Markel Urrate Antia - Salto training
KIROLA

Bidelaguna

Igaro dira 2024ko lehenengo asteak eta lehenengo balantzea egiteko unea da. Badirudi urte bat amaitzearekin batera norbere bizitza erabat aldatzeko unea ere badela, eta orduan urte hasierako helburuak zehazten hasten gara. Denbora aurrera doa eta dagoeneko norberaren nahi horien inguruko lehenengo porrotak iristen hasten dira. Ezarritako helburuen parean al gaude? Arrakastaren lehenengo pausoa norbere buruarekiko konfiantza eta segurtasuna lortzean datza. Kanpoko presioak alde batera utzi eta nork bere lasaitasun emozionala bilatu beharra dauka. Bide honetan, ohikoa izango da gehiegizko helburuak zehaztea eta horietara iristeko aukerarik ez izatea. Hortaz, urte hasiera honetako lehenengo pausoa helburu lorgarriak zehaztean datza (ez ‘Mont Blanc-era igo nahiko nuke’ inoiz Aizkorrira igo gabe).

Bigarrenik, prozesuko bidelagunak zehaztea tokatuko da. Ustez geure burua horretarako prest ikusi arren, ezarritako helburu asko interes zein motibazio faltagatik eta ezintasun fisiko zein mentalagatik baztertu ohi ditugu. Hori gerta ez dadin, ezinbestekoa da gure helburuekin bat datozen bidelagunak ondo aukeratzea. Ezagutzen al ditut nire ahuleziak? Aukera egokiak hartzen ari al naiz? Ustez zeure kabuz ondo egiten ari zaren arren, bidelagun baten eskuetan jartzeak ate berriak irekiko dizkizu nahi duzun hori eskuratzeko.

Prozesua bera da arrakastaren gakoa. Eta atxikimendurik gabe alferrikakoa da prozesua. Nola lor dezakegu prozesu osoan zehar interes eta motibazio maila ez jaistea? Programazioa izanda. Bai entrenamendu arloan, bai nutrizioan, bai arlo psikologikoan programazio egoki bat izatea da gure prozesuarekiko benetako atxikimendua lortzearen egiazko arrakasta. Arloko profesionala izango da gure ahuleziez ohartu, programa zehaztu eta estimuluak berritzeko arduraduna. Era horretan, prozesuan gorputzak behar dituen estimuluak berrituz pixkanaka aurrera eginez jarraituko dugula ikusiko dugu, bide batez prozesuan jarraitzeko grina eta motibazioa uztartuz.

Hortaz, norberaren helburuak lortzeko bidean bidelagun egokiak aukeratzea gomendatzen dut, horrela programarekiko atxikimendua lortzea errazagoa izango baita. Nola edo noren laguntzaz aurrera eraman norberak erabakiko du.