Amagoia Mujika
IRITZIA

Gure Gabonak

Tia Rafaelaren txanpiak. Atari luzea aldez alde harrapatzen duen mahaia; hiru mahairekin luze bat egina. Kolore desberdineko mahai zapiak. Kolore eta tamaina desberdineko platerak eta basoak, hogeita hiru. Poto oso lodietan zainzuri finak. «Hemen jende asko gara». Amonaren oilo-zopa. Bi ipurdi txiki aulki bakarrean. Otarrainxkak jatea maite duen baina zuritzen ez dakien aitona. «Zu jarri hemen nire ondoan, esku txiki horiekin ti-ta zuritzen dituzu. Ikusi aitonak nolako atzaparrak». Amaren kroketak. Txokolatezko turroia eta azukre-almendrak. Bingoa, musa. Izeba erratzarekin dantzan. Patxaran usaina.

Pinu usaineko pinu handia. Goroldio bila mendian egindako bueltaxka. Zilarrezko paperarekin egindako erreka luzeak. Errege magoak zaldi gainean. Argiak. Olentzerok sukaldeko mahai gainean utzitako oinetako arrastoak. «Ama, talko-hautsen usaina daukate arrasto hauek». Bizikleta urdina. Orrazteko panpina burua. Aitari ekarritako lurrinaren usaina. Txokolatea eta bizkotxoa gosaritarako. E.T. pelikula, etxeko guztiak mantaren azpian jarrita. Soberakinekin afaltzea. Turroi puskak, egunetan, sukaldeko bazter batean.

Lagunekin kale buelta, baserritar jantziz. Abestiak, trikitixa, tragoak. Urtea baino, mundua akabatzera doalako egin beharreko parrandak. Barreak, dantza, konplizitatea, biharamuna sendatzeko amonaren oilo-zopa.

Urtero saiatzen naiz ariketa hau egiten, Gabonak hitza entzun eta burura zer etortzen zaidan gogoratzen. Esan nezakeen ez zaizkidala Gabonak gustatzen, baina ez da egia. Gustatzen zaizkit nire buruan eta gorputzean pilatzen diren Gabonak, memorian jasoak ditudanak.

Gutxiago gustatzen zaizkit iragarkietan saltzen dituztenak, argiek argiztatzen dituztenak. Mahai perfektuak, platerak eta basoak kolore neurtuekin, mahai-zapi diseinuzkoak, mahaira eseritako familia perfektu eta zoriontsuak, zoriontsuak infinitu. Arazorik ez duten eta dirua barra-barra gastatzeko dutenak, otarrainxkak labanarekin eta tenedorearekin zuritzen dituztenak, turroia neurrian jaten dutenak. Xanpaina kopan. Mahai horietan ez da eztabaidarik eta haserrerik izaten, ez da mozkor malenkoniatsurik gertatzen, inori ez zaio zopa mahaira erortzen, inork ez dio parekoari txibi bat jaurtitzen, astakeria bat esan duelako.

Urtero saiatzen naiz gure Gabonak memoriaren lehen lerrora ekartzen, beste gabon horiekin ez dudalako burua galdu nahi. Ea lortzen dudan.