Jon Urzelai Garrido - Salto Training
KIROLA

Ariketa fisikoa, parkinsonaren tratamendu gisa

Parkinsona gaixotasun neurodegeneratiboa da eta 50 urtetik gorako biztanleen %2 ingururi eragiten dio. Alzheimerraren atzetik, bigarren gaixotasun neurodegeneratiboa da. Parkinsonak, denborak aurrera egin ahala, mendekotasuna, eguneroko jarduerak egiteko ezintasuna eta bizi-kalitatea murriztea dakartza. Gaitz hau pairatzen duten pertsonen mugimendu-urritasuna bradizinesian (mugimenduaren moteltzean), zurruntasunean, dardaran eta posturaren ezegonkortasunean nabaritzen da, gaitasun funtzionalaren murrizketa bizkortzen delarik. Horren ondorioz, gaitza pairatzen dutenen jarduera fisikoa murriztu egiten da.

Gaur egun sendabiderik ez duen gaixotasuna da eta tratamendu farmakologiko eta kirurgikoak ditu. Medikamentuek gaitz honekin zerikusia duten sintoma motorrak kontrolatzen lagun dezakete, hala nola oinez ibiltzean sortzen diren arazoak. Botika horiek dopamina-maila handitzen dute, pertsona hauek dopamina kontzentrazio txikiak baitituzte garunean. Hala ere, gaixotasuna aurrera doan ahala, sendagaien eragina txikitu egin daiteke.

Bestetik, bada beste tratamendu bat ere: garunaren estimulazio sakona. Estimulazio honekin, elektrodo batzuk ezartzen dira garunaren eremu jakin batean, pazientearen bularrean dagoen sorgailu bati konektatuta, eta honek sintoma motorrak arintzen ditu, nahiz eta gaixotasunaren eboluzioa ez ekidin.

Ariketa fisikoari dagokionez, pertsonaren gaitasun fisikoa, osasuna eta ongizatea hobetu eta mantentzen dituena jarduera bera da. Honen barnean, indar lanak berebiziko garrantzia hartzen du. Muskulu-masa ezinbestekoa da gaitasun funtzionala hobetzeko eta mantentzeko. Muskulu-masa galtzea posturaren ezegonkortasunarekin eta martxaren defizitarekin lotuta dago. Horrenbestez, indar lanketak berak pertsona sendotzen du, eta, hortaz, gizakiaren autonomia eta mugimendua errazten du.

Argi dago, ariketa fisikoaren onurak nabarmenak direla gaitz hau pairatzen duten pertsonentzat. Indar lana ezinbestekoa da eta, entrenamendu aerobikoarekin konbinatuta, sendabiderik onena bihurtzen da, zalantzarik gabe.