial batetik gerturatu da Antia pertsonaiara, baina epaile izan gabe. Hausnarketa proposatu digu: Zuluetak Espainiaren alde egin zuen erabat, eta euskal gizartea ere horretan oinarrituta dago, handik etorritako botere eta aberastasunek gure ekonomiak eta aukerak indartu, edo kamustu, zituzten heinean.

Julian de Zulueta y Amondo 1814ko urtarrilaren 9an Añanako kuadrillako Erriberagoitiko Anuntzetan jaio zen, arabar nekazari familia xume batean. Aitak Domingo Zulueta zuen grazia, eta, amak, Manuela Estefania de Amondo Barañano. Kuba orduan Espainiako kolonia aberatsena zen, “Antilletako Harribitxia”. Afrikarren presentzia XVI. mendeko kolonizazioaren hasieratik dokumentatua dagoen arren, Haitiko esklaboen Iraultzak (1791-1804) eta munduko merkatutik dominikar azukrea desagertzeak ekonomia kubatarra “plantazioaren ekonomiara” bultzatu zuen. Testuinguru horretan biderkatu zen afrikar esklabizatuen deportazioa.

Datuek beren kabuz hitz egiten dute: 1801-1825. urte bitartean, 254.868 afrikar deportatu zituzten irlara; aurreko hogeita bost urteetan, 64.373. Garapen ekonomiko eta langileen beharra ikaragarriak ziren. Migrazio masibo eta askotarikoa gertatu zen. Gehienak Afrikako kostaldean bahitutako beltzekin egin zen merkataritza gizagabearen bitartez eraman zituzten, baina espainiar Estatuko jende asko ere bertaratu zen hango aberastasunez baliatzera.

Kubako azukre kanabera plantazio bat (1904ko artxiboko irudia). www.azukrebeltza.eus

ESKLABO-SALEROSKETA KLANDESTINOA

1832an joan zen Kubara Julian, bere osaba Tiburtzio de Zulueta merkatariari laguntzera. Bi kafe-sailen jabe zen Tiburtzio eta ilobak azkar erakutsi zuen negozioetarako trebetasuna, kontabilitate-liburuen ardura hartuta. 1841ean osaba hil eta haren ondasunak oinordetzan hartu zituen; baita azkar saldu ere. Hasieran, merkataritza izan zen Julian de Zuluetaren diru-iturri nagusia. 1842an Zulueta y Compañía merkataritza-sozietatea sortu eta handizkako salmentekin aritu zen batik bat, Bartzelona, Washington, Liverpool, Cadiz, Montevideo eta Buenos Aires hirietan besteak beste: fideo katalanak, frijol beltz mexikarrak, Santanderreko hirugiharra, Gaztelako irina, Mallorcako garbantzu eta xaboiak…

1846an erosi zuen lehen azukre-fabrika Matanzas probintziako Colon hirian. “Álava” deitu zuen, eta oso azkar modernizatu zuen, lurrun-makinak sartuz eta 700 pertsona esklabizaturentzat barrakoiak eraikiz. Bere azukre-fabrika azkar bilakatu zen beste guztien artean produktiboena, eta, horrek, azukre-fabrika berriak erosteko aukera eman zion.

Baina Julian de Zuluetaren jarduna ez zen azukregintzara mugatzen. Beltz-tratularitzan oso sartua zen Salvador Sama y Marti kataluniarrarekin zituen harremanak baliatuz esklabo-salerosketa klandestinoan sartu zen, abileziaz, bihozgabe, arrakastaz; eta aliantza hori ezkontza baten bitartez indartu zuen, Francisca Dolores Sama ilobarekin 1842an ezkondu ondoren.

1857an hil zen eta Zulueta bigarren emaztearen bila bueltatu zen Anuntzeta herrira. Bere ilobarekin ezkondu zen: Juliana Ruiz de Gamiz y Zuluetarekin. Bi seme-alaba izan zituzten, eta alabak bi urte zituelarik hil egin zen. Gero, hirugarren emaztea topatu zuen, bigarrenaren ahizpa; alegia, bere iloba eta koinatua: Maria Ruiz de Gamiz y Zulueta. Eta honekin sei seme-alaba izan zituen.

Haur esklaboak. Cubanet

AFRIKAR ETA TXINATAR KULI-EN TRAFIKOA

Slavevoyage datu basearen arabera, Zuluetaren itsasontziak beltz-salerosketan 23 espediziotan aritu ziren, 16.844 afrikarren deportazioan; 13.663 bakarrik iritsi ziren bizirik Kubara. 20 itsasontziren jabe zen, Expediciones por África konpainiaren akziodun nagusia, Habanako portuan itsasontzi gehien zituena. Merkatuaren balioari dagokionez, garai hartan pertsona esklabizatu batek Mozambiken 3-5 dolar balio zuen, Luandan 14-16 dolar, eta Kuban 75 dolarrean saltzen ziren. Ontzi bakoitzean 500 esklabo inguru, 100.000 dolarreko irabaziak bidaia bakoitzeko.

