Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Baserri usaina

Brillantinazkoak dira orain urte zaharrak. Kulero gorriak eta brillantinak. Gure garaian ez genuen tirantedun soinekorik jartzen abenduaren 31n. Batez ere, herrian antolatzen zen diskoteka aire librean izaten zelako eta sekulako hotza egiten zuelako normalean. Seguruen zainduko genuen zer jantzi, baina gaurko soineko ponpoxoetatik urruti samar, hala ere.

Ez dut gogoan zer janzten genuen urte zahar gauean, baina ondo gogoan dut nola anai-arreba nerabeak baserrira afaltzera nahiko trauskil jantzita joaten ginen. Eta gero, afaldu ondoren, etxera joan, arropa aldatu eta parrandara.

Zergatik, baldarrak ginelako eta afaltzen zikindu egiten ginelako? Gerta zitekeen, baina, batez ere, kalera, parrandara, «baserri usainik» ez eramateko egiten genuen. Ez zen ondo hartua baserri usaina. Lotsatzeko modukoa zela sentiarazten zuten kaletarrek. Gu hibrido bat ginen, baserriko sustraiak zituzten kaletarrak, baina ondo ikasia genuen «kaxero» izatea ez zela harro egoteko meritua.

Egia esan, ez da asko hitz egin horri buruz, baserritarrak jasan behar izan duen zapalkuntzaz. Gazteleraz gaizki hitz egiten zuenari, «kaxero», mespretxuz. Sudur handia eta belarri zabalak zituenari, «kaxero», burlaizez. Simaur usaina zuenari, «kaxero», nazkaz. Eta hori guztia beren herrian eta lagunartean, urrutira joan gabe.

Bada baserritar belaunaldi bat gazte garaian euskaraz hitz egiteari utzi ziona ez zuelako prestigiorik, ez zelako modernoa eta guay-a, eta baserri usaina zuelako.

Bada baserritar belaunaldi bat bere burua ezjakintzat duena, eskolara gutxi joan delako. Jakintza nekaezina daukate pilatuta, galtzen ari den jakinduria baliotsua, baina haiei ez iruditu, baserritarrak baino ez direlako.

Bada baserriko «traste» mordoa sutara bota duenik, ezertarako balio ez zutelakoan, herri baten, garai baten eta bizimodu baten arima jasotzen zuten objektuak ziren arren.

Horrekin akordatu naiz urteko azken egun honetan, baserriko usaina ezkutatu beharra sentitu dutenekin. Eta uste dut min hori ez dela aitortu eta ez dela erreparatu. Egia da minak kolore, tamaina eta forma askotarikoak dituela eta segur aski pertsona bakoitzak min propio bat dauka barruan gordeta. Denak sendatzea zaila izango da.

Baina baserritarra izatea oso harro egoteko modukoa da, eta esan egin nahi nuen urtea amaitu baino lehen. Urte berri on baserritarrei, baita gainontzekoei ere.