ALAVES ETA AMOREBIETA, KOXKA BAT GORAGO

Alavesen eta Amorebietaren igoerak lehen saiakeran, ondo egindako lanaren erakusle

Amorebietako taldekideak igoera ospatzen.
Amorebietako taldekideak igoera ospatzen. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Maila galdu bezain laster, 2022ko denboraldi amaieran Alaves eta Amorebieta itzulera prestatzen hasi ziren bulegoetan. Isilean egindako lan eta plangintza horretan asmatu egin zuten, helburua betetzeko entrenatzaile eta jokalari egokiak hautatuz.

Alavesek Luis Garcia Plazaren aldeko apustua egin zuen. Mallorcarekin eta Levanterekin Lehen Mailara igotzea lortu ondoren, Gasteizen ere lan bikaina egin zuen. Bigarren Mailara jaitsitakoan, zenbait jokalarik taldea utzi zuten. Hala ere, Laguardia, Duarte edo Sivera atezainak jarraitzea erabaki zuten, eta kapitain lanak egin zituzten aldagelan une zailenetan. Ezin ahaztu ere harrobitik igotako jokalariak, Realetik iritsitako Guridi edo Xefer Alkainek emandako maila, ezta Asier Villalibrek egindako azken gola ere. Gernikako aurrelariak alaitasuna zabaldu zuen tronpetarekin ospakizunetan, eta penalti erabakigarria sartu zuen Levanteren kontrako kanporaketaren azken minutuan. Aurreko urtean maila galdu zuen zelai berean lortu zuen igotzea Alavesek.

Amorebietak, berriz, Lezaman ospatu zuen Bigarren Mailara itzultzea. Denboraldi bikaina burutu zuten Lehen Federazioan, eta zuzenean igo ziren. Txapelketako titulua irabaziz biribildu zuten sasoia. Balentria bat, 20.000 biztanle ez dituen herri batentzat. Asier Goiria kirol zuzendariak sekulako lana egin zuen berriro, plantilla osatzerakoan. Jokalarien gehiengoak alde egin eta talde berri bat eraberritu behar izan zuen. Oraingoan Euskal Herritik kanpoko jokalariak ere egon ziren -Sibo, Ryan Edwars, Iryarte edo Jorge Mier, esaterako-. Hasieran zailtasunak izan zituzten, baina, jardunaldiak igaro ahala, talde sendoa osatzea lortu zuen Haritz Mujika entrenatzaileak. Nabarmentzekoak izan ziren Xabi Etxeita atzelari zornotzarra etxera itzuli izana eta Eneko Jauregi aurrelariak egindako 15 golak.