1820tik, Ingalaterrak eta Espainiak sinatutako tratatuaren arabera, esklaboen salerosketa legez kanpokoa zen. Pertsona beltzen trafikoa gero eta nekezagoa zen, eta Zulueta bezalako beltz-tratulariei zaila egiten zitzaien trafiko transatlantiko ilegal hura mantentzea. 1841ean Kubako biztanleen %58,5 beltzak ziren eta herrialdea «zuritzearen» ideiak indarra hartu zuen gizartean. Zulueta txinatar kuli-en salerosketan aitzindaria izan zen; kontratatuak izan arren, azukre-fabriketan afrikar esklabizatuen lan baldintza berberak zituzten haiek.

Esklabotza desagerrarazteko espainiar eta britainiarren arteko hitzarmena betetzen zela ziurtatzeko, ofizial britainiarrek Zulueta gertutik zaintzen zuten, bazekitelako inpunitate osoz jarduten zela. 1853an, Cochinos badian 1.200 afrikar esklabizaturen lurreratzea pertsonalki ikuskatzen zebilela, Crawford kontsul britainiarrak Cañedo Miranda kapitain jeneralaren aurrean salatu eta honek Zulueta atxilotu zuen. 40 egunez Habanako La Cabaña gotorlekuan preso izan ondoren, bere kontaktuak baliatuz azkar askatu zuten. Bi urte geroago, Gutierrez de la Concha Kubako kapitain jeneral berriak zigorgabetu egin zuen, esklabo-salerosketa klandestinoarekin malguagoa baitzen.

Fernando Poo irla (Ginea espainiarraren parte) izan zen Julian de Zulueta eta bere Londresko bazkideen operazio-basea. Espainiako Gobernuak Fernando Poo irlara «emantzipatuak» eramaten zituen nekazaritza eta herri-lanetarako. Uharteko gobernadorearen onespenarekin legeztatzen zuen Zuluetak tratua. Izan ere, Koroa espainiarraren eta esklabista boteretsuen interesen arteko batasun bat gauzatu zen salerosketa atlantikoa mantentzeko. Boteretsuontzat esklabo-salerosketa sekulako irabazien sinonimoa zen, eta, metropoliarentzat, Kubako lur-jabe handion leialtasuna bermatzeko bidea, are gehiago independentisten aurkako borroken testuinguruan. Honela iritsi zen Zulueta kapital multimilioidun baten jabe izatera, espainiar inperioko handiena, penintsulako lur-jabe handiena kontuan hartu gabe. Arabaren azalera bikoitza zuten lursailak zituen Kuban, irlaren %5.

Ihes egin zuen Gordon esklaboa, hiru hilabete lehenago jasotako uhal-kolpeek utzitako zauriak mediku bati erakusten, Baton Rouge-n (Louisiana). Esklabotzaren basakeriaren ikur bilakatu da argazkia. Ron Harvey

ESPAINIAR KOROAK AITORTU ETA SARITUA

Habanako Kasino Espainiarraren fundatzaile eta lehendakari izan zen Zulueta; azukre-fabriken oligarkia eta botere politiko kolonialaren tratuen erdian egon zen. Karrera politiko garrantzitsua garatu zuen: Habanako alkate 1864-1876 artean, matxinatu independentisten aurkako kontrainsurjentzian paper garrantzitsua jokatu zuen boluntarioen gorputzeko teniente koronela izan baitzen, “Chapelgorris” izenez ezagutzen ziren Tercios Vascongados-en bultzatzaileetako bat. Partido Español delakoarekin erakutsitako konpromisoak Koroaren errekonozimendua ekarri zion, eta honek 1875ean noble egin zuen: Arabako markesa eta Casablancako bizkonde. Bere alabetako bat Antonio Canovas del Castilloren gertuko politikaria zen Romero Robledorekin ezkondu ondoren, Arabatik diputatu hautatu zuten 1876an, eta 1878tik aurrera bizi osorako senatari izendatu zuten. Urte horretan bertan hil zen bere plantazioak bisitatzen zebilela, Colon hirian, zalditik erortzean izan zituen zaurien ondoren.

