NEKANE AZPIAZU LEJARDI
ARKITEKTURA

Funtziodun lorategiak

Hirietan sortzen diren lorategiei begiratu beharra dago arkitekturaren norabide berriak ulertzeko. Gaurko artikuluan, Zurichen gauzatu den proposamen bat da giltzarri nagusia. Neuland Architektur-Landschaft bulegoak garatu du hirien eta naturaren arteko muga lausotzen duen proiektu hori.

Belakien antzera ura xurgatuz egiten dute lan auzuneko lorategi sendoek.
Belakien antzera ura xurgatuz egiten dute lan auzuneko lorategi sendoek. (Argazkiak: Neuland ArchitekturLandschaft)

Begetazioak espazio publikoan daukan nagusitasuna ikusita, irudiak duela bi asteko artikuluko Danimarkako auzunekoekin nahas daitezke. Gaurkoan, ordea, Naturan Oinarrituriko Soluzioen hirugarrenean, Zuricheko In Gärten bizitegi-proiektua deskubrituko dugu lorategi-hirien zenbait ezaugarriren bertsio eguneratua ezagutzeko. Zehazki, eremu berdeen garapena ikusteko. Proiektuak kaleko ohiko lorategiekiko begirada desberdina eskaintzen du, horien egungo izaera kolokan jarriz.

Etxe artean tartekaturiko eremuak batik bat, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin ezarri izan ohi dira, horrela aisiguneak sortzeko, besteak beste. Alabaina, egungo krisialdi klimatikoa dela bide, lorategietako parterreen izaera aldatzea premiazkoa da, eta aldaketa txikiekin emaitza handiak lor daitezke mota honetako auzotegietan, eraikinak inguratzen dituzten eremu berdeak berezkoak baitituzte. Neuland ArchitekturLandschaft arkitektura bulegoak, etxebizitza proiektuaren egileak, Naturan Oinarrituriko Soluzioen aldeko apustua egin du eraikinen bitarteko espazioetan, euri-urak kudeatzeko eta bioaniztasuna sustatzeko esparruak diseinatuz. Horrela, airearen kalitatea hobetzeaz gain -hiriko bero-uharte efektua murrizteko-, babeslekua ematen zaio tokiko faunari. Naturarekin harmonian lan egitea da helburua, epe luzera ura modu erresiliente eta jasangarrian kudeatzeko.

Etxebizitza multzo berriaren diseinu proiektuak -dentsitate handiagokoak- auzotegiaren izaera mantentzea izan du helburu, lorategi-hiriaren izaera errespetatuz, baina aldi berean horren ezaugarriak egungo eskakizunetara moldatuz. Etxadia osatzen duten bolumen desberdinen arteko paisaia, hots, espazio publikoa, landa-itxurako egitura batean oinarritzen da, garaturiko geometriak batasuna emanez multzo berriari. Lau eraikinen artean hiru patio sortzen dira, eta hiruretara sarrera librea den arren, erdikoaren izaera publikoagoa da eta muturreko biena intimoagoa da. Sarbideak landarediaren azaleren geometriak mugatzen ditu tarte-espazio horiek bertako bizilagunen aisialdirako izan daitezen.

Begetazioa estrategikoki antolatu da behe solairuko apartamentuen intimitatea urratu gabe, landaredia marduleko geruzak pribatutasuna bermatzen baitu auzokideen egunerokotasunean. Horiek ahalik eta aniztasun handiena eskaintzen diote auzuneari urtaroz urtaro txandaka loratzen diren espezieak landatu baitira bizitasunaren mugimendua erakusteko, eta efektu bera sorrarazteko gainontzeko espezieengan, hots, intsektuengan eta enparauengan. Eremu berdeekin batera, landare urtarrez osaturiko atxikitze-putzuak daude estalkietatik datozen euri-urak lurpera igaro aurretik garbitzeko. Prozesu bera gertatzen da gainazal iragazgaitzetako urarekin substantzia kutsatzaileak ezabatzeko, bideen gaineko zoladuratik jasotzen den ura eremu berdeetara bideratuz. Naturan oinarrituriko sistemak aplikatzeak urarekin zerikusia daukaten ekologiak hobetzea eta babestea dakar, eta, era berean, guztiontzako ur-hornidura segurua bermatzen da uraren kudeaketarako sistema konbentzionalak naturan oinarritutakoekin indartzen direnean. Horretaz gain, berdeguneek auzoa uholdeetatik babesten dute.

Auzunea ‘green where possible, gray when needed’ bermatzen dutenetakoa da; gizakiarentzat beharrezko gutxienekoa zolatu da eta gainontzekoa besteentzako utzi; hau da, hirian aurki daitekeen faunarentzat eta landarediarentzat. Proposamenak natura urbanoa sortzen du, hiriaren eta sistema naturalen arteko muga lausotuz, eta estetika desberdinetako ekologia berriak mahaigaineratzen ditu, espazio publikoko edozein txatal berde natura izan daitekeelako.