Amagoia Mujika
IRITZIA

Esan gabekoak

Esan gabe utzi ditudanak buruan bueltaka dabilzkit, ezin isildu. Eztabaida ez da gogorra izan, askotan ez bezala desadostasuna adieraztera animatu naiz -ausartu naiz- eta nire desadostasun hori milimetroki neurtu beharrak ito egin nau. Argudio onak eta dezente neuzkan, baina inor ez nuen mindu nahi eta ez ditut esan. Eta orain, orduak joan diren arren, esan gabeko arrazoiak eta egin gabeko galderak buruan bueltaka dauzkat -piztuta geratu zaizkidalako-, zein eskasa izan naizen gogorarazten bezala.

Konfiantzazko lurretan, espazio seguru sentitzen ditudanetan, solasaldiak, desadostasunak eta eztabaidak lasai bizi ditut. Hitz egitea maite duen jendez inguratu, mundua konpondu eta birrindu, mundutarrak miretsi eta astindu, haserretu eta adiskidetu. Gozamena. Baina konturatuta nago, bestelako testuingurutan, urrunxeagoetan, ez ditudala eztabaidak lasaitasunetik bizi. Desadostasuna ulertzeko moduan egongo da koska.

Baditut eguna eztabaidan ematen duten lagunak, gauza askotan ez daude ados, desberdin ikusten dituzte hau eta bestea, eta beren zaletasun maiteena da elkarren ondoan jarri eta eztabaidan aritzea. Batzuetan, ados dauden arren, sesioan aritzen dira eta kanpotik ohartarazi behar diegu ados daudela, gauza bera modu desberdinean esaten ari direla. Gutxitan da solas lasaia bi horien artekoa. Hasieran larritu egiten nintzen, betirako haserretuko ote ziren. Gero ulertu nuen erabateko konfiantzan aritzen direla eta betirako lagun izango direla, nahiz eta tarteka gogor haserretu. Gauza handia da hori.

Prebentzioa zer den ikasi dut duela gutxi. Prebentzioaren helburua balizko gatazkak edota indarkeria saihestea da, horiek ez gertatzeko lan egitea. Prebentzioaren abiapuntua, ordea, beste bat da; gatazkak etengabe presente daudela onartuta, horiei aurre egiteko tresnak garatzea. Beti prest egotea gatazkarako, desadostasunerako.

Aurkikuntza bat izan da. Gure etxeko emakumeei ikasi diet «bakeagatik» isiltzen eta iritziak kamusten. Bakeagatik, alegia, prebentzioz. Bakeak asko balio du, baina isilik geratzeak gerra latza sor dezake norbere ariman. Kanpotik bakea dirudiena barruan gerra gogorra izan daiteke. Filosofian esaten denez, «ukatzen duzunak makurrarazi egiten zaitu; onartzen duzunak eraldatu egiten zaitu». Eta pentsatu dut akaso badela garaia onartzeko erabateko bakerik ez dela existitzen eta gure bizitza den gerra txikien segida honetan beti isilik geratzea ez dela baketsua, batez ere isiltzen denarentzat.