Bistan da kubatarrek ez dutela atsegin Zuluetaren figura, baina historia ez da sinpatia kontu bat. “Onak” eta “txarrak” dikotomian heziak izan gara, baina non kokatzen dira ñabardurak? Pertsona baten obraren ikerketan pentsamendua ezinbesteko osagaia da eta Zuluetarena, funtsean, ekonomikoki praktikoa izan zen; diru gosearen sukarrak finkatu zituen esklabotza eta politikaren inguruko bere jarrerak. Nolabait, bere ekintzek eta espektatibek XIX. mendeko burgesaren prototipora hurbiltzen gaituzte, kalibre bereko pertsonaietara: John Pierpont Morgan (bankari eta enpresaria), John Davison Rockefeller (petrolioa), Andrew Carnegie (altzairua), Julio Lobo (Kubako azukrearen erregea) eta enparauetara. Kapitalismoaren famatu heroikoen kastakoa izan zela esan daiteke.

Baina historia ez da pertsonaia positiboen eta bihotz oneko ekintzen batuketa bat. Eta bere historia kontatzea ez da pertsonaia zuritzea, ez. Debekatuta zegoenean esklabo-salerosketan jardun zen; baina esklaboen jabetza ez zegoen debekatua. Bai, pertsona trafikatzailea zen, kartzelan egon zen horregatik, integrismo espainiarraren alde apustu egin zuen, krimen eta zapalkuntzen konplize izan zen. Baina politikoki abila izan zen, itzaletan mugitzeko, eskrupulurik gabe, boterea handitzeko. Bazekien nola eragin, zein harreman landu; negozioetarako usaimen ikaragarria erakutsi zuen.

Bere historia kontatzea eta bere garaian kokatzea ez da errehabilitazio historikoa. Zulueta aztertzeko badago salaketa eta miresmenaren artean ertz asko dituen espazio bat. Berak ez zituen arauak sortu, ezta jokoa ere, baina zitalkeria horretan aritu zen, oso ondo moldatuz gainera. Denak zeuden joko horretan sartuta; erregea zegoen piramidearen gailurrean, berak sinatutako lege-betebeharrak hankartetik pasatuz. Zuluetak ez zuen esklabotza asmatu. XIX. mendeko beltz-tratulari galantena izatea egotzi zioten, eta izan zen! Britainiarren atxilotze zerrendan bera zen lehenengoa.

Txinatar kuli-ak Singapurretik Kubara iristen, 1900. urte inguruan ateratako argazkian. www.azukrebeltza.eus

GURE ZITAL KUTTUNA?

Zitala zela? Horixe bazela! «Gure» zital kuttunena? Inondik inora. Jabe oso zorrotza izatearen ospea zuen eta Alava fabrikako bere langileek gogor zigortzen zituzten esklaboak, beldurra zainetaraino sartuz, zimarroi (gatibutasunetik ihes egin eta libre bizi zirenak) bihurtzearen ametsa amesgaizto egiteraino. Zuluetaren esklabo gutxik lortu zuten zimarroi bihurtzea. Zigor latz horien adibide da 1885ean gertatu zen Ciriaco-ren kasua; azukre-findegian esklabizatutakoa zen, eta zimarroi bihurtzeko ihes egiten saiatu zen. Ciriacoren ihesaldia Zuluetaren langileek gerarazi zuten. Azukre-findegiaren kanpandorrean eskegi zuten, barrakoietako sarbidean, bertan hil eta usteldu zen arte.

Eta, nolabait, modernoa ere izan zen. Bere esklaboak txertatzen zituen Atlantikoa zeharkatzeko bidaia hasi baino lehen, ezohikoa zena. Katolikoa zenez, bataiatu ere egiten zituen, eta bere abizena ematen zien. Baina nola izan zen posible Aita Santu batek, Pio II.ak, afrikarren esklabotzan jardutea lau mende lehenago salatu ondoren, katoliko integrista arabarrak berdinean jarraitzea?

Zuluetaren ibilerak memoria askotan isilduak geratu dira, esklabotzaren horrorea edo, agian, aberastasun batzuen jatorria ezkutatzen saiatzeko-edo. Berarena bezalako euskal kapital handien jatorriaren historia marraztea ez da protagonistak seinalatzea. Memoria berregitea da, errekuperatzea, edo, hobe, historia ikertu eta zabaltzea memoria bilakatzen den arte. Iraganaren irakaskuntza justiziazko ekintza bat da. Gainera, antidoto egokia izan daiteke jarrera supremazista eta gehiegikerien aurrean. Historia politika delako, ez historialarien diskurtso hutsa.

