Markel Urrate Antia - Salto Training
KIROLA

Giharraren kontrakzio motak

(Getty)

Gorputz atalen bat mugiaraztea gauza sinplea dirudien arren, ekintza hau burutzeko kontrakzio muskular bat gertatu beharra dago. Horretarako, nerbio sistemak bidalitako agindu bati esker, giharra osatzen duten zuntzek uzkurtu, luzatu edo tamaina berean mantentzeko gaitasuna dute. Tamaina aldaketa honen poderioz emandako aldaketek sortuko dute giharren kontrakzio moten sailkapena. Kontrakzio mota hauek hirutan banatzen dira: kontzentrikoa, eszentrikoa eta isometrikoa (azken honetan barne sailkapen bat ere badago).

Kontrakzio kontzentrikoa: Giharraren jatorriaren eta lotunearen bi puntuak elkar gerturatzean sortzen den mugimendua da, hau da, giharraren tamaina uzkurtzea edo txikitzea. Adibide ohikoena izan liteke ukalondoaren flexioa eginik bizeps giharraren uzkurtzea. Esan daiteke kontrakzio mota hau entrenamenduaren munduko mugimendu erabiliena dela.

Kontrakzio eszentrikoa: Mugimendu kontzentrikoaren aurkako mugimendua da. Giharraren jatorriaren eta lotunearen bi puntuak elkarren artetik urruntzean ematen da, hau da, kontrakzioa izanik giharraren tamaina luzatzean. “Jaitsiera” edo “itzulera” fasea bezala ere ezaguna da. Adibide moduan, kokorikatze baten makurtze fasean koadrizeps giharrek jasan beharreko kontrakzioa da. Kontrakzio mota honetan, kontzentrikoan baino karga gehiago jasateko gai da gorputza; hortaz, gihar masa irabazteko unean estrategia interesgarria izan liteke. Bestetik, lesioen berregokitze programetan funtsezko kontrakziotzat jo dezakegu.

Kontrakzio isometrikoa: Giharraren kontrakzioa egonik, jatorriaren eta lotunearen arteko distantzia bere horretan mantentzean gertatzen den kontrakzioa da. Kontrakzio honetan giharraren zuntzak ez dira ez uzkurtzen ez luzatzen. Esaterako, lurrean “plantxa” ariketa moduan 30 segundoz mantentzean, gorputzeko gihar ezberdinen mugimendurik gabeko kontrakzioa igartzen da. Kontrakzio mota hauek programa hasieretan, postura heziketa moduan eta berregokitze programetan oso erabilgarriak izaten dira.

Beharraren arabera, ariketa bat edo bestea eta kontrakzio mota bat edo bestea aukeratzea da entrenamenduaren magia.