Jon Jimenez
LITERATURA

Keinua idatzi

Nola lurreratzen ahal da hegazkin bat harea mugikorrez osaturiko itsaso baten gainean? Nolatan jarrai dezakegu idazten, pentsatzen edota irakurtzen egia absolutu guziak eraitsi baditugu, Jainkoa erail badugu, ziurtasuna gure baitatik erauzi badugu? Elena Olave Duñabeitiak (Durango, 1997) kezka horretatik abiatuta aireratu du existentzialismoz blaitutako poesia-bilduma. Halaxe aitortzen digu amaiera aldera: «Maiz pentsatzen dut / zelan idatz daitekeen / egia duenaren ziurtasunaz, / zelan idatz daitekeen / dudak eta jakin-minak osatutako / gorputz urkorra izan gabe».

Galdera horien balizko erantzunen bila egiten du Olavek bidea eta, ogi apurren moduan, jarrai diezaiogun, Juana Bignozzi, Itxaro Borda, Louise Michel eta Circe Maia idazleen eragina aitortzen digu ibilbidean. Horiekin batera, Chantal Maillard-i hartu dio maileguz izenburua, “Keinura itzuli” (Susa), zeinean gorpuztasunaren inguruko gogoetak diren, idazketaren gainekoekin batera, nagusi. Bi ildo horiek bereizirik osatu zuen hasieran lana, baina egokiro erabaki zuten, idazle-editore artean beti sortzen den negoziazio-prozesu horretan, txirikordaturik joanen zirela, izkiriatzen dena eta iragaten dena ez baitzaigu banandurik ematen.

Artearen Historian lizentziaduna izanki, argazkiz, irudiz, osatzen saiatu da idazle durangarra bere sorkuntza-lana, baina irudiz bakarrik ez, gorputzaren potentzialtasun guzia probestuz, hagitzetan ere bertze zentzumenak jartzen ditu dantzan hitzen bidez. Vivaldik konposatutako melodia bizi eta malenkoniatsuen erritmora zirkinduko balira bezala, landare eta animalia ezberdin eta anitzez habitatutako urtaroen desfile batean agertzen digu natura. Eta, ingurune horretan, non iraganaren, orainaren eta geroaldiaren arteko mugak lausotzen diren, momentuak hartzen duelarik guzia, haragi puska honen nahi eta desirek komunikatzeko dugun ezintasunarekin talka egiten dute. «Hor galtzen da dena, / esateko zein egiteko ezintasunean». Plazer batzuk oinaze batzuekin nahasten dira eta agertzen da hutsaltasuna, ezinegona, saudadea nahi bada, gizon-emakume soila, zaurgarritasuna… eta oihalaren atzealdean gure izatearen tragedia bera, munduan jaurtia izan den eta hiltzera kondenatuta jaiotzen den gorputz horrena.

Hala, Pessoaren saudade moduko batez blaiturik eta ariketa artistiko-filosofiko narritagarria osatuz, gizakiaren pentsamenduaren dilemarik behinenak hegan egiten du liburu guziaren gainetik. Alegia, atariko galderetan sakonduz, nola idazten ahal dugu keinua? Nola “gorputza testuan galdu”? Nola kontatu dezake gorputz honek, esku honek, sentitzen duena, errealitatean gertatzen zaiona, pentsamendu eta hitzen artekaritzarik, hau da, traiziorik gabe?