Eneida Villegas Zulueta, «Tras las huellas de nuestros ancestros» proiektuaren gidaria. Zuluetaren esklaboen ondorengoa da eta Álava azukre-fabrikan (egun Central Mexico) museo bat dauka. www.azkukrebeltza.eus

ARRASTO SAKONA GASTEIZEN ETA KUBAN

Esan bezala, 1878an hil zen Julian de Zulueta. Urte gutxira, bere alargun Juana Maria Ruiz de Gamiz, senarraren gorpua, seme-alabak eta aberastasunak hartuta, Euskal Herrira bueltatu zen. Gasteizko hilerriko panteoi handiena Julian de Zuluetarena da. Bere ondorengoek, bereziki hirian oso maitatua izan zen eta bere hileta elizkizunera jendetza batu zuen Elvira Zulueta alabak, dirutza hori Gasteizen «partitu» zuen. Nonbait gaizki sentitzen zen bere eta bere aitaren bekatuengatik; kontzientzia arazoak zituen bere aberastasunaren jatorriagatik, diru zikina ei zen, gai tabua. Agian kontzientziak garbitzeko, edo agian ez, kontua da Zuluetaren arrastoa oso sakona dela Gasteizen. Jauregiak, eskolak, herri-lanak, Elizari dohaintza errukiorrak... baita Anuntzeta sorterrian ere.

Eta oso sakona da Kuban ere, bereziki Colon herrian. Bertako biztanleen %68 beltzak eta mestizoak dira, eta %25ek Zulueta abizena dute, eta %8k Zulueta Zulueta bi abizenak. Habanako Agramonte kalea (iraultzarekin aldatu zioten izena), bertakoentzat, oraindik ere Zulueta kalea da. Kuban badago Zulueta deituriko herri bat, bere plantazioak lotzeko trenbideak eraiki zituenean geltoki bati Zulueta deitu ziolako.

Kubara bueltatu da udan Irati Antia, Alava azukre-fabrika izandakora, esklaboen ondorengoak biltzen dituen “Tras las huellas de nuestros ancestros” proiektu kolektiboa ezagutzera. Museo bat daukate, memoria bizi-bizia, historia hau nola bizi eta kontatzen duten ikustea oso interesgarria izan da berarentzat. Proiektua martxan jarri zuen Eneida Villegas Zulueta ezagutzeko aukera izan zuen, Zuluetaren semeari titia ematen zion esklaboaren ondorengoa. Gertu-gertutik kontatu zizkion familiak pairatu zituen guztiak eta komunitate horretan memoria bizirik mantentzeko egiten duten lana, sekulakoa dena.

Abuztuaren 21ean bisitatu zuen, “Alavés Ausente” eguna ospatzen dutenean, hain zuzen. “Don Julian”-engatik egiten dute jai hori. Esklaboen ondorengoak elkartzen ditu, kanpoan bizi den jendea ere bueltatu egiten da egun horretarako. Aitzakia bat da elkartu eta zuhaitz baten inguruan Zuluetaren inguruko istorioak kontatzeko, abesteko eta negar egiteko.

Asko ikasi du Antiak Zuluetaren esklaboen ondorengoekin; historia eder eta latz askoak kontatu zizkioten: «Hemen zintzilikatu zuten bat», «uhalarekin han zigortu zuten bestea»… Baina beraiek esan zioten bezala: “Don Julian” negozioetan onena zen! Eskua nonbait sartzen bazuen, hor dirua hazten zen. Jabe zorrotza izan zen, torturatu egiten zuen, baina ona dirua egiten, politikan; kapitalismoaren ikuspuntutik bazekien, bai.

Eta horrek erakartzen du pertsonaiatik, Antiaren ustez. Epaitu gabe, txarra edo ona dikotomiaren zepoan erortzeke. Hamaika mila adar dituen pertsonaia da. Zitala bai, baina denetan zitalena? Ez daki. Eta “Azukre beltza” bere proiektuan ez du historia horrela bideratu nahi.

Irati Antiarentzat gorabeheratsua izan da sortze prozesu hau. Kuban izatea inflexio puntua izan zen; audioak grabatu zituen bertan, bidelagun asko izan ditu, eta denei eskertuta dago. Gasteizen izango da hilabete batez “Azukre beltza” ikusgai. Arabako beste herri batzuetara mugitzeko eskatu dio Foru Aldundiak. Antiari ilusio berezia egingo lioke Zulueta jauregian kokaturiko Arabako Arte Ederren Museoan erakutsi ahal izateak, baita Anuntzeta herrian ere.

Eta, bereziki, Kubara eramateak, Colon hirira, Álava azukre-fabrikara, Zuluetaren esklabo izandakoen ondorengoekin partekatzea. Zirkulua ixtea litzateke. Gu ere, nolabait, han izan ginelako; bere historia gure Historiaren parte delako.