Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Espantu gutxiko amak

Ama izeneko eskultura sorta inauguratu zuen Jose Pablo Arriagak duela hilabete batzuk. Autoan noa, gidatzen eta Jose Pabloren azalpenak entzuten. Berotegiaren ideiarekin ari da, hori dela beretzat ama; babesa, aterpea, beroa ematen duen berotegi bat, hazten laguntzen duena... Egoera desberdinak irudikatzen saiatu dela bere piezekin; amaren orbainak, indarra, askatasuna... Halako batean galdetu dio irrati esatariak ea bere amak zer dioen semeak eskaini dion eskultura sortari buruz.

«‘Begira, ama, hauek zuri eskainitako eskulturak dira. Zer ikusten duzu?’, galdetu nion. Pentsa zenbat urtetan egon den nire eskulturei begira eta oraindik esaten du tontakeria bat direla. ‘Horiek tontakeriak dira’, esaten du. Hasten naiz kontatzen zer esan nahi dudan eta, berak, ‘zer berotegi eta zer demontre?’. Mundiala da ama, oso naturala. Polita izaten da horrela berba egiten dizun nonor izatea».

Zein gustura egin dudan barre. Maria Luisa Arrizabalaga, espantu gutxiko amen zerrendako beste bat.

Aitortu behar dut Maialen Lujanbiori lapurtu diodala esamoldea, espantu gutxiko emakumeena, alegia. Euskal Herriko hirugarren txapela jantzi zuenean, ama pozik egongo zela aipatu nion. Baietz, pozik zegoela, «baina gure ama espantu gutxiko emakumea da». Berehala ulertu nuen zer esan nahi zuen, gure ama ere horrelakoxea delako. Seme-alaben urratsak gertutik jarraitzen dituzte, erortzen direnean altxatzen laguntzen diete, baina goraka hasiz gero, hanketatik tira egiten diete lurrera, badaezpada, goregi ez joateko, bertan gozo ez geratzeko.

Espantuak adiera desberdinak ditu euskaraz. Miraria izan daiteke. Harridura, harrokeria eta keinu nabarmenegia ere izan daiteke. Eta izan daiteke ikara ere.

Espantu gutxiko amak harritzen dira seme-alaben balentriekin, harrotasuna sentitzen dute eta seguru noizbait baita ikara ere. Baina ez dira gehiegi haizatzen, ez dute keinu nabarmenik egiten, ez dute mirariaren pare ospatzen seme-alaben lorpen oro. Magal zabal bat eta lurrari lotutako bi oin sendo eskaintzen dituzte.

Amari azaltzen ari naiz hori dena, espantu gutxiko amena. «Gure ama ere horrelakoa zen», bota dit eta patatak zatitzen jarraitu du. Nik zuritu eta berak zatitu.

Barre egin dugu eta isilik geratu gara. Eta gogoratu naiz gure amona -espantu gutxiko emakumea- hil zenean, bere logelako mesanotxean topatu nuela nik idazten dudan zutabe honetako sorta dezenteko bat. Igual tontakeriak irudituko zitzaizkion, baina mesanotxean jasotzen zituen.