Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Urteroko hitzordua, Logroñoko Concentrico

Artikulu honen egileak Concentrico bisitatu du, Logroñoko Arkitektura eta Diseinuaren Nazioarteko Jaialdia, urtero hiri inguruneari eta hiriari buruzko gogoeta egitea proposatzen duena. Espazio publikoan erabilera kolektibo berriak proposatzen ditu ibilbideak.

«Bozgorailua» deitzen dioten instalazioa.
«Bozgorailua» deitzen dioten instalazioa. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Duela bi aste Logroño eta hango arkitektura eta diseinuaren nazioarteko jaialdia, Concentrico, bisitatzeko aukera izan nuen. Kaleak kolorez, doinuz eta mugimenduz janzten zituzten instalazioak ikustearekin batera, hirigune historikoa zein inguruneak ezagutu nituen, lekuaren zapore atsegin batekin geratuz. Makina bat aldiz izan dut festibalaren berri. Diseinuaren alorra gustatzen zaidanez, ekimenaren jarraitzailea naizela aitortu dezaket, urtero arreta jarri izan baitiet hango proposamenei.

Aurten 21 interbentzio artistiko bertatik bertara begiratzeko, ukitzeko eta probatzeko aukera egon da. Edizioa berezia izan da, antolatzen duten 10. aldia izan baita, horrek lehen urteetan suposa dezakeen ahaleginarekin. Logroñoko hiriak gustura jasotzen du urteroko hitzordua, eta ongi irabazia du biztanleek agertzen dioten esker ona kalera ateraz, interbentzio iragankorrak ezagutzeko asmoz. Asko ziren eskuan mapa hartuta zebiltzanak batetik bestera, esku hartzerik galdu nahi gabe; sekulakoa iruditu zitzaizkidan hiritarren erantzuna eta interesa. Ikustekoa zen, baita ere, etxeko txikienek nola bereganatu zituzten instalazioak, jolaserako imajinazioa dantzan jarriz. Asteburu hartan ez zegoen inolako jolastoki hoberik diseinu bereziko pieza haiek baino, eta horrek ematen du zer pentsatua parke konbentzionalen inguruan.

«The Wall» instalazioa, haurrek bereganatua. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Nik ere ume haiek bezainbeste gozatu nuen, batez ere egunpasa hartan lagundu zidanari arkitektura desberdin haiek erakusten. Instalazio ia denak bisitatu genituen, eta Logroño gutxi ezagutzeagatik instalazio batzuetara bizpahiru aldiz iritsi ginen, jendetza gutxiagoko tarteetan zenbait interbentzio probatzera hurbilduz. Beste batzuk oharkabean pasatu zitzaizkigun lehen igarotzean, haien integrazio sotilagatik beti hor egon izana baitzirudien, esaterako, Poplar Assembly espazioaren kasua, Javier Garcíak diseinaturikoa. Proiektuak perimetro bat -landare-horma iragazkor bat- sortu nahi du barnean -oasian- jendea biltzeko. Trazadura kurbatuaren bitartez, lehendik dauden elementuetara moldatzen da, batzuetan horiek saihestuz eta besteetan haiekin harremanduz, bestelako eremuak sortzeko. Espazioak erantzun baikorra izan du, bertan eserita egon ginen denbora tartean ez zen besterik entzuten: «Nahiago nuke horrela utziko balute!». Esan beharra dago, ez dutela bere horretan utziko, baina bai Logroñon birlandatuko direla instalazioan erabili diren zuhaitzak, hiria berdatzen laguntzearren.

Aurten ere beste urte batzuetako esku hartzeak ikusteko aukera egon da, bertakoak egin direnak, aurrez aipatu dudanarekin gertatuko den legez. Scenius 26003 (Daryan Knoblauch) -oihalezko karparen proiektua- dagoen plaza berean, aurreko urteko edizioaren oinordetza aurkitu dezakegu. Gorantz begiratuz gero, zuhaitzetan ikusi daitezke beste espezie batzuentzat diseinaturiko instalazioak, zehazki txorientzat eginikoak, Hollmen Reuter Sandman arkitektura bulegoak. Proposamenak bioaniztasuna indartzea du helburu, eta hori eten ez dadin bertan jarraitzen dute zurezko zirkunferentziek.

Dancing Carwash», kaleari kolorea eta mugimendua emanez. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Haurrek gustukoen zituztenetako bi parez pare zeuden, Revellín plazan eta haren inguruneetan. “Dancing Carwash (Agence Spatiale)” instalazioaren kolore gorriak erakarrita, jendetza zegoen, mugimenduarekin eta oihalen ehundura desberdinekin jolasean. Alboan zegoen, metro gutxira, “The Wall” MUOTOren eta Georgi Stanisheven arteko elkarlana, aldi baterako horma bat nola eraiki daitekeen erausten duena. Horren eraikuntza zementu fabriketako hormigoizko blokeen ohiko biltegiratzean oinarritzen da, desegitearen aukera azpimarratuz. Egitura arintzeko, hormaren alde bat hutsa da, eta zurezko gurutze egiturak ordezkatzen ditu blokeak. Interbentzioak sabairik gabeko logela bat materializatu nahi izan du, era berean, erromesentzat itzalgunea zein artistentzat eszenatokia sortzeko. Hormako materialak gordin samarrak izanagatik ere, haurrek topatu diote jostatzeko modua.

Logroño, berriz ere, arkitektura eta diseinuaren erakusleiho bilakatu da, adin tarte guztiak asebete dituen proposamenez josiz hango kaleak. Aurtengo bizipenaren ostean, posible da jaialdi hau urteroko hitzordua bihurtzeko, eta orain, lekua gertutik ezagututa, nork daki, agian edizio berriko lehiaketan parte hartzera eta guzti animatuko gara!