Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
David Soto
NEUROZIENTZIA KOGNITIBOAN DOKTOREA

«Badirudi posible dela ezagutzen eta pentsamenduen errepresentazioak oharkabeki manipulatzea»

Gotzon Aranburu FOKU
Gotzon Aranburu FOKU

Coruñako Fenen 1974an jaioa, psikologoa, neurozientzia kognitiboan doktore, BCBLko Kontzientziaren Taldeko burua da David Soto. Berriki “Journal of Neuroscience” aldizkari ospetsuan argitaratu duten ikerketa hipotesian parte hartu du: posible al da gure pentsamenduak oharkabeki manipulatzea neurofeedback-a erabiliz?

BCBLk hipotesia frogatu du azterlan baten bitartez. Bertako ikertzaileek adimen artifiziala, neurofeedback-a eta erresonantzia magnetikoa konbinatzen dituen metodologia erabilita era inkontzientean kontzeptuen irudikapen mentalak manipulatu daitezkeela ikusi dute, gu kontziente izan gabe, hezkuntza, terapia kognitiboa eta neuroerrehabilitazioa bezalako alorretan aurrerapausoak emateko oso lagungarria izan daitekeena.

Bere bulegoan hartu gaitu Sotok, adeitsu, segur aski pentsamenduaren manipulazio horrek sortzen digun beldurraz jabetuta. Galdera azkar batzuk egin dizkiogu bere ikerketen berri jakiteko.

Zuen esperimentuan, funtsean, burmuina engainatzen duzue. Zeren bila? Zein asmorekin? Gure ikerketak neurofeedback teknika erabiltzen du, teknika klasiko samarra, jendeak bere burmuinaren aktibitatea erregulatzeko erabilia, burmuinaren parte bat aktibatu dezaten laguntzeko, edo neurona talde partikularra. Guk neurofeedback-aren bertsio modernoago bat erabiltzen dugu, ez zaigu hainbeste interesatzen burmuinaren parte bat aktibatzea. Guk ikasketa automatikorako algoritmoak erabiltzen ditugu, sailkatzaile bat entrenatzen dugu esanahi bat duen burmuinaren patroi bat detektatzeko. Esperimentu honek gauza on bat du: patroi bat induzitu dezakezu burmuinean parte-hartzailea horren kontziente izan gabe. Burmuinak aktibitate espontaneoa du eta oso konplexua da milioika neuronak ematen duten erantzunari dagokionez. Parte-hartzaileekin diru-errefortzuaren bitartez aritu ginen eta burmuina oso sensiblea da, errefortzua sortzen duen horretara bueltatzeko berezko joera du, patroi hori berriz aktibatu eta errefortzu gehiago sortzeko. Hori da oinarria: errefortzuak nola induzitu dezakeen burmuina patroi horiek sortzera, horretaz kontziente izan gabe ere.

Beraz, patroia induzitu daiteke induzitu dizuten patroiaren kontziente izan gabe? Adibidez, teknika hauek erabil daitezke fobia mota batzuk dituzten pazienteekin, armiarmei, sugeei... posible izango litzateke ikasketa automatikoko sailkatzaile bat entrenatzea zure burmuinean estimulu fobiko hori noiz aktibatzen den detektatuko duena. Patroi bat induzitu dezakezu, dirua irabaziz, induzitzen den patroiaz kontziente izan gabe. Beraz, hasieran fobikoa zen estimulu hori positiboa den zerbaitekin lotzera pasatzen da, eta larritasunezko erantzun hori galdu daiteke. Gure ikerketan teknika hau erabili dugu errepresentazio semantikoak manipulatzerik bagenuen ikusteko, munduaren inguruan dauzkagun oinarrizko pentsamenduekin, kategoria sinpleenetan, objektu soilenetan: txakurrak eta guraizeak erabiltzen genituen.

Eta pentsamendua modu inkontzientean manipulatzea posible den ondoriora iritsi zineten? Beldur pixka bat ematen du horrek, ezta? Teknika honekin burmuinaren patroietan aldaketak ematen dira eta parte-hartzaileak ez dira kontziente egiten ari zaien interbentzioaren inguruan, eskanerraren barruan dirua irabazten ari direla uste dutelako. Estimulu kategoria sinpleekin aritu gara, txakurrak eta guraizeak, baina ikerketan zehar ikusi dugu posible dela ariketa bera beste kategoria batzuetan erabiltzea, emozioetan, sinesmenetan. Baina oraindik ez gaude hor, hortik oso urruti gaude. Beraz, erantzun zehatza litzateke: printzipioz, badirudi posible dela gure ezagutza eta pentsamenduen errepresentazioak manipulatzea modu inkontziente batean. Baina hau hasiera besterik ez da. Egun ez dago teknika bat esateko: begira, erresonantzian sartuko zaitugu eta zure pentsamoldea aldatuko dizugu.