Amagoia Mujika
IRITZIA

Alegrantzia

Gose musika taldeak eta Joseba Sarrionandiak “Alegrantziaren aldeko konjura” egin zuten “Gosariak” (2014) izeneko lanean. «Ez diamante, ez perla, ez urre gorririk; alegrantzia baino ez dago hoberik». Eta horixe gogorarazi ziguten, alegrantzia dela munduan dagoen gauzarik onena.

Hemerotekan sartu-atera bat egin besterik ez dago gure herriak zenbat sufritu duen konturatzeko, bihotza zenbatetan seko geratu zaion ikusteko. Hildakoak, zaurituak, urrunduak, torturatuak, isilaraziak, makurtuak, zapalduak, zigortuak. Kolore askotako minak pilatu ditu azalean Euskal Herriak. Eta, hala ere, ospatzen dakien herri bat da, albiste onak maite dituena, irribarre egiten dakiena. Kantatzen eta dantzatzen duen herri bat.

Alegrantzia horrek pentsamolde desberdineko herritarrak bildu ditzake kalejira batean, eskutik helduta korro berean. Seme-alaben ikastolako festan izan daiteke, futbol talde baten garaipen baten bueltan, herriko jaietan, maite duten musika taldearen kontzertu jendetsuan, bertsolari saio batean, mendi tontor eder batean, ardotxo bat hartzen eguzkitan terraza batean.

Alegrantziaren lurrak partekatzen dituzten herritarrez egina dago Euskal Herria. Penak eta pozak partekatzen dituzten herritarrez.

Hauteskundeak izango dira gaur. Herritarrek hitz egingo dute. Aspaldiko urtetan iruditu izan zait elkarrekin bizitzen ikasi dugula patxada arduratsuz. Garai ez oso urrun batean herrian bertan bata bestearen etsai izateko arrazoiak topatzea ez zen zaila izaten. Garai gogorretan azala eta bihotza gogortzen dira, nahitaez. Baina irudipena daukat elkarrekiko igurtziak gauzak baretu dituela. Desberdin pentsatzen dutenek elkarren ondoan bizitzen ikasi ote duten... ez dute berdin pentsatuko, ez dira agian sekula lagunak izango, baina badakite elkarren ondoan bizitzen eta egokitzen denean alegrantziak partekatzen.

Hauteskunde kanpainan gehien gustatu zaidana baten batzuek hori irakurtzen jakin dutela da. «Goazen denontzako herria egitera» mezua sumatu da, ongizatearen lur komunak ereiteko proposamena jarri da mahai gainean. Politikan konfrontazioa dago boladan, bestearena birrintzea, zirto on batekin parekoa ahultzea. Pozgarria izan da entzuten dakien eta arreta elkarguneetan jartzen duen hautagaia deskubritzea, bere betaurrekoetatik ikustea gure herria izan daitekeena.

Emaitzak emaitza, gaur ere mereziko du alegrantziak bere aldeko konjura.