Ura Iturralde
ARGAZKI ERREPORTAJEA

Ceutako zamaketarien ibilbideari jarraituz

(Ura Iturralde)

Ceuta eta Fnideq (Maroko) hiriak banatzen dituen muga askotarikoa 20.000 pertsona inguruk zeharkatzen dute egunero. Askotan beraien bizia ere arriskuan jartzen dute norberaren pisua gainditzen duen zama eramateagatik. Estatu espainoleko lurraldean dagoen Tarajal izeneko industrialdea, «fardelen errepublika» esaten diotena, errealitate gogor honen agertoki nagusia da. Biutz da, ordea, poligonoan dagoen pasabiderik handiena. Milaka dira bertan dagoen tornua zeharkatzen duten zamaketariak. Beste aldean, aduana marokoarra; bertan erabakitzen da zein fardel den «egokia» muga igarotzeko.

Goizean goizetik zamaketarien ilarak sortzen dira. Fnideq-etik, hau da, Marokotik, muga gurutzatuz Estatu espainoleko lurretara ahalik eta azkarren iristea espero dute.

Polizia espainol bat Tarajaleko sarreran.

Zamaketari elbarriek abantailak dituzte muga zeharkatzeko; izan ere, sortzen diren giza ilara handiak saihesteko aukera izaten dute. Laguntzaileek komisio txiki bat jasoko dute lortzen den etekinaren arabera.

Muga osatzen duten pasabide guztiak alanbre-hesi mota desberdinez estaliak daude, etorkinek muga «legez kanpo» gurutzatzea saihesteko.

Emakume zamaketari bat Estatu espainolera sartu nahian «ez dagokion» ilaratik; lerro berezi bat izaten dute muga zeharkatzeko.

Merkantziaz kargatutako zamaketariek –gehientsuenak emakumeak– ahalegin handiz igotzen dute Biutzeko sarrerara doan malda. Kontrol zurrunak pasatu behar izaten dituzte mugak gainditzeko.

Tarajaleko hondartza, Ceuta hirian. Zamaketariek orduak igarotzen dituzte hor, mugako pasabidera irteteko txandaren zain. Batzuetan hainbeste luzatzen dira itxaronaldiak, ezen gaua hondartzan igaro behar izaten duten.