Aitor Maiza Apezetxea - Salto Training
KIROLA

Indar entrenamendua erresistentziako kiroletan

Urteetan, erresistentziako kiroletan errezelo handia izan zaio indar entrenamenduari. Besteak beste, gihar-masa areagotzen dela, pisutsuago sentitzen zarela edota moteltasun sentsazioa izaten dela uste izan da. Baina, zorionez, gero eta kirolari gehiago dira indar entrenamenduaren onurak frogatu eta euren errendimenduan gora egitea lortu dutenak.

Azken finean, korrika egitea, pedalei eragitea edo igeri egitea indar aplikazioak dira funtsean. Jarduera bakoitzak bere espezifikotasuna du, baina, intentsitatea edo kontrakzio mota aldatu daitekeen arren, oinarekin lurra jo eta gorputza aurrerantz desplazatzeko, indarra aplikatu behar da nahitaez. Korrikalari batek, esate baterako, lurra jotzen duen bakoitzean indar gehiago aplikatzeko gaitasuna irabaziz gero, abiadura submaximoetan pauso bakoitzak suposatuko dion esfortzua txikiagoa izango da. Hau da, abiadura berean joateko, pauso bakoitzean burutu behar duen gastua txikiagoa izango da bere gaitasun maximoarekiko.

Baina horretarako, erresistentziako kiroletako indar entrenamendua kulturismoaren edo hipertrofiaren ikuspuntutik guztiz aldendu behar da. Batetik, argi izan behar da erresistentziako kiroletan helburua ez dela giharrak handitzea, baizik eta kirolariaren indar aplikazioa areagotzea. Eta bestetik, indar entrenamenduak ez ditu gainerako entrenamenduak baldintzatu behar, utzi dezakeen nekearen ondorioz. Gero eta ikerketa gehiagok azpimarratzen dute (Drinkwater et al. 2007; Izquierdo et al. 2006; Izquierdo-Gabarren et al. 2010) indarra akatseraino entrenatzeak ez duela indar irabazirik sortzen nahitaez, eta, gainera, gehiegizko nekea sortzen duela.

Kontuan hartu beharreko beste aldagai bat exekuzio abiadura da. Errendimenduaren hobekuntza ziurtatzeko, ezinbestekoa da kargaren desplazamendua ahalik eta abiadura handienean egitea, honek potentzia handiagoa aplikatzea baitakar, entrenamenduaren efektua optimizatuz. Horrenbestez, ideia hauek eta indar entrenamenduak lesioen prebentzioan eta errekuperazioan dituzten abantailak kontuan izanik, ez dago erresistentziako kirolak eta indar entrenamendua ez konbinatzeko arrazoirik.