Hauteskundeez
S. apurgarria,
Irudikatzen duzuna gertatzen da ala gertatzen dena irudikatzen duzu? Esnatu zarelako jaiki behar zenuke gaur, gosaltzeko egunkaria irentsi, Marie Darrieusecq-en “Fabriquer une femme” -ekin elikatu, eguneroko arazoei izkin egiteko korrika atera, inorengandik gehiegi ez espero, zuregandik ere ez, bihar astelehena dela ahaztu, zure arnasaren konpasa bezatu, pausoa luzatzeko beldurrik ez izan, nahi zenuena lortu ez duzulako errudun ez sentitu, zure porrotak kausa sozialtzat ez hartu, zure porrotetan kausa sozialak daudela ohartu, zauriak eguzkitan lehortzen direla sinetsi, berriz hasteko eskubidea aldarrikatu, zure apatia haurren jakin-minarekin sendatu, egun handienak egun arrunten gisan hasten direla oroitu, begiak itxi eta egun zure bizitzaren makulu direnak noizbait arrotzak zitzaizkizula gogoratu… Une historikoekin ala ahanzteko modukoekin akordatzen zara maizago?
Hauteskundeei buruz idatzi behar zenuke, zure ardatzetik at jokatzen direla ohartarazi, zurean bihar itxuraz denak berdin jarraituko duela azpimarratu baina, hala ere, desirak eta beldurrak kolokan dauzkazula esan, ez zaudela politikaz eguraldiaz bezala jarduteko prest eta, ezinbestez, ia denek boterea ikusten duten lekuan ardura atzematen duenaren alde egin nahi zenukeela. Hautagaiek Luhuso mapan kokatzen ote dakiten galde egin zenezake, ba ote duten June Cresporen berri, konturatuta al dauden nola mudatzen den eguraldia Belateko tunelean edo, besterik gabe, hurrengo igandean Baigorriko Nafarroaren Egunera hurbiltzeko asmorik duten. Aipa zenezake amaitu dela agintari politikoak zu baino askoz zaharragoak ziren sasoia, zure belaunaldiaren txanda dela orain baina, aldi berean, ez dakizula belaunaldirik duzun. Zerk ardazten du zure belaunaldia? Zergatik gogoratuko du historiak? Aurrekoak baino berdinzaleagoa izan zelako? Furgoneten eta autokarabanen salmentan inplikazio handia izan zuelako? Oharkabean oposizioan egotetik opositore izatera igaro zelako? Irudikatu duzuna gertatu da ala gertatu dena irudikatu duzu?
Hauteskundeei buruz idatzi behar zenuke, baina batez ere zure independentzia proklamatu, zure autogobernua zaindu, zure buruari oposizio eraikitzailea egin, aliantzak bilatu... Korrikaldi osteko endorfinek zure erabakiak hartzeko ez duzula gehiengo osorik behar diote, gutxiengoan egon arren ez zaudela bakarrik.