Garazi Aranguren
ARKITEKTURA

Marrazkitik eraikuntzara

Arkitektoek beren proiektuak jasotzeko eta bezeroei azaltzeko erabiltzen dituzten tresna grafikoetan arreta jarri du egileak. UR arkitekturaren lan ona eta diseinuen sinpletasuna nabarmendu ditu, betiere etxe horietan bizitzera joango diren pertsonen beharretan pentsatuz.

Irudia NUA arquitectures Tarragonako bulegorenak dira, Salouko eraikin abandonatu batean eraikitako 27 apartamenturen proiektukoak.
Irudia NUA arquitectures Tarragonako bulegorenak dira, Salouko eraikin abandonatu batean eraikitako 27 apartamenturen proiektukoak. (Marrazkiak: NUAarquitecturesArgazkia: Jose Hevia)

Zirriborroak, eskemak, collageak, koadroak, planoak, axonometriak, irudi muntaketak, ilustrazioak, renderrak… asko dira arkitektoek ibiltzen ditugun tresna grafikoak, gure proiektuak bezeroen aurrean azaltzeko. Agian azaldu beharra dago adierazpen grafikoa ez dela irudi politak egitea, informazioa eta intentzioa transmititzeko gaitasuna baizik. Norberak bere estiloa du horretarako, eta ona edo txarra izatea praktika askoren eta ideiak ordenatzeko eta plasmatzeko gai izatearen emaitza da.

Hau kontuan izanda, kontraesankorra dirudi Instagram, Pinterest eta antzeko plataformen arrakastaren aroan, denbora gero eta gutxiago eskaintzea gaitasun hau hobetzeari.

Digitalizazioak eta aurrerapen teknologikoek badute beren eragina honetan guztian. Lanerako erabiltzen ditugun softwareak nabarmen hobetzen ari diren arren, gero eta espezifikoagoak bihurtzen ari dira. Azkenean, helburu bakoitza lortzeko tresna bakoitza erabiltzen ikasi behar dugu, honek eskatzen duen diru, denbora eta energia inbertsioa ekarriz atzetik.

Honi guztiari gehitzen badiogu enkarguen helburua produktu bukatua dela, badirudi gutxietsi egiten dela proiekzio fasean sortutako marrazkien balioa, errealitatearekin kontraesankorra dena. Izan ere, prozesu horretan emandako denbora da zehazki hausnarketa helduetara garamatzana eta azken emaitzaren kalitatea hobetzen duena.

Arazo honi lotuta dator, niretzat, irudi hiperrealistak ibiltzearen joera. Irudi hauetako bakoitza artelan bat kontsideratzen dudan arren, proiektuaren esentzia azaltzeko garaian motz gelditzen dira. Bezero batzuentzat edo proiektuaren etapa batzuetan oso erabilgarriak izan badaitezke ere, bereziki materialetan eta eraikuntzan zentratzen direnez, proiektua objektu bukatu bat balitz bezala aurkezten dute, gure lana produktu anonimo bihurtzen dutela.

Aitzitik, badira beste marrazki mota arkitektoniko batzuk, adierazpen artistikoagoak, enpatia eta berotasun sentsazioa sortzen dutenak bezeroarengan, beraien proiektua edonoren eskuetan ez dagoela erakusten dutenak, artista baten eskuetan dagoela baizik.

Nire hitzen alboan ikusten dituzuen irudiak NUA arquitectures Tarragonako bulegorenak dira, Salouko eraikin abandonatu batean eraikitako 27 apartamenturen proiektukoak.

Estudio gazte honen lanak goraipatzera sartu gabe (hori ongi irabaziak dituzten sari guztientzat utziko dut, “Europe 40 under 40”-eko izendapena besteak beste), hauek sortzen dituzten irudien eta haien pentsaeraren arteko lotura azpimarratu nahi dut gaurko artikuluan.

Talde honek bere lana deskribatzen duenean, diseinuen sinpletasuna eta arintasuna bilatzen duela dio, muturreko minimalismoa saihestuz. Naturala dena lehenesten dute eta espazioak diseinatzean okupatuko dituzten biztanleen beharretara egokitzen dira. Beren esku hartze bakoitzean izaera eta nortasuna gordetzen ahalegintzen dira, baina betiere proiektu bakoitzari bere ukitu bereizgarria eranstea bilatuz.

Filosofia hau beraien irudikapen grafikoan islatzen da. Bulegoan haien proiektuak axonometrian marrazteko ahalegina egiten dute, ez plano tekniko moduan ibiltzeko, baizik eta proiektuak ahalik argien azaltzeko, hasiera batean dirudiena baino gehiago esan nahi duena.

Perspektiba axonometrikoak hiru dimentsioak aldi berean ilustratzea ahalbidetzen du, marrazkietan sakonera eta espazialitate kontzeptuak barneratuz. Gisa honetan, oinplano edo ebaketa batek izan dezakeen gehiegizko abstrakzioa alde batera utzi eta espazioaren eskala eta sentsazioak transmititzea lortzen dute, irudi bakar batean hainbat azalpen laburbilduz.

Horri pertsonak, altzariak, begetazioa, testurak eta koloreak bezalako xehetasunak modu neurtu eta finean txertatzean, gustu handiz eta mimoz eginiko irudiak lortzen dituzte, proiektuaren esentzia transmititzeko gai direnak, eta haien diseinuekin bat datozen ideiak irudikatzen dituztenak.

Agian haien arrakastaren arrazoietako bat hauxe bera izan daiteke, eta agian honexegatik iristen dira marraztua dutena eraikitzera.