Naia Azkuenaga Duran
ARKITEKTURA

Gune naturalak aktibatu, eskalen arteko jokoan

Espazio naturalak aktibatzea, lurralde antolamenduaren eta paisaiaren kudeaketaren bidez, posible eta gomendagarria da. Artikulu honen egileak Txileko Atacama eskualdeko hegoaldean egindako esperientzia azaltzen du.

Egun mundua pairatzen ari den krisi klimatikoaren ondorioen harira, espazio naturalen kontserbazioa behar eta helburu bihurtu dira lurralde zein udal mailan. Inguruan ditugun arnasguneei benetan duten garrantzia emateko saiakerek emaitza ezberdinak izan dituzte. Espazio hauek garbitzeari, atontzeari eta biziberritzeari ekin zaio orokorrean. Horrelako esku-hartze kasu ezberdinak aurki daitezke, eta, hauek izan ditzaketen aldaeren arabera, oso ezberdinak diren emaitzak lortu dira. Eremuaren kokapena, baldintza geografikoak eta babes maila, oro har, bertan gauzatu daitezkeen interbentzioek baldintzatzen ditu.

Egon badira gai honen ildoa jarraituz egindako proposamenen barruan aukera anitz. Gaurko kasuan, Txileko Atacama-ko eskualdearen hegoan egindako adibidea dugu. Urteetan bertako industria nagusiak jasandako beherakada eta eraldaketaren ondorioz, lurraldearen azpiegitura eta zerbitzuen mantenu falta agerian geratu zen. Gertakari hau dela-eta, 2000. urtean Txileko Gobernuak eskualdearen hobekuntza planari ekin zion. Eremu honetan industriaren kontrol eta eraldaketa suposatzen zuen lurralde mailako plana aurkeztu zuen. Horrela, urte askotan kanpoko herrietako mea industriaren menpe egondako alderdi naturalen kontrola berreskuratu eta eskualdearen turismoa sustatzeko apustua egitera eraman zuen gobernua.

Lan eremu oso aldakorra duen eskualdea da Atacama, desertu eta gatz lautadetatik pasatuta, Andeetako glaziarretatik Pazifikora hedatzen den eskualdea da. Kontuak horrela, ekintza plana eskala ezberdinetara moldatu zuten. Lurralde mailako planari esker, eremuaren gune natural ezberdinak lotu zituzten. Eskualdean turismoaren txertaketa orekatua bermatzeaz gain, bertako azpiegitura sarea berritzea eta indartzea lortu zen. Eskala ertain batean egindako lanak parke naturalen aktibazio eta kontserbazio planetan oinarritzen dira, eta hauen barruan eskala domestiko bateko esku hartzeak jorratzen aritu dira 2010etik aurrera.

Azken kasu honetan, diziplina ezberdinetako profesionalak bilduz, parke natural eta babes zonen barnean egindako eskala txikiko esku hartzeen inguruko gogoeta komunak egin ziren. Era honetan, aktuazio puntu ezberdinak finkatu eta hauek bete beharreko baldintza orokorrak ezarriz. Ondorioz, bertan eraikitako proiektuek inpaktu ahalik txikiena izan behar zutela aurreikusi zuten. Horretarako, gune hauetako interbentzioak gertuko materialak erabiliz, lur zorua ahalik gutxien kaltetu eta desmuntagarriak izan behar zutela finkatu zuten.

Atacama Eskualdeko erakargarrien artean, Pan de Azúcar Parke Nazionala nabarmentzen da, Ozeano Pazifikoaren ikuspegi ederrak dituen lekua, non kaktusak eta sastrakak elkarrekin bizi diren, fauna anitza duten arroken artean. Naia Azkuenaga Duran

Pan de Azucar-ko parke naturalaren barnean egindako proiektuaren kasuan, adibidez, hiru abiapuntu nagusi finkatu zituzten. Batetik, ibilbide sarearen atontzea eta indartzea; bestetik, ekipamendu sarea sortzea; eta azkenik, parkearen eremu esanguratsuenetan mugarri modura funtzionatuko zuten behatokiak sortzea. Betiere, plan orokorra ezarritako baldintzak jarraituz eta zona hau parke naturala izendatu baino arinagoko biztanleen bizitza eta lana, arrantzarekin lotutakoak gehienak, kaltetu gabe.

Ibilbideei dagokienez, gune ezberdinen analisia egin ostean, ibilbideak mugatu zituzten, inguruko fauna eta begetazioa babesteko asmoz. Jadanik erabiltzen ziren bideak atontzeaz gain, irisgarritasunari dagokionez, ekimen interesantea proposatu zuten. Autoen sarrera galarazi zuten parkearen gune askotan, ibilbideen hasiera puntu ezberdinetan aparkalekuak sortuz. Hala ere, bertako biztanleentzat zein irisgarritasun arazoak dituzten pertsonentzat bideak prestatu ziren parkeko leku interesgarrienetan. Honekin lotuta, gune puntualetan, eremuaren malda egokitzeko pasarelak eraiki ziren, argazkietan ikus daitekeen moduan.

Parke osoan zehar babes eta informazio puntuak kokatu zituzten. Hauek, ibilbidean aurkitu daitezkeen animalien eta landarediaren inguruko datuak emateaz gain, basamortuan zehar eguzkitik babesteko puntuak era badira. Horrez gain, bestelako zuzkidurak ere eraiki dira, besteak beste, zerbitzu guneak, kanpinak, behatokiak…

Pan de Azúcar bezalako proiektuen kasuan, non biztanleak dituen toki bat babestutako parke natural bihurtzera pasatzen den, esku hartzearen konplexutasuna azaleratzen da. Gune hau babesteak bertako biztanleen bizi baldintzei eragiten badie ere, egindako ekintzen ikuspuntu komunak onurak ere ekarri dizkio, hala nola parke barneko errepide nagusiaren konponketa, babesleku berrien sorrera edota biltzeko erabili daitezkeen zerbitzu guneak. Nolanahi dela, oraindik goiz da eraldaketa honen inpaktua epe luzean ezagutzeko.