Zintzotasunetik
Gauzak egiteko modua izango da agian, edo ohitura, gobernu aldaketarekin sailburu bakoitzak bere aletxoa ipintzea, bere arrastoa marraztea, nolabait esatearren. Prentsaurrekoa, ekitaldi publiko zehatzen bat, adierazpen solemnea edo gisakoren bat izan ohi da gehienetan. Sail bakoitzak, edo gobernu osoak, aurrerantzean jarraituko duen norabidetzat hartu ohi da lehen agerpen hori, egitasmoen adierazpen gisa, eta zintzotasun keinutzat ere jo liteke beharbada.
Horrek ez du esan nahi kargua hartu berritako euforian adierazitakoa hitzez hitz beteko duenik kontseilariak; zintzotasuna ez da maila horretaraino iristen kasu gehienetan, eta zekenkeria ere ez, zorionez. Euforia momentuetako diskurtso arranditsuen literaltasuna malgutzen badakite denborak eta kontseilariek, eta horrek, hemerotekak hemeroteka eta memoria selektiboa gorabehera, asko laguntzen du zintzotasunaren arantzak leuntzen.
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen kontseilariak ere ez zuen beste edonor baino gutxiago izan nahi kargua hartu ondoren. «Justizia eta Giza Eskubideak —pentsatu zuen agian bere baitan—; zer besterik behar du gizakiak zoriontsu izateko!», eta hala dela iruditzen zait, horixe dela mundu honetako arazo guztiak konpontzeko giltza, ez dugula beste ezeren premiarik. Baina horretarako behar-beharrezkoa da geure artean ditugun gaitzak eta munstroak begiz jotzea eta sendabideak ipintzea, eta itxura denez aurrelanak behar bezala eginda iritsi da bere kargura Maria Jesus San Jose kontseilaria. «Mundu zoriontsu bat molda dezaket neure eskuz», egingo zuen bere artean, eta hasieratik gauzak argi eta garbi azaltzea onena.
Euforia momentuko lehen adierazpenetan eman nahi izan zigun bere azken aurkikuntzaren berri. Bere sailari dagozkion afera eta betebeharrei ahalik eta txukunen ekinez, akatsak aurkitu eta erronkei ganoraz heltzeko helburuz nonbait, interes eta jakin-min handiz arakatu behar izan ditu hemengo bazterrak, eta euskal sukaldeetan ezkutatuta bizi den gorrotoarekin egin du topo. «Euskal sukaldeetan ezkutatuta dagoen gorrotoa» gaitzetsi zuen literalki, haurrek eta helduek erraietan daramaten eta euskal sukaldeetan egosten den gorroto hori. Hortxe dago gakoa, nonbait, eta inor ez gara ohartu berak esan arte. Nola diren gauzak!
Euskal Herriko tortura guneetan hamarkadaz hamarkada egosi eta elikatu den maitasunari kontrajarriz bezala esaten ote zuen hartu nion